Sortzaileak

Azkue Aberasturi, Resurreccion Maria

Lekeitio (Bizkaia), 1864-1951.

Eusebio Maria Dolores eta Maria del Carmen Aberasturiren semea. "Euskaldunen tradizio herrikoiaren testamendu handi" hau -horrelaxe izendatu zuen Antonio Tovar jaunak- gurasoei zor zaie lehenik eta behin, euskal hizkuntzarekiko zuten jarrera eta zaletasunagatik; izan ere, bere aita euskal poeta esanguratsua izan zen eta bere ama esapide eta esamoldeen artxibategi bizia zen.

Lekeition Nautika ikasketak egin zituen eta Bilbon batxilergoa egin zuen. Elizaren deia sentitu zuen eta Gasteizko Seminarioan Filosofia eta Teologia ikasi zuen. Bertan Domingo Aguirre izan zuen ikaskide, etorkizunean Kresala eta Garoa idatziko zituen idazlea.

Harreman estua izan zuten biek bizitza guztian zehar. Gasteiztik Salamancara jo zuen. Han, Eskritura Santua eta Zuzenbide Kanonikoa ikasi zituen. Beranduago Bruselan eta Koloniako Musika-eskolan musika ikasketak egin zituen.

1888an Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Institutuan euskarari buruzko katedra bat sortzea erabaki zuen eta katedra hori betetzeko lehiaketa edo oposizio moduakoak deitu zituen.

Azkue lehiaketara aurkeztu zen eta irabazi egin zuen, nahiz eta Arana Goiri eta Unamuno lehiakide izan (besteak beste). Katedra hori bete zuen egun horretatik 1936ko gerra zibili lehertu zen arte. Apaiza bazen ere sekula ez zuen artzain-kargurik izan.

Europan barna bidaiatu zuen sarri eta herrialde barruan ere ibili zen han-hemenka. Bere kasuan, ezinbestean bidaiatu behar zuen, baldin eta gauzatu zuen pilaketa lana burutu nahi bazuen.

1918an Oñatin Eusko Ikaskuntzen lehen Kongresua burutu zen. Urte horretan bertan Euskaltzaindia sortzea adostu zen eta euskaltzain sortzaile izateko izendatu zituzten lauen artean, Azkue izan zen bat. Sortu berria zen entitateak egindako lehenengo saioetako batean Azkue Lehendakari izendatu zuten. Heriotzak dei egin zion arte bete zuen kargua Azkuek.

1927an Madrilen kokatutako Real Academia Españolako kide oso izendatu zuten, euskal hizkuntzaren ordezkari gisa. Fisikoki sendoa eta gorpuzkera handikoa zen Azkue, lanerako gaitasun handia zuen eta umore bikaina. Hil arteraino egunero joaten zen lan egiten zuen Akademiako egoitzara (Erribera 6, Bilbo).

1951ko urriaren 14an istripu larria izan zuen, Arriaga Antzokiaren parean Nerbioi ibaira jausi zenean. Langile batek atera zuen uretatik, baina urte horretako azaroaren 9an hil zen.

Ez gara Azkuek utzitako lanen zerrenda osoa ematen hasiko, izan ere, bere ekoizpena oso zabala eta anitza izan da; eta gaur egun ere, ezagutzen ez diren eta berak idatzi dituen zenbait idatzi ere bada.

Ez da ukitu ez zuen arlorik: musika, erlijiozko literatura, antzerkia, eleberria, kazetaritza, didaktika-lanak, etab. Bera baino aurretik agertu ziren euskal idazleen lan ugari berari esker berrinprimatu ziren eta berari zor zaio bere aitaren poesia argitaratu izana ere. Horrenbestez, bere lan nagusiak aipatzera mugatuko gara, arrasto luzea utzi duten lan haiek, eta ez dago zalantzarik lau hauek direla esaterakoan: Diccionario, Cancionero, Morfología, Literatura Popular.

Amaieran bere lan batzuei eta literaturan dagokion lekuari buruzko aipamena egingo dugu. Baina bere lanen aipamena egin aurretik, ezinbestekoa da Azkueren izaera zientifikoa aipatzea, bere ezaugarriak ere adieraziz.

Azkuek ikasketak burutu zituenean, dialektologiak zientzia modura eta hizkuntzalaritzari buruzko ikasketek hauspotzea bizi zuten. Luis Luciano Bonaparte printzeak lan mardul eta azpimarragarria egina zuen euskalkien ikerketari, sailkapenari eta interpretazioari dagokionez. Printzeak egindako lanek euskal hizkuntzaren konplexutasuna eta aberastasuna agerian uztea ahalbidetu zuten. Azkuek berak aitortu zuenez, printzeak egindako lanen eraginez hizkuntzalaritzari buruzko ikerketara zaletu ez balitz, bertsoak egitera mugatuko zen, bere aita bezalaxe (Hiztegia, Hitzaurrea, XXXIII. or., bertan eredu modura hartu zituen atzerriko beste idazle batzuk aipatzen ditu).

Garai horretan, halaber, munduko kulturan herrikoiarekiko itzulera eta joera hautematen da. Gramatikalariek eta hizkuntzalariek ere herri-hizkeren formak bilatzen dituzte garai horietan eta lan klasikoen forma hil eta akademikoak lehenesten dituzte.

