Kontzeptua

Toponimia

Toponimia grezierako jatorria duen hitz konposatua da (tópoç, "lekua", eta onoma, "izena") eta leku-izenen (toponimia ere izendatzen dira) jatorria eta bilakaera aztertzen dituen onomastikaren adarra da. Halaber, toponimo horien forma normalizatua proposatzen da, hots, herri-administrazioetan, kartografian, bide-seinaleztapenean edota hedabideetan erabiltzeko izendapen egokia.

Toponimo bat edozein elementu geografiko izendatzeko erabiltzen den leku baten izen berezia da. Orokorki bi zati izaten ditu: termino generiko bat eta espezifiko bat. Esate baterako, Gorbea mendia eta Arga ibaia toponimoetan lehena termino espezifikoa da eta bigarrena generikoa. Termino generikoa ezaugarrien arabera elementu geografikoa definitzen duen izen arrunta da, izen berezia aintzat hartu gabe; termino espezifikoak, ordea, izendatutako entitate geografikoa identifikatzen du zehazki.

Toponimia funtsean hizkuntzalaritzaren esparruko zientzia da, ahozko iturriak erabiltzen dituena toponimoen egungo ahoskeraren lekuko gisa; era berean, dokumentutako idatzizko iturriak ere baliatzen ditu. Hain zuzen, dokumentazio historikoaren azterketa ezinbestekoa da toponimoen bilakaera linguistikoa zientifikoki finkatzeko. Ondorioz toponimiak garrantzia handia hartzen du hizkuntzaren ikerketa historikoari dagokionez. Hala, leku-izenetan mantentzen diren materialei esker zilegi da egungo hizkuntzan dagoeneko ez dauden eta, are, dokumentu historikoetan jaso gabeko gertakari linguistikoak berreraikitzea (Gordon, 1992). Toponimiak berez arkaismo kutsu bat dauka, leku-izenetan bereziki, ibai-ibilgu handiei, lurraren elementu nabarmenei eta herri garrantzitsuenei lotutakoak; hori, toponimia handia izendatzen da eta horrek ahalbidetzen du arestian aipatutako berreraikitzea.

Hala ere, ez da pentsatu behar leku-izenak iraganeko fosil hutsak direnik; aitzitik, corpus lexiko bizia osatzen dute, eguneroko hizkeran etengabe eguneratzen dena, bereziki, elementu geografiko txikiei dagokienez; azken horiek, bestalde, toponimia txikia osatzen dute. Azken finean, toponimia lexikoaren atal bat da eta bertan islatzen dira, neurri handi edo txikian, hizkuntzaren plano guztiak: fonetiko eta fonologikoa, semantikoa eta morfosintaktikoa (Gonzalez, 1997). Toponimoetan ez dugu aurkituko hizkuntzaren gainerako elementuetan ohikoak diren prozesu historikoen kanpoko deus eta, hori horrela izanik, toponimo bat ezin da ulertu bilakaera fonetikoaren legeetatik erauzitako zer gisa, nahiz eta zenbaitetan fenomeno jakin batzuk fosilduta geratzen diren (Garcia Arias, 1977).

Toponimiak izaera linguistiko indartsua duen arren, diziplina arteko zientzia bikaina da. Alde batetik, beste zientzia batzuetan lagungarri gertatzen den materiala da, izan ere, bere emaitzak esparru linguistikotik haratago doaz eta eragina dute zientziaren beste eremu batzuetan nahiz kulturan. Beste alde batetik, hizkuntza-ezagutzak ezinbestekoak diren arren ez dira aski ikerketa toponimikora begira eta beharrezkoa da bestelako zientzia batzuk baliatzea, esate baterako, historia, geografia, etnografia, geologia eta botanika (Llorente, 1969). Finean, toponimia giza komunitatearen historiaren emaitza dela ondoriozta daiteke eta, horrela izanik, komunitate horren bilakaeraren lekuko da (Garcia de Cortazar, 1995).

