Pintoreak

Urrabieta Vierge, Daniel

Vierge.

Jatorri euskalduneko margolari, marrazkilari, akuarelista eta ilustratzailea, 1851n Madrilen jaioa eta 1904an Parisko Boulogne-sur-Seine auzoan (orain Boulogne-Billancourt) hila. Vicente Urrabietaren semea.

Madrilgo Arte Ederren Errege Akademian ikasi zuen eta Federico de Madrazo izan zuen irakasle. 1867an Parisa joan zen bizitzera eta han bizi izan zen bere bizitzako denbora gehienean. 1870ean Carlos Iriartek begiz jo eta ilustratzaile-lana eskaini zion berak zuzentzen zuen Le Monde Illustré aldizkarian.

Marrazki eta akuarela ugari egin zituen Communeko gertakizunek iraun zuten bitartean. Le Monde Illustré aldizkarirako erreportaje grafikoak egin zituen Turkian eta Espainian. Vie Moderne, Revue Illustré eta Ilustración Española y Americana aldizkarietan ere egin zituen kolaborazioak. Horiez gain, liburu asko ilustratu zituen; esaterako, Victor Hugoren Miserableak eta beste lan batzuk ere bai; Michelet-en Histoire de France; Lesage-ren Gil Blas; Quijote, La Monja Alférez-en ingelesezko argitalpen bat, El Último Abencerraje eta El Buscón.

Aldizkarietan, editorialetan eta erakusketetan sarri aritu zen lanean. Arrakasta eta sona handia eskuratu zituen eta sari ugari jaso zituen; besteak beste, urrezko domina eman zioten 1900ean Frantziako hiriburuan, Erakusketa Unibertsalean. Daniel Urrabietaren lanak ikus daitezke, besteak beste, Bartzelonako eta Genevako Arte Ederren museoetan, Parisko Petit Palais museoan eta Melbourneko National Gallery museoan.