Kontalariak

Urkiza Ibaibarriaga, Ana

Ana Urkiza Ibaibarriaga (Ondarroa, 1969). Euskal idazlea eta itzultzailea da. 2020ko irailaren 19tik Eusko Ikaskuntzaren presidentea da. 

1969ko urtarrilaren 10ean jaio zen Ana Urkiza Ondarroan. Bere haurtzaroari buruz honako hau esan zion Mielanjel Elustondori Argia aldizkarirako 2007ko martxoaren 25ean eginiko elkarrizketa batean:

"Gure etxean bai aitak eta bai amak egin dute lan, betidanik. Aitak, kooperatiba batean. Ama jostuna da. Etxean hasi zen josten erakusten, eta gero tailer txiki bat jarri zuen herrian. Aitak egun osoko lana zuen. Amak, berriz, arratsalde, iluntze aldera jarduten zuen. Hiru anai-arreba gara. Hirugarrena berandu etorri zen eta neba eta bion oroitzapena dut, beraz, txikitakoa. Arratsaldeak bakar xamar pasatzen genituen, amaren lana zela eta. Aita, egun osoko lanaz gainera, oso gizon konprometitua izan zen, kulturarekin konprometitua bereziki. Ikastolako guraso batzordean egon zen. Ikastolaren aldeko taberna jartzen zenean, diruzain lanak egiten zituen. Musika eta dantza taldea zegoen herrian eta hango idazkari, diruzain eta beste izan zen. Hori daukat gogoan: aita oso konprometitua, baina etxetik kanpo. Bestalde, garai hartan batzar asko egiten zela daukat akorduan. Franco hil ondoko garaia zen, sei-zazpi urte nituenetik hamabi urte bete arte edo, gurasoak askotan irteten ziren bateko eta besteko batzarretara. Gurasoak herria egiten ari zirelako sentsazioa bizi izan dut. Ni neu ere nahiko konprometituta ibili naiz, aitak parte hartzen zuen ekimen guztietako partaide: dantzari, musikari, idazle... Mugimendu dezente, beraz, nire inguruan".

Eta bizitza hori, mugimendu hori guztia bizi zuen Ana Urkizak Ondarroan, eta arestian aipaturiko elkarrizketako beste pasarte batean Urkizak bere haurtzaroaz eta herriaz hitz egiten duenean, neurri batean frankismoaren amaieran eta ondorengo urteotan bizi izandako giroa islatzen du:

"Herri bizia, eta bereizia (Ondarroa). Bi alderdiok bizitzea tokatu zait. Bi ikastola ziren herrian eta batera joaten banintzen ere, beste zenbait aktibitate bestelako leku batzuetan egiten nituen, neure gogoz eta hautuz. Herriaren kontzepzio oso politikoa bizi izan dut. Gogoratzen naiz, bestalde, gurasoek askotan eraman izan nindutela gauez antolatzen ziren saioetara: Intxixu antzerki taldearen aurkezpenera, zenbait musika jaialditara... Alegia, artean erdi klandestinoak ziren ekitaldi askotara. Hori, adibidez, oso barruan geratu zait. Egin beharra, sortu beharra... Taldearen ideia, zeren eta egitekoak ezin zitezkeen bakarka egin: taldea behar zen. Taldearen babesa, taldekideekiko konpromisoa... Barruan gorderik dauzkat horiek."

Ikastolako ikasketak egin ondoren Informazio Zientzietan lizentziatu zen eta enpresa-komunikazioan espazializatu Toulusen. Banku bateko Giza-baliabideen zuzendari moduan lan egiten du gaur egun, eta Deustuko Unibertsitatean ere eskolak ematen ditu. Horrez gain kolaboratzailea da zenbait komunikabidetan (Deia, Euskaldun Egunkaria, Ondarroa, Karmel,...).

1992an Debako udalak antolaturiko Tene Mujika ipuin lehiaketa eskuratu zuen "Uztaileko euritan" ipuinarekin baina 2000 urtera arte ez zuen libururik argitaratu. Harrez gero genero eta estilo ezberdinetako produkzioa du.

2000 urtean Desira izoztuak ipuin bilduma argitaratu zuen (egileak berak aitortu bezala pertsonaien gogoetek bereekin bat egiten dute eta emakumeen mundutik eginak dira), eta ipuin bilduma batean hartzen du parte: Gutiziak. Ondoren plazaratu zuen bere lehen poesia liburua: Gela ilunetik (2001) eta haur literaturako lanak: Betaurrekoak ditut, eta zer? (2001), Hondartzako kioskoa (2001).

Haurrentzako honako lan hauek ere argitaratu ditu: Ondarruko piratak (2003), Amak plastakoa eman dit (2004), Nire hiriko poemak (2006), Nire herriak ostadarraren koloreak ditu (2006), Ondarruko piraten abentura berriak (2007), Bidegorriko festa (2010) eta Azazkalak jaten ditut, eta zer? (2011). Poesia eta narratiba lantzen ditu, ikusi ahal den bezala, eta tematika aldetik abenturazko edo kontakizun tradizionalen kutsuko istorioen ondoan gaur egungo gizartearen arazoak eta giza harremanei buruzko ipuinak aurki ditzakegu Urkizaren obran.

Helduentzako sorkuntzan, berriz, aurretik aipaturikoez gain Bazterreko ahotsa (2002) poesia lana, Bekatuak (2005) ipuin bilduma eta Atzorako geratzen dena (2011) aforismo liburua aipa daitezke. Jon Kortazar irakasleak, Bazterreko ahotsa lanari eginiko kritika batean (El País, 2002-10-7), honako hau zioen:

"Liburua irakurtzen dugularik ezin alde batera utzi poema-sortak duen tonu berritzaileari. Izenburuan dago lehendabiziko aldarrikapena: emakumearen ahotsa bazterrekoa da, eta periferiaren ordez, gunea hartu nahi luke. Poemategiaren lehen bertsoak ere aldarrika egiten du, eta kontzientzia hartze baten berri eman du: "Gaur emakume izanik esnatu naiz. Gaur, emakume naizela konturatu naiz". (...) Ana Urkizaren poesian egunerokotasunaren aipamenak garrantzi handia duela esango nuke, badutela ikusitakoak eta bizitakoak bere indarra, eta handixe hasten da poetaren ahotsa idazten".

Saiakera ere landu du Urkizak, eta horren ondoren hiru lan arras ezberdin plazaratu ditu: Enpresa komunikazioa profesionalen ikuspegitik (2007) unibertsitate liburua, Agustin Zubikarai. Herri euskararen zaindaria (2009) biografia lana, eta elkarrizketez osaturiko Zortzi unibertso, zortzi idazle (2006), geroago erdaraturik ere kaleratu izan dena (Ocho universos, ocho escritoras, 2010). Azkeneko liburu honek izan ditu hainbat kritika eta komentario (Hasier Etxeberriak plazaraturiko bost idazle gizonezkoei buruzkoaren erantzuna izan zen aldetik eta horrelako liburu baten beharraren inguruan). Aipaturiko kritiken artan Iban Zalduarena (El País, 2007-11-19), aurki dezakegu:

"Alde horretatik, Zortzi unibertso emakumezkoen literaturaren aldarrikapenaren inguruko kontraesan nagusien erakusle gardena dela esango nuke. Aipatu isiltasunak frogatuko luke, hein batean behintzat, mota honetako obrak beharrezkoak direla oraindik, emakumeen literatura ikusgarriago egiteko alegia. Baina, bestalde, egileen arteko lotura emakumetasunaren inguruan eraikitzean, agian ezkutuan geratzen dira idazle bezala gehiago indibidualizatzen dituzten hainbat ezaugarri, eta horrek emakumeen literaturaren apartekotasuna -eta diskriminazioa- areago iraunaraz dezakeen faktore bat da".

Ana Urkiza dugu mende berri honetako euskal idazle aberatsenetariko bat, genero ia guztiak, produkzio handia eta, aurretik aipaturiko Argia astekarian aitortu bezala, barruko beharrei erantzunez:

"Betidanik idazten ari naizela iruditzen zait. Galdera bat sentitu dut beti nire barruan, nondik etorria den ez badakit ere, baina jakin-mina iturri duena, nahi baduzu. Zerbait jakin nahi badut, aztertzen hasten naiz, ikasi artean. Ikasi dudala iruditzen zaidanean -nolabait esateko, ikasi- forma ematen saiatzen naiz, ni bezain ezjakin zirenek gauza nola den jakin dezaten. Hori da nire prozesua."