Medikuntza

Areilza Arregui, Enrique

1860ko otsailaren 6an Bilbon (Bizkaia) jaiotako medikua. Bilbon, 1926ko ekainaren 14an hil zen.

Eragin nabarmena izan zuen Euskal Herriko medikuntzaren garapenean. Kirurgiaren, klinikaren eta prebentzio-medikuntzaren eta medikuntza sozialaren aurrerapenean funtsezko lana egin zuen.

San Francisco kalean jaio zen. Aita Julian de Areilza zuen, albaitaria eta burdinola baten jabea, familia karlista batekoa. Ama, berriz, Ramona de Arregui, erlijioari estu lotutako emakumea, II. karlistaldian (1872-1876) setiatutako Bilboren eta hura erasotzen zuen Carlos VII erregearen kuartel nagusiaren artean, informazio- eta espioitza-gune bat zuzendu zuena.

Aita gazte zela hil zen (1867), ondorioz familiak arazo ekonomikoak zituen, baina arazo horiek Miguel de Areilza osabari esker arindu ziren; izan ere, gizon hark estatus ona zuen eta ejertzito karlistaren landa-mariskal ere izan zen. Hura arduratu zen iloben prestakuntzaz.

Valladolideko Unibertsitatean egin zuen karrera 1876 eta 1879 artean. Ondoren Parisera jo zuen. Han Polaillon eta Goselin ezagutu zituen Pitié eta Charité ospitaleetan.

Parisen emandako denbora erabakigarria izan zen amaren integrismoarekin talka egin zuen espiritu ireki bat garatzeari dagokionez; horrez gain, agnostizismoa ere bertan garatu zuen. Halaber, interes intelektual ugari eta anitzak esnatu zitzaizkion barnean. Ekialdeko erlijioa praktikatu zuen eta baita hipnotismoa ere. Hala, Charcot eskola ere ezagutu zuen bertatik bertara.

Madrilen Valor de la cura de Lister en las heridas contusas tesiari esker doktoratu ostean Bilbora itzuli zen 1880an. Trianoko meatzarien ospitaletako lehen zuzendari kargua erdietsi zuen Gallarta eta Arboledan. 1880ko abenduan hartu zuen kargua. Ospitaleak hurrengo urteko urtarrilean inauguratu ziren.

Bi hamarkada eman zituen lanean bertan. Trianon egindako lanari esker, garezurreko eta pelbiseko hausturak tratatzeko kirurgian ekarpen handia egin zuen. Horrelako istripuak sarritan gertatzen ziren meatzarien artean, eta 1887 eta 1891 urteetan argitaratu ziren ikerketa horiek. Halaber, bera izan zen teknika modernoak erabiliz garezurreko trepanazioak egiten Espainiako aitzindarietako bat.

Taldeburu gisa langileen hilkortasun-tasa ikaragarria kontrolatzea lortu zuen, istripuak eta izurri-gaixotasunak ziren tasa hori gizentzen zutenak. Hala, meatzarien elikadura- eta higiene-baldintzak hobetzeko lan erabakigarria gauzatu zuen. Eta arazoaren alderdi soziala azpimarratu zuen, medikuntzaren alderdia baino gehiago: "Gure desirak lan intentsiboak ezabatu eta soldatak areagotzera bideratu behar dira".(Itzulpen moldatua gazteleratik)

1885ean, sukar beltzaren izurrite orokorraren aurkako kanpaina bat antolatu zuen Bizkaian, izan ere, sukar beltzak gogor astindu zituen meatzariak.

Areilzak " garai foruzale" bat ere izan zuen. 1893ko ekainaren 3an Sabino Aranaren omenez Larrazabaleko txakolindegian (ardoa dastatzeko landa giroko establezimenduak, izaera herrikoia dutenak) ospatu zen oturuntza antolatzen ibili zen beste batzuekin batera. Ekitaldi hori nazionalismoaren sortzailetzat jotzen da.

1894ko martxoan, "Gamazada" delakoaren berri izan ostean, gutun bat bidali zion Vienatik Pedro Jimenez Ilundaini (bere lagun minetako bat), Hungariako nazionalismoa aipagai zuena: "Aldi berean bohemioak esnatzen ari dira. Despotismo zentralizatua pairatu ostean arrazen berpizkunde hau ikustean, sinez ezazu Pragako plaza nagusian "Guernicacoa" intonatzeko eta "Gora Euskaria! Eta behera zentralismoa! oihukatzeko irrika izan nuela" (itzulpen moldatua gazteleratik).

