Arkitektoak

Ugartemendia, Pedro Manuel de

Andoainen jaio zen (Gipuzkoan), 1770 inguruan, eta 1835an hil zen. Madrilgo San Fernando Errege Akademian arkitektura ikasi zuen. Obra arkitektoniko izugarria utzi zuen, estilo neoklasikokoa, soila eta sistematikoa.

1803an, Gipuzkoako Bideen inspektore izendatu zuten Bergarako batzarretan. Garai hartan, probintziako herri askotan aritu zen lanean, eta hainbat proiektu eta eraikuntza burutu zituen, esate baterako: Zestoako bainuetxea, Donostiako eta Lizartzako espetxeak, Arrasateko pilota-frontoia, Ordiziako udaletxea eta berrikuntzak eta obrak herria askotako elizetan (Urnieta, Berastegi, Elorriaga, Deba...).

Dena dela, dudarik gabe, haren proiekturik ezaguna Donostiako hiriaren berreraikuntza izan zen, 1813an indar aliatuek suntsitu eta erre ostean. Plana 1814ko maiatzaren 28an aurkeztu zen, eta haren modernotasunak harrituta utzi zituen guztiak. Hiri berria, plaza oktogonal baten inguruan eraiki zen, eta bertatik zortzi kale irteten ziren, izar baten moduan. Proiektua osatzeko, plaza angeluzuzena eraiki zen portuan, eta zirkuluerdi-formako beste plaza bat, Santa Maria elizaren parean. Hala ere, hiriko orubeetako jabeak ideia haren aurka zeuden erabat. Izan ere, nahiago zuten hiriburuaren aurreko egoera berregiten zuen tradizionalago bat, eraikuntza zaharren sistema errespetatuz. Urte bereko urriaren 24an, M. Gogorzarenak proiektu berria aurkeztu zuen, eta hura jarraitu behar zuten Ugartemendiak eta haren lankideak, Alejo de Miranda. Arkitektoak hainbat lankide izan zituen, hala nola Joaquin Antonio Elosegui eta Silvestre Perez, aldi berean Tolosako elizaren berrikuntzak ere zuzendu behar izan baitzituen. Gogorzaren plana behin betiko onartu zen, eta Ugartemendiak Donostiako hiria eraikitzeko ordenantza batzuk baino ez zituen eman. Ordenantza horien bidez, eraikinen itxura bateratzea lortu zuten.

Jarraian, Konstituzio Plazako obrak egin zituzten (1817), Santa Catalina zubikoak (1819), Alhondigako eraikina eta eskola publikoak (1829). Urte batzuk beranduago, udaletxeko obrak zuzendu zituen (1828-1832), eta Errege Lonjaren eraikinean eta Erruki-etxe ospitale zaharrean ere lan egin zuen, besteak beste.

Lanik garrantzitsuenak Gipuzkoan egin bazituen ere, parte-hartze aipagarriak izan zituen Nafarroako zenbait eraikinetan. Horien artean, nabarmentzekoak dira: Irañetako elizarako trazak (1807), Garesko udaletxeko plana (1818), urak Subizatik Iruñara eramateko proiektua (1826), Inclusa etxerako plana (1830), kontzilio-seminarioaren fatxadaren berrikuntza, eta abar. 1831n, Ugartemendiak San Fernando Akademiari merituzko akademiko izendatzeko eskatu zuen, eta bi urte beranduago, Donostiako lehen udal-arkitektoaren postua utzi zuen.

  • LARUMBE MARTÍN, M. "Pedro Manuel Ugartemendía", Gran Enciclopedia Navarra, Iruñea, 1990
  • RODRÍGUEZ SORONDO, María del Carmen. Arquitectura Pública en la ciudad de San Sebastián (1813-1922), Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, Donostia, 1985, 27-35 or.