Aurrez esandakoa aintzat hartuta toponimia diziplina konplexua dela esan daiteke, behar bezala interpretatzeko zailtasun gehigarria duena, baldin eta interpretazio hori ez bada irizpide zientifikoetan oinarritzen. Berez konplexua izanagatik, leku-izenak aztertzeko eta haien esanahia zehazteko interesa antzinatik agertu izan da jakintsuen, ikasien eta esparru anitzeko ikusmiratzaileen artean. Kontuan izan behar da herri-izenen etimologia estu lotzen dela bere jatorri historikoarekin eta ezagutzeko irrika hori hizkuntza bezain zaharra da. Azterketa etimologikoak berez dira zailak, baina zailtasun hori areagotu egiten da leku-izenez ari garelarik. Modu horretan, hizkuntzako hitz arruntei dagokienez ikertzaileak bi aukera ditu etimologia topatzeko: hitzaren irudi fonetikoa eta haren esanahia. Hala, hitz baten jatorria bilatzerakoan, fonetikak balizko bi bide edo gehiagoren arteko zalantza agertzen badu, hitzaren esanahiak adierazten digu bide zuzena. Aitzitik, leku-izenez ari garelarik bada zailtasun aparteko bat, izan ere, ez dugu haren zentzua ezagutzen eta soinuak baino ezin ditugu baliatu (Coromines, 1965).

Leku-izenengatiko jakin-mina antzinakoa bada ere, haien jatorria aztertzen duen zientzia oso berria da eta hizkuntzalaritza modernoaren laguntzari esker egin du aurrera XIX. mendeko bigarren mendean. Horrez gain, gure artean, toponimia zientifikoa berantiarragoa da eta ez zen garatu harik eta eusko ikaskuntzek tubalismoaren eta bestelako apriorismo batzuen zama atzean utzi zuten arte.

Hainbat mendetan zehar euskal egile asko euskara Espainiako hizkuntza zaharrena eta bakarra zela argudiatzeko apologiak taxutzera mugatu ziren. Hori Babeleko 72 hizkuntzen ideia bibliko eta kristauari lotzen zaio, zeinaren arabera, Noeren biloba Tubalek penintsulara horietako bat ekarri baitzuen. Sinesmen hori kartsu defendatu zuten hainbat euskal idazle ezagunek, aurrez, Espainiako beste egile batzuk eta Europako beste zenbaitek egin zuten bezalaxe. Esate baterako , Bretainiaren kasuan, hainbat egilek P. Pezron egilearen Les antiquités de la nation et de la langue des celtes (1703) edo Bullet teologoaren Mémories sur la langue celtique (1754-1760) hartu zituzten oinarritzat. Apologista horiek jatorria lurreko paradisuan zuen bretoiera planteatu zuten, zeina erabat garbi mantendu baitzen.

