Olerkariak

Urkiaga Basaraz, Estepan

1916tik aurrera Durangoko jesuiten ikastetxera doa eta, 1921ean Loiolako fraidegaitegian sartzen da, bertan 20 urte bete arte egonaz. Bere lagun izan ziren Jokin Zaitegi eta Placido Mugicak Lauaxetaren hunkiberatasunaz, loezinaz eta lo-ibiltzeaz lekukotasuna eman dute. Urte guzti horietan, Primo de Riveraren Diktadurapean, santutegiko seminarioan talde txiki bat -Ibiñagabeitia, Argárate, Lauaxeta, Mugica, Zaitegi, Goenaga, Martikorena, Korta-Zubiaga- euskararen etorkizunaz arduratuta eratuko da, eta talde honen argitalpenak El Mensajero-ren Jesus' en Biotzaren Deyan argitaratuko dira. Urkiagak berton eta baita Larrako Karmeliten Jaungoiko-Zalen ere bere lehen argitalpenak idazteari ekingo dio. 1926an Oñako fraidegaitegira joango da bertan urte bi gehiago egonaz. Bertan, euskaldunen artean, "Euskal Ikastegi" informal bat dago. 1927an bere lehen ipuinak Iru adiskideak eta Ipuiña dirudin egiaerlijio aldizkarietan argitaratzen ditu.

1928ko uztailean abade ikastegiak bertan behera uzten ditu eta Mungiara itzuliz Euzkadi-n bere lankidetasunari hasiera ematen dio: itzulpenak (Tennyson, Verdaguer, Hugo, Carducci, Sully-Proudhomme) eta baita bereak ziren lanak ere ospetsu izatera bideratuko zuen izenpean eginaz. Bilbon soldadutza egiten du. Bere lankidetzak lozorroan zegoen EAJ-ren Euzkerea-n ere agertzen dira. 1930ean Errenteriako Euskaltzaleak-ek antolatutako "Euskal Olertiaren Eguna"-ko lehen saria lortzen du Maitale Kutuna olerkiarekin, Orixeren eta Lizardiren gaindik irabazle geldituz. Urte bere horretan Euzkerea aldizkarian Illuntzeko ixarra ipuin polita ere argitaratzen du. 1931ko apirilaren 14ko aldaketa politiko garrantzitsua izan orduko Bilbora joana dugu eta Euskal Gaztedian sartzen da. Pizkundia-ren sorkuntzan parte hartzen du. Euzkadi egunkarian, martian, "Azalpenak" (iritzi politikoa) izeneko eguneroko zutabe baten idazten du eta egunkari horren euskarazko orrialdearen arduradun egiten da.

Diktadura erortzean, EAJrekiko bat egitea erabatekoa da eta ondorioz bere denbora guztia idazle eta hizlari aberkidearen zereginen artean banatu beharra du. AVASC-eko kide izanik 1932an irten egingo du. Apirilaren amaieran Madrilera Instrukzio Publikoko Ministroari eskola-elebitasuna ezartzeko eskaria egitera joango den batzordeko kidea da. Bere propaganda-jarduna Emakume Abertzale Batza eta ELA-STV-ren indartzera, berezitasunez, bideratuta egongo da. Abuztuan, Mungian, bere Gotzone antzerki-lana estreinatuko da. Beste lan bi gehiago, Asarre Aldija eta Epaita Euzkadi-n argitaratzen dira. Urte bereko abenduan, 24 urte zeuzkala, bere lehen olerki liburua, Bide barrijak , argitaratuko du, gaztelerazko itzulpena aurkako orrialdean duela.

Bai bere hizkuntza-jarrerak eta baita beste gai batzuekikoak ere ohikoak ziren giro jakin batzuetan topo egingo dute. Girootan sinbolisten irakurketa nabarmena da nahiz eta jesusen lagundiaren ikurrak, kasu honetan jantzia, bere sinesmen katoliko sendoarekiko inolako zalantzarik utzi ez. 1932-1933an bere kazetaritza ekoizpena sakabanatu egiten du eguneko gaiez gain kultura eta literatura eremukoak ere sartuz (Orixerekin eztabaidan) eta gazteleraz ere idazten du. Mitinetan eta antzerako ekitaldietan propaganda-politikorako bere jarduna areagotu besterik ez da egiten. 1932ko otsailaren 12an Gatikan omenaldi bat eskaintzen zaio. Ekainean Euzkadi-ko orrialdeetatik, argitaratua izan dadin asmoz, herri-bertsolaritza biltzea eskatzen du. Abenduan Euzkadi-n Maeterlinck-en Balbia-ren itzulpena argitaratzen du. Lehen Aberri Egunarekiko bere iruzkinetan, euskal herria basamortutik zehar doan judutarrarekin alderatzen du.

