Literatoak

Berriatua Ibieta, Imanol

Euskarazko idazlea. Elantxoben (Bizkaia) jaio zen 1914ko abenduaren 24an. Jerusalemen hil zen 1981eko irailaren 15ean.

10 urterekin Foruko seminarioan sartu zen. 1937an, gerra zibila gori-gori zegoela, frantziskotarren zuzendaritzak Kubara bidaltzea erabaki zuen beste fraide batzuekin batera. Han apaiztu zen 1938an. Hiru urtez aritu zen apaiz-zerbitzuan (1946-1949) Las Villaseko probintzian dagoen Camajuani herriko erretore gisa.

1950ean Euskal Herrira itzuli zen eta, berehala, hainbat euskaltzalerekin jarri zen harremanetan. Aparteko harremana izan zuen Federico Krutwig ezagunarekin.

Foruko frantziskotarren seminarioan irakasle izan zen, greziera, euskara eta frantsesa irakatsiz. 1952-1954 bitartean seminarioko zuzendari ere izan zen. Garai berean (1953), Anaitasuna aldizkaria sortu zuen.

1954an Bermeora mugitu zen eta 1957-1967 bitartean Itsasoko apostolutzako kapilau izan zen. Eta kargu hori betetzeko urteko sasoi handia ematen zuen Mendebaldeko Afrikan.

1967an Bilbon finkatu zen eta euskara arloko ikerketa sakona abiarazi zuen. Kontuan hartu behar da Imanol Berriatuak hizkuntza asko hitz egiten zituela: latina, greziera eta hebreera mintzatzeaz gain, hizkuntza moderno zenbait ere hitz egiten zituen, besteak beste, frantsesa, ingelesa eta alemanera. Gramatikaren esparruan egindako lanari eta bere sormen literarioari esker, Euskaltzaindiko akademiko izendatu zuten 1961ean.

Israeldarrek hebreera horren azkar ikasteko zuten metodoaren berri izateko asmoz, Israelera bidaiatu zuen. Bidaia horretatik sortu zuen Hitz egin, euskara ikasteko metodologia berritzaile eta arrakastatsua gordetzen duen liburua. Halaber, berak eginak dira: Itsasoa eta ni, Kristiñau Katezismoa, Lagunarteko Mezea eta Santa María Goretti eta Teresalina Zubiri. 1963-1981 bitartean maiztasunez argitaratu zituen artikuluak Anaitasuna eta Euskera aldizkarietan.

Jerusalemen hil eta bertan ehortzi zuten, bere bizileku zen frantziskotarren komentuan.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Imanol Berriatuari buruz.