Euskal apologista horien (tartean Poza lizentziatua edo Juan Bautista de Erro, besteak beste) argudioetako zutabeetako bat zera izan zen: euskal hizkuntza ardatz hartuta Penintsulako, Europako beste leku batzuetako eta, are, Ekialdeko toponimiaren zati handi bat azaltzea. Hala Pozaren (1595ean zendu zen) obran euskal etimologiaz osatutako hiztegi toponimiko zentzugabe bat barneratzen da. Esate baterako, Asturias "ahaztutako herrien probintzia edo eskualde" gisa aipatzen du (Astu "ahaztu" eta uria "hiria"; modu horretan euskal sintaxia urratuz). Esteban de Garibay (1533-1599) ospetsuak toponimia baliatu zuen euskal hizkuntzaren ekialdeko jatorria frogatzeko. Hala, Armeniako Ararat mendiaren izena hartu eta Aralar mendiarekin alderatu zuen. Eta horrela etengabeko soka luze bat taxutzen da. Joseph de Moretek (1615-1687) bere aurrekoen hainbat etimologia baztertu egin zituen; dena den, orokorrean izen geografikoei buruzko euskal interpretazioaren iritzia partekatzen zuen eta Ebro izena azaltzeko ur-bero eman zuen. Manuel de Larramendik (1690-1766) eta beste batzuk eginahal horretan jarraitu zuten eta, Juan Bautista de Erro (1773-1854) ere, Pablo Pedro de Astarloaren jarraitzaile zena, toponimia unibertsalari zegozkion hainbat elementu argitzen saiatu zen, horrela, Asia hasi eman zuen, izan ere "aski ezagun da gizakiaren, hirien, erlijioaren, legeen, zientziaren eta artearen jatorria inguru hartan kokatzen dela" (Tovar, 1980); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Tradizio etimologiko hori garai hartan oso sustraitua zegoela ulertu behar da eta erlijio- eta kultura-giro oso zehatz baten ondorioa zen. Horrez gain, bidegabekoa eta zehaztasunik gabea izango litzateke planteamendu haiek egungo kultura-irizpideen eta hizkuntza-ezagutzen arabera epaitzea. Edozein kasutan ere, aipatutako teoria horien eta ezagutza espezifikorik eta metodo zientifikorik gabeko epigono batzuen ondorioz toponimiaren zientzia eszeptikoki begiratu izan da eta, are, zenbaitetan begi okerrez ere begiratu izan da espezializatu gabeko sektoreetan. Nolanahi ere, aspaldi honetan toponimiak komunitate zientifikoaren begirunea bereganatu du eta onomastikaren barruan, zientzia linguistikoaren esparruan dagokion lekua betetzen du. 1983an Euskaltzaindiak Onomastika Batzordea, bere garaian Lexikografiaren ondotik laugarren batzorde akademikoa zena, Dialektologia Batzordea eta Gramatika Batzordea sortu zituen (Iñigo, 2008).

Arestian aipatu bezala, euskal toponimiaren ikerketaren ibilbidea ez da luzea izan, baina are laburragoa da hegoaldeko Baskoniaren kasuan. Hortaz, lehenengo toponimia bildumak eta azterketa sistematikoak ekialdeko Baskonian egin ziren. 1826an argitaratutako Lecluseren euskal gramatikan, herri batzuen leku-izenak jaso ziren sistematikoki. Beranduago, 1863an, Raymondek Behe Pirinioetako herrien izenak jaso zituen bere hiztegi topografikoan, hizkuntza-aldaera ezberdinak adieraziz. 1895ean Hatan ekialdeko Baskoniako herri nagusien azalpen etimologikoa ematen saiatu zen. Hala ere, euskal toponimia xede etnografiko eta euskaltzaleekin jasotzeko lehen proiektu sistematiko handia Pirinioetako hego-isurialdean gauzatu zen XX. mendearen hasieran. Luis Eleizalde akademikoak Euskal Herrian zehar kolaboratzaile-sare handi bat antolatu zuen eta, 1922tik aurrera, Eusko Ikaskuntzak kaleratzen duen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian euskal toponomastikoen ahotsak argitaratu zituen alfabetoaren hurrenkeraren arabera antolatutako zerrendatan. Zerrenda horien argitalpena eten egin zen Espainiako gerra zibilaren eraginez eta 1964. urtera arte ez zen erabat osatu. Guztira, 21.340 toponimoz osatutako corpus eder bat taxutu zen (Gale, 2008). Lantegi hura osatzeko metodo aldetiko muga ugari izan arren, ia osorik bizirik zirauten ahots toponimikoetara mugatu zen zeregina eta hori da lan horren balio nagusietako bat. Hala, toponimia historikoa eta arkaikoa aurreragorako utzi ziren.