Kultur giro horretan Azkuek herrikoiaren zentzua eskuratu zuen, bere obran argi eta garbi antzematen den herriaren ahotsa dokumentu bizi gisa baliatzeko zaletasun hori. Hiztegiaren hitzaurrean adierazi zuenez (X. or.) modu horretan jasotako testigantza batek balio gehiago du bere ustez liburu batetik hartutako esaldi batek baino. Baina herrikoiarekiko zaletasun horrez gain, Azkueren psikologian beste zantzu bat nabarmentzen da, aipatutako zaletasunaren aurka doana, neurri batean. Arautzearen kezka purista hain zuzen, herritik hartutako datua kontrolatzen duena eta purutasun eta zuzentasun irizpide batzuk erabiliz zuzentzen duena. Azkueren izaeran bi zantzu horiek elkartzen dira modu berezi samar batean. Hortik datoz bere obran aurki daitezkeen gabeziak. Esate baterako, horrela baino ezin da azaldu, bere aitaren poesiak zuzendu eta orraztu ondoren argitaratu izana. Eta herriaren ahotik hartutako datuak ere birmoldatu egiten ditu eta horrek balioa kentzen die datu horiei, hein batean.

Jarraian Azkuen lau lan nagusiak aipatuko ditugu.

Zalantzarik gabe lan horrek eman dio ospe gehien eta lan horri esker erdietsi du Azkuek euskararen laborari guztien aitorpena. Hizkuntza horrek ez zuen benetako hiztegirik; izan ere, Larramendik XVIII. mendean egindako hiztegia benetako hitzen eta hitz irudikatuen nahasketa bat zen, ondorioz, irakurleak ez zuen ziurtasunik hura baliatzerakoan. Larramendiren ostean argitaratu ziren hiztegiek ez zuten hura gainditzen asmatu. Azkuek "a fundamentis" hasita lan berri bat egiteko beharra ikusi zuen eta gauzatu egin zuen. Herritarrei egindako kontsulta zuzena izan da bere liburuaren oinarria. Zaharren egoitzetan bilatu zituen horretarako lagun aproposak, herrialde guztian zehar egindako bidaietan harrapatutakoez gain. Horrekin batera, euskal literaturako liburu nagusiak hustu zituen. Modu horretan, Azkueren hiztegiak testigantza oso aberatsa barneratzen du. Jakina, gizakiaren lan orotan bezalaxe, hiztegi horretan nolabaiteko gabezia batzuk ere antzeman daitezke. Erdarakadak saihesteko kezkak eraginda, hizkuntzan erabat errotutako hitzak bazter utzi zituen (bere buruari ere edozein neologismorako bidea itxi zion); erabiltzen zuen datu edo dokumentuari ez zion beti interpretazio zuzena ematen, etab.

1912an Euskal Herriko lau Foru Aldundiek euskal kantu herrikoien lehiaketa bat iragarri zuten. Azkuek aurkeztutako lanak eskuratu zuen lehen saria, eta, gerora, errepertorio paregabe honetan argitaratu zen. Bilduma horrek balio zenbaezina du Euskal Herriko poesia eta musika herrikoia ezagutzeko. Azkueren eskuetara iritsi aurretik ez ziren hain ezagunak, artean ez baitzegoen tamaina hartako bilduma luzerik.

Euskal hizkien eta euskararen kategoria gramatikalen tratatua da. Pilatutako dokumentazioen kopia kopuruak ematen dio dirdira lanari.

Bilduma horretan folklorea, tradizioak, ipuinak, atsotitzak, esamoldeak edota ohiturak pilatzen dira, besteak beste. Azkuek lan eskerga egin zuen datuak pilatzen. Bere lanetan euskararen inbentarioa utzi digu eta baita belaunaldi zaharreko euskaldunen tradizio mundua ere.

Azkue uneoro arduratu zen literatura-hizkuntza bateratua sortzeko arazoarekin. Gaztea zela argitaratu zuen Euskal Izkindea (1891). Bere ustez jatorrizkoak diren aditz-formak erabiliz egindako gramatika.

Urte batzuk geroago Gipuzkera Osotua argitaratu zuen (1934-1935), literatura-hizkuntza bateratu horren oinarriak finkatzeko ahaleginean. 1918an argitaratutako Ardi Galdua eleberria euskara bateratu hori baliatuz idatzi zuen Azkuek, baina, egiari zor, ez zuen arrakasta handirik ukan. Idazle eta hizkuntzaren artista modura Azkuek ez zuen erdietsi lexikografian edota folklorearen arloan dagokion maila.

Agian, hastapenean, bere euskalkian idatzi zituen lanak dira balio handiena erdietsi dutenak, literaturaren ikuspegitik: Txirristadak, Vizcaytik Bizkaira, etab.

  • Antonio Tovar, "La obra de D. Resurrección M.ª de Azcue" (izen bera daraman lantxoaren barnean argitaratutako hitzaldia) Bilbo, 1952.
  • Euskera, Euskaltzaindiaren argitalpena, Bilbo, 1957 (Azkueren omenez argitaratutako liburuki horretan bere epistola-liburua ere barneratu zen).
  • Michelena - Caro Baroja - Tovar, Don Resurrección M.ª de Azkue, lexicógrafo, folklorista y gramático, Bilbo, 1966.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Resurreccion Maria de Azkueri buruz.