Areilza liberalaren foruzaletasunak nostalgia gehiago zuen nazionalismoa baino, eta garai hartako Unamunoren foruzaletasunaren antzekoa zen, kutsu errepublikano eta federalista argikoa.

Aranak, Aranzadiri igorritako gutun batean zera adierazi zuen Bizkaia eta independentzia aipagai zituela: "hemen egin zidaten aldarrikapena foruzale ateoek lehen aldiz, eta hemen izan zuten lehen porrota". Eta beranduagoko gutun batean: "nire lagunek esan zidatenez zenbait elementuri hainbeste gustatu zitzaien (liburua), ezen oturuntza bat eskaintzea pentsatu baitzuten. Honatx elementu horiek: Cabezas eta X (Areilza doktorea), mediku ospetsua, bere ideiak lau haizetara zabaltzeko beldurrik ez duen ateoa" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Horixe zen Areilzak ezagutu zuen Bizkaia, industrializazioaren eta inmigrazioaren jomuga, sozialismoaren eta nazionalismoaren sorburu. Eta Bizkaia hori eta mugimendu horiek eta haien arteko elkarreraginak baldintzatutako ondorengo hamarkadak izan ziren Areilzaren bizitzaren lekuko.

Ignacio Zuloaga pintorearekin batera, Bilbon izandako hizketaldi intelektual aurreratuenetako bat zuzendu zuen Areilzak, ateismo aitorlearen erdigune.

Mende hasieran Miguel de Unamuno iritsi zen Salamancatik, oporraldia igarotzeko asmoz. Hala hizketaldi liberal hori eta Lion d'Or-eko hizketaldiak (Areilzak hemen ere parte hartzen zuen) ezagutu zituen. Modu horretan, eskola garaietatik batak zein besteak zuten laguntasuna sendotu egin zen berriz ere.

Basterra, Eguilor, Sanchez Mazas, Mourlane, Jimenez Ilundain eta Areilzak osatzen zuten zirkulu ateoan barneratu zen, eta horien artean bera izan zen salbuespena. Unamuno zalaparta sortzeko erraztasuna zuen fededuna zen eta Areilzarekin talka gogorra izan zuen. Hainbeste, non elkarren arteko adiskidetasun indartsu eta zintzoa kolokan egon baitzen. Denboraren poderioz, dagoeneko elkarrengandik urrun zeuden erlijiozko jarrerak, bide ezberdinetatik abiatu ziren: Unamuno giza egoeraren mistika haragizkoan murgildu zen eta Areilza ateismo positibistara hurbildu zen.

1898-1899 bitartean Bilboko Medikuntza-Zientzien Akademiako presidente izan zen. Aurretik ere, sortu zenetik (1895), kolaborazio estua izan zuen akademia horrekin. 1898an akademia horrek kontsultategia zabaldu zuen hiribilduan. Medikuntza-zientziaren esparruan eskuratu zuen sona onari eta bere eskuzabaltasunari (langile-klasean ospe ona eman zion) esker, bere kontsulta leporaino beteta egoten zen beti. Hala, 1900ean klinika pribatu bat zabaldu zuen "Sanatorio Bilbaino" izenarekin.

Mende aldaketa gertu zela, Vicente Blasco Ibañez Valentziako idazle errepublikano handia Bilbora joan zen langile-giroko datuak eskuratzeko asmoz. Trianora egindako bisitaldien eta bertako zuzendariarekin izandako harremanaren ondorioz sortu zen Luis Aresti doktorea, Areilzaren kopia eta El Intruso (1904) eleberriko protagonista izango zena. Eleberri hori Bilbo Handiko gatazka sozial eta politikoetan girotu zen.

1904an Bilboko ospitale zibileko barne-medikuntza aretoko buru izendatu zuten. Ospitalea Atxurin lekutzen zen. Hilabete beranduago Trianoko zuzendaritza utzi behar izan zuen, ezadostasun batzuk zirela medio. Hamalau urte geroago ospitale zibila bere bizitza profesionaleko eremu garrantzitsuenetako batean bihurtu zen, ordurako ospitalea Basurtora aldatu zen.

1905ean Emilia Martinez Rodas Aranarekin ezkondu zen Francisco Martinez Rodasen alaba bakarrarekin. Aitaginarreba Huescako diputatu eta ontzi-ustiatzaile garrantzitsua zen eta azken gerraren ostean Bilbon finkatu zen.