1933ko urtarrilaren eta otsailaren artean Euzkadi-n Manu Sota bere lagun eta aberkidearen bere Iru Gudari itzulpena agertzen da. Urrian, oraintsu eratu berria den Euzkel Idazle Batzarra-ko kide izendatzen dute. Irratsaioetan parte hartzen du. 1934a bere Alderdiaz Güeñes, Barakaldo, Sodupe, Basauri, La Arboleda eta Somorrostro-n ikastaroak ematen dituen urtea da. Urte horretan Mendigoizaleen Yagi-Yagi bitan banatzen da; Lauaxeta Gandhi-ren eraginaren itzalpean dago eta ortodoxiaren barruan jarraituz taldekide izateari uzten dio. Aipagarria da Euzko Ikasle Batzan berak egindako lana, "Ikasle Ingoskila" izenburupean egunkarian atal bat zabalduz.

Olerkien bere bigarren liburua, Arrats beran, 1935ean Euzkadi eta beste hainbat aldizkaritan argitaratutakoa bilduz agertzen da. Maitasuna (garbia), denboraren igaran konponezina eta heriotzaren misterioa izango dira bere olerki-oldozmena lotzen duten ardatz nagusiak; bere olerkietariko batek, Udabarriko Autorkuntza-k, garai hartako moral zurrunaren ikuspegi ironikoa azaldu izateagatik euskal katolikotasun otzanaren atal batetan egonezina sortu zuen. Bere literatura-dinamizatzaile jarduna areagotu egiten da; maiatzean Barcelona-ko Lore-Jokoetara doa, katalan kulturaren dinamikotasunagatik erabat hunkituta geldituz, euskal kulturaren aldera. Azaroan, bere egunkarian, "Olerki Ingoskija" izeneko atal berria zabaltzen du. Bilbo-ko Euskal Liburuaren Erakusketarekin izango duen lankidetza erabakigarria izango da. 1936an gudagatik ospatu ez zen Euskal Gaztediaren Antzerki-Lanen Lehiaketa sustatuko du. Urte horretan "Alea" taldearen eta Blas de Otero-ren bitartez Garcia Lorca, bere Bodas de Sangre-ren lehen emanaldia Bilboko hiriburuan ematearren omenaldia egiten zitzaiola eta, ezagutzen du. Guda-hasieran euskal kulturaz zeukan ezkortasuna nabarmena zen arren hizkuntzaren sustatze eta sormenarekiko bere lanari ekinean jarduten jarraitzeko ez zen oztopo.

Guda-hasieran Bilboko Eskolapioetako Ikastegiko gudarien kuartelean Intendentziarako Komandante izendatzen dute eta baita Euzko Gudaroste-ko organoa zen Gudari aldizkariaren zuzendari ere. 1937an aldizkari horretan, euskaratuta, bere El fusil del Abuelo eta La campa de Guztiz Ederra ipuinak agertzen dira, azken hau Gernikako bonbaketari buruzko albisteez. Handik egunetara, 1937ko apirilaren 30ean La Petite Gironde-ko kazetariari hondakinak erakusten zebilkiola, ustekabean matxinatuek preso egin eta Gasteizko Karmeliten komentuan atxilotu zuten. Bertan zegoela ezagutu zuen Bilbo-ren erorketa eta 32 urte besterik ez zituela, ekainaren 25ean fusilatu egin zuten.

Bere azken borondateak hauxe dio: "Euskal abertzalea izatearren hilko naiz, herri zoritxarreko hau bihotzetik maite dudalako. Bizitzaren joanean seme apal honek biziki ikusi nahi zituenak egunen batean lortuko direlakoan Jainkoaren onberatasunaren zain nago. Euzkotarrok, nire haragiaren haragi; Euzkadik betierekoak izan behar du; baina guk berarentzako eta aberriak Jainkoarentzako. Erruki zakizkit Jauna!".

Bere egile-paperak, bere balizko jatorrizko argitaratu gabeak -tartean gaztelera-euskara Hiztegi bat- eta bere liburutegia desagertu egin ziren. Euskaraz idatzitako 19 olerki gehiago eta beste gaztelerazko bi, 1974an bere olerkiez egindako berrargitalpen baten azaldu ziren, euretatik 5, heriotza orduari begirako azken aldian zehar idatzitakoak izanez.

Lauaxeta beti egon zen jeltzaletasun ortodoxoaren barruan; Ostera espainiar II. Errepublikaren aitzindari izan zen belaunaldiaren ideiei eta europar guda osteko astinaldi moralari esker sakonetik eragindako EAJ-ren barruan jarraitu zuen arren abertzaleen belaunaldi berri bat ordezkotzen du.

Bere heriotzak, gaztaro lerdenean, euskarazko olerkigintzaren garapen modernista errotik ebaki zuen. Jon Kortazar-ek euskal klasiko honen bizitza eta literaturari bere Teoría y práctica poética de Lauaxeta doktore tesia eskaini zion Deustuko Unibertsitatean 1985ean aldezpena eginez.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Esteban Urkiaga, Lauaxetari buruz.