1945ean >Julio Caro Barojak argitaratutako Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina lana jauzi kualitatiboa izan zen euskal toponomastikaren azterketa linguistiko eta historikoa egiteari dagokionez. Ikerketa horrek euskal hizkuntza aztertzeko ikusmolde berria plazaratu zuen eta, ondorioz, euskal toponimia aztertzeko ikusmolde berria ekarri zuen. Egileak berak esan zuenez: "badirudi (egungo ikerketek) euskaldunen herriaren betiereko isolamenduari buruz arrunki onartutako ideia ugari suntsitzea dakartela, eta euskal-iberismoaren hipotesia erabat mugatzea dakartela; bestela esanda, ilusioak desegitea eragiten dute" (Caro, 1945); (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Hurrengo hamarkadan Koldo Mitxelenaren Apellidos vascos lana argitaratu zen eta, 1961ean bere Fonética Histórica Vasca lanaren lehen edizioa. Bi lan horiek egun, oraindik, funtsezkoak dira euskal toponimiaren azterketa linguistikoa egiteko.

Gerardo Lopez de Guereñuren (1956 eta 1983 bitartean guztira 25.593 toponimo argitaratu zituen Anuario de Eusko Folklore lanean) Toponimia alavesa lana alde batetik eta, Jose Antonio Gonzelez Salazarrek egindako lana (1985 eta 1998 bitartean Cuadernos de toponimia bilduma argitaratu zuen, harik eta Araba osoko 31.866 leku-izen batu zituen arte, Trebiñoko konderria barne) beste alde batetik, ekarpen bikainak dira Arabako toponimia gordetzeko. Bestalde, 1985ean Euskaltzaindiak Onomasticon Vasconiae bildumari hasiera eman zion Jose Maria Jimeno Jurioren Toponimia de la cuenca de Pamplona: cendea de Cizur izeneko liburukia argitaratuta. Haren ostean egile berak Galar, Oltza, Iza eta Antsoaineko Zendeari buruzko ikerketa toponimiko azpimarragarriak kaleratu zituen. Bilduma horretan gerora tokiko monografia garrantzitsuak argitaratu dira, hala, 2009an Onomasticon Vasconiae bildumaren barnean dokumentazio historikoa eta normalizazio toponimikoa bultzatzen dituen proiektu handi baten lehen bi liburuxkak argitaratu dira, ikerketa-eremu gisa Gasteizen eta bere barrutiaren baitako tokiko entitate guztietan lekutzen dena. Zehatzago esatera, Henrike Knörr eta Elena Martinez de Medinak taxututako bi liburuki horietan, Arabako hiriburuko eta Malizaeza merindade zaharra osatzen zuten hamaika herrietako toponimia da aztergai.

Hala eta guztiz ere, toponimia jasotzeaz gain, hizkuntzaren normalizazioa eta sozializazioa helburu zituen lehen proiektu handia Nafarroan gauzatu zen, Jose Maria Jimeno Jurioren zuzendaritzapean (Jimeno, 1991). Lan horri esker sortu zen Toponimia y Cartografía de Navarra bilduma, 1992 eta 1999 bitartean argitaratutako hirurogei liburuxkaz osatzen dena. Bertan, Nafarroako toponimia txikia jasotzen da zehaztasun osoz. Euskal Autonomia Erkidegoan, Deustuko Unibertsitateko DEIKER institutuak, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin Bizkaiko toponimia jasotzeko proiektu bat garatu zuen 1986 eta 1988 bitartean, hizkuntzaren eta kartografiaren normalizazioa helburu zuena. Beranduago, 1991n, institutu horri antzeko helburuak zituen proiektu bat agindu zitzaion (hots, kartografiara aplikatutako toponimiari buruzkoa) Araba eta Gipuzkoarako. Kasu horretan, bi probintzietako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu zuten (Mujika, 1994).

Toponimia handi eta toponimia txiki bereizketa egiteko ohitura dago irizpide geografikoak aintzat hartuz. Bi termino horiek aurrez erabili dira baina kontzeptuzko zehaztasun handiagoa eskatzen dute. Oraindik eztabaida sortzen duen gaia da hizkuntzaz kanpoko irizpideetan oinarritutako sailkapen hori egitea komenigarria ote den eta, era berean, "handi" eta "txiki" adjektiboak toponimoetan aplikatzearen egokitasuna ere eztabaidagai bilakatu da. Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik zenbaiten ustez kontzeptu horiek oso erlatiboak eta subjektiboak dira, muga absoluturik gabeak, izan ere, toponimoak berez ez dira handi edo txiki (Hernandez, 1994). Horrez gain, guztiak ez datoz bat kontzeptu horiek aplikatzeko esparruei dagokienez. Hala, ikertzaile batzuen ustez toponimia handia osatzen dute soilik "herriguneak izendatzeko erabiltzen diren izenek -ez da zehaztasun gehiagorik behar-, toponimia txikia aldiz, edozein eremu izendatzeko erabiltzen diren haiek osatzen dute" (Garcia, J. J., 2004). Beste batzuek, ordea, kontzeptu hori ibai handietara hedatzen dute. Azkenik, beste aditu batzuek multzo horretan sartzen dituzte mendiak eta lurreko elementu nabarmenak; modu horretan, toponimia txikiaren zakuan onibar, iturri edota bideen izenak barneratzen dira, besteak beste. Toponimia handi eta toponimia txiki terminoei buruzko adostasunik ez badago ere, maiz baliatzen dira material toponimikoak sailkatzerakoan eta tokiko monografiak egiterakoan.

Edozein kasutan ere, zalantzarik gabe toponimo batek hartzen duen hedapen geografikoa handiagoa den neurrian orduan eta aldagaitzagoa suertatzen da, hau da, iraunkorragoa eta zaharragoa. Horrenbestez, toponimo handien multzoan herrigune eta elementu nagusien izenak barneratzen direnez hiztun askoren buruan kateatzen dira; horri esker, haien erabilera eta iraunkortasuna bermaturik dago. Aitzitik, toponimo txikiak erraz baztertu eta ordezka daitezke, izan ere, hedapen urriko eremuak izendatzeko erabiltzen dira, sarritan oso bizilagun gutxi hartzen dituztenak eta, horrenbestez, hiztun kopuru txikiak baliatzen dituztenak. Horrez gain, lurraren taxuerak eta erabilerak nahiz nekazaritzaren antolaketa berriek izenak aldatzea eragiten dute. Bat-batean sortzen dira, berehala hedatzen dira eta lekuko lexiko herrikoia islatzen dute, izen horietan herri bateko bizimodua eta jarduera irudikatzen baita zintzotasun osoz.

Hori dela eta, azterketa toponimikoek informazio ugaria eta anitza ematen dute, baita hizkuntzen alderdi diakronikoak ezagutzeko ere. Esate baterako, aldatu ezinezko ezagutzaren iturri dira, hizkuntza-ordezkapenaren fenomenoa bizi izan duten eremu geografikoetan oso baliagarria dena. Hori da Arabako eta Nafarroako zati handi batean gertatzen dena. Lurralde horietan euskarak atzerakada nabarmena izan du historian zehar. Bide horretatik atzeman daitezkeen datuak beti mugatuak badira ere, toponimiari esker dialekto-barietate zehatz baten alderdi fonetiko eta fonologiko asko argi daitezke eta, baita morfologiari eta semantikari dagozkionak ere. Gainera, toponimia baliatuz nahikoa zehaztasunez jakin daiteke non kokatzen ziren aurreko mendeetan euskararen eta gaztelaniaren muga geografikoak; halaber, bi hizkuntza horien atzerakada eta hedapen soziala argitzeko ere lagungarri zaigu toponimia (Salaberri, 1994).

Orobat, toponimiaren estratu zaharrenei esker euskarak Euskal Herritik kanpoko eremu geografikoetan (Gaskonia, Aragoa, Errioxa eta Burgos, besteak beste) bizi zuen egoera argi daiteke. Arlo horri dagokionez oso azterketa interesgarriak ditugu. Horian artean, oraindik ere, erreferentzia gisa hartzen dira Merino Urrutiaren El vascuence en La Rioja y Burgos (1962) eta Irigoienen Cuestiones de toponimia vasca circumpirenaica (1987).