Kontzeptua

Txalaparta

Txalaparta, Toberak, Kirikoketa

Gipuzkoako eta Nafarroako eskualde batzuetako baserritar eta nekazari giroan mantendu da txalaparta izenarekin ezagutzen den soinu-tresna eta musika egiteko aspaldiko joera eta ohitura hau. Joaldietan politonalitatea erabiltzen bazen ere, txalapartarekin nagusiki musika erritmikoa egiten zen. Bi joleren artean jotzen dutelarik, bi dira txalaparta jotzeko moduaren eta bere musikaren ezaugarri nagusiak: alternantzia eta bat-batekotasuna.

Zuzenean kolpatutako idiofonoa den txalaparta bereziki hiru osagaiz osaturik dago:

  • Material bigungarri baten gainean horizontalki jarrita kolpatzen den zurezko ohol bat edo gehiago.
  • Honen euskarriak izaten diren ahoz bera jarritako bi otar, bi aulki edo bi kaxa.
  • Bertikalki ohola kolpatzeko kono-enbor formako zurezko lau makil.

Txalaparta arruntez gain badira honen inguruko beste aldaera batzuk, adibidez: toberak, kirikoketa, ttinbilin-ttanbalana eta ote-jotzea. Txalapartak eta bestelako aldaerek beti izan dute lan erritmoekin eta auzolanetako bukaeraren ospakizunekin lotura nabarmena.

Ote-jotzea dugu lana, jokoa edo jolasa eta musika uztarturik agertzen diren adibide garbienetakoa. Otea jotzerakoan, lana egiten ari direla, emandako kolpe horiek konbinaketa ezberdinen jokoak eginez jotzen dira eta kolpe joko horretatik sortutako hots esaldi horietan musika agertzen da.

Kirikoketa izeneko joaldiak sagardoa egiteko auzolanean egiten ziren sagar-jotze lanaren bukaerako ospakizunetan. Hori lanean ibilitakoek jotzen zuten eta oholak jotzeko lan horretan erabilitako lan-tresnak, mazak eta mailuak erabiltzen ziren.

Ttinbilin-ttanbalana beste lan mota batekin erlazionatuta dago. Etxe berria eraikitzean gailurra jartzea festa batekin ospatzen zen eta, kirikoketan bezala, kasu honetan ere lanean erabilitako burdinagak eta palankak harturik lanean ibilitakoek jotzen zuten.

Txalaparta bestelako egoera batzuetan eta ekitaldietan jo izan bada ere, bereziki sagardoa egiteko auzolanaren bukaerako ospakizunari lotuta dago. Donostialdeako sagardotegi askotan sagarra jotzearen ondotik, lanean aritutakoek afaria eginez festa bat ospatzen zuten. Afaldu ondoren txalaparta kanpoaldean jarri eta jotzen hasten ziren. Txalapartarien joaldiak entzuterakoan inguruko baserrietatik eta auzoetatik jendea bertara inguratzen zen. Esaten dutenez txalaparta 5 kilometroko erradioan entzuten zen eta horren barnean bizi ziren festazaleetako asko inguratzen ziren festa horretara. Ramon Goikoetxeak zioenez: <>

"Toberak" izenarekin ezagutzen dena txalapartaren oso antzekoa da. Bi lagunen artean lau agatxoekin lanerako diren altzairuzko palankak kolpatzen dira. Ohitura hau Lesaka eta Oiartzun aldean eztei ospakizunetako festekin agertzen bada ere, bestaldetik garbi agertzen zaigu lanarekin duen erlazioa. Sutegiko hauspoetako tutuei toberak esaten zitzaien, eta erabilpenaren ondorioz tutu hauek zikintzen zirenean garbitzeko, hauspoetatik askatu eta bi muturretatik zintzilikatuz, burdina-ziriekin tutua pikatzen zen, toberak jotzerakoan musika egiteko jotzen den antzera, paretetan erantsirik zegoen kedarra aska zedin. Batzuen ustez toberak jotzea hortik sortu omen zen.

1960ko hamarkadan, oraindik geratzen ziren jotzen zuten txalapartari eta bikote batzuk, horietako gehienak Donostialdean, adibidez: Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar, Donostiako Alto Amara auzoko Bilandegi baserriko Jose eta Jose Mari Zabalegi eta Erbetegi-Etxeberri baserriko Asentsio eta Ramon Goikoetxea. Bai eta toberak jotzen zituzten Hernaniko Portu auzoko Egaña-txiki baserriko Zubeldiatarrak, Oiartzungo gutxi batzuk eta Nafarroa aldean Lesakako toberalariak.

Alde batetik lanarekin erlazionatuta bada ere, ikusten denez txalaparta tradizionala beti festa giroan jo izan da. Bestalde, oso kuriosoa da tradizioz txalaparta beti gauez jotzeko izan den ohitura. Mundu zabalean ezagutzen dira txalaparta eta bere aldaerak bezalako ohiturak eta lanarekin eta lan erritmoekin erlazionatutako joerak eta musikak.



Txalapartan bi izaten dira joleak, bien artean alternantzian joaz osatzen dute musika. Tokiaren arabera jole bakoitzak izen desberdina du: batek "ttakuna", "tukutuna" edo "bia" eta besteak "herrena", "urguna", "pikatzailea" edo "bata". Izen hauek adierazten duten bezala, jole bakoitzak bere funtzioa du. Batek erritmoaren ordena-oreka jartzen du eta besteak lagunak jarritakoarekin jokatzen du desordenu-desoreka sortuz. Horrela, joaldian zehar erritmoa egin eta deseginez, gero eta azkarrago ordena-oreka hautsiezinezko batera iritsi arte. Txalaparta jotzeko arauak oso estuak badira ere, kolpe konbinaketak, hotsaren "tinbre", "tonu", intentsitate eta abiadura aldaketak erabiliz, txalapartariek askatasun handia dute beren irudimen eta inprobisatzeko ahalmena erabiltzeko. Toki batzuetan txalaparta joaldietan adarrak jotzen ziren.

1960ko hamarkadatik aurrera txalapartaren egoera asko aldatu da. Gaur egun erabat kaletarra da baserritarra zena. Txalapartarien kopurua handitu egin da eta Euskal Herri osoan jotzen da. Txalapartaren funtzioak musikalki eta sozialki asko zabaldu dira. Joera aldetik gero eta konplexutasun handiagoa dute, eta lehen toki batzuetan zura eta besteetan metala erabiltzen bazen, orain, bi horiek eta beste batzuek (harriak, beirak...) nahastuta edo bakarka erabiltzen dira. Gero eta txalapartari talde iraunkor gehiago daude eta lana sakonki egiten dute.

  • BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. Txalaparta eta beste aldaera zaharrak. La txalaparta. Antecedentes y variantes. La txalaparta, origines et variantes. The txalaparta. Forerunners and variants. 3. HM Toxokoa. Oiartzun: Herri Musika Bilduma, 2004.
  • BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. Txalaparta. (liburua+CDa+DVDa). Donostia: Editorial Nerea - NO-CD Rekords, 2009.