Lanean hasi zenetik, Trianoko hastapen hartatik Bizkaian, batez ere, haurrengan, zegoen arazo larri batekin topo egin zuen profesionalki: tuberkulosiarekin.

1909an, Foru Aldundiaren eskutik, haurren tuberkulosiaren aurkako prebentziozko proiektu bat taxutzeko onarpena lortu zuen. Horretarako, memoria bat taxutu zuen Luis Larrinaga (Trianoko kirurgiako zerbitzuan bere ikasle izan zena eta sendategi berria abian jartzeko lankidetzan aritu ostean bertako lehen presidente izan zena) eta Felipe Llanorekin batera. Llano probintziako diputatua zen eta memoria hori baliatu zuen urte hartako ekainean mozioa aurkezteko.

Hainbat medikuk osatzen zuten (tartean Larrinaga) batzorde bateko buru modura, arlo horretan Europan garrantzitsuenak ziren zentroak bisitatu zituen. Halaber, Bizkaiko hondartza guztiak ikuskatu ondoren, Gorlizen kokatzea erabaki zen. Mario Camiña probintziako arkitektoak egindako planoak 1910ean onartu ziren. Proiektuak "Esposicione Internazionale d'Igiene Sociale" saria jaso zuen Erroman, 1912an. Modu horretan sortu zen Gorlizeko Itsas eta Helioterapia Sendategia, 1919ko ekainean eraiki eta inauguratu zena. 1921ean Areilzak Gorlizeko sendategiari buruzko memoria bat argitaratu zuen Bilbon.

1917an, Nerbioiko farmazeutikoen Medikuen Elkargoan (1895) oinarrituta, sortutako Bizkaiko lehen Medikuen Elkargoko Batzordeburu izan zen. Areilzak hartu zuen instituzio horretako araudia idazteko ardura. Lehen eginkizunetako bat, Bilboko Udalak egindako eskariari erantzunez, 1918an hiria hartu zuen gripe-izurritearen ondorioei buruzko ikerketa bat taxutzea izan zuen.

1918an, ordurako Basurton zegoen ospitale zibileko zuzendaritza fakultatiboan barneratu zen. Zuzendaritza hori ez zuen hil arte utziko. Lehen lana larrialdietarako gela berritzea izan zen. Horretarako, asepsiako neurri batzuk ezarri zituen (ordura arte ez zegoen halakorik) eta mediku eta erizainen txandak antolatu zituen. Halaber, Anatomia Patologiko eta Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzuak abiarazi zituen.

Barruko medikuen talde bat osatzeko lehiaketa bat deitu zuen. Hala, ospitaleko eginkizunaz gain, klinika izaera barneratu zuen (Bizkaian aitzindari izan zena). Modu horretan, espezialistak prestatzeko irakaslana abiatu zuen. Bere liburutegia barneko langileen eskura utzi zuen.

Garai hartan Bizkaian ez zegoen medikuntzako ikasketarik eta, horren ondorioz, sarritan ikasleek kanpora jotzen zuten, bereziki Valladolid eta Zaragozako unibertsitateetara. Arazo hori, gainera, areagotu egin zen osasun publikoaren eta industrializazioaren eraginez.

Areilzak Basurtok egindako lanari (Trianon eta Gorlizen asistentzia eta prebentzioaren esparrutan gauzatutako lanaren pare) esker medikuntzako goi-ikasketak ezartzeko lehen urrats erabakigarria eman zen. Haren ondotik, Medikuntza Fakultate bat sortzen saiatu zen. Primo de Riveraren diktadurarekin topo egin zuen: 1924ko Errege Ordena batek bere eskaera atzera bota zuen, "beste unibertsitate bat sortzeko" beharrik ez zegoela argudiatuta.

Halaber, lan-istripuetatik eratorritako elbarri kopuru handia murrizteko asistentzia-proiektu batean parte hartu zuen. Proiektu hori Indalecio Prietok sustatu zuen. Diputatu sozialistak, aurretik Areilzari beste proiektu batzuetan laguntza eman zion, Gorlizekoan kasu, eta langile ezinduak lan-munduan berriz ere barneratzeko lantegi-eskola bat sortzea proposatu zuen, Europan eta Estatu Batuetan zeudenaren parekoa.

Foru Aldundiak proiektu bat enkargatu zion Areilzari. Horretarako, Kontinentean zehar ikerketa-bidaia bat zuzendu zuen, teknika aurreratuenak jasotzeko asmoz. Modu horretan, 1926an "Escuela de lisiados y tullidos" abiarