Marrazkilariak

Urrabieta, Vicente

Marrazkilari, ilustratzaile eta grabatzaile bizkaitarra, 1805ean Bilbon jaioa eta 1879an Parisen hila.

Inocencio Borghiniren ikaslea izan zen eta substantzia metalikoen eta kolore zein argiaren fenomenoen azterketan murgildu ziren artisten belaunaldikoa izan zen. Argazkilaritzako aitzindarien bide-erakusle izan ziren belaunaldi horretakoak. Argitalpen askotan hartu zuen parte; hona hemen batzuk: El Semanario Pintoresco Español, La Ilustración, El Artista, El Siglo Pintoresco eta El Álbum Pintoresco. Ilustrazioak ere egin zituen; esaterako, Balaguerren Historia de Cataluña, Álbum de la Guerra Carlista, Navarro Villosladaren Doña Blanca de Navarra, On Kixote Mantxakoaren edizio bat (1868) eta garai hartan modan zeuden emanaldikako herri-literatutako beste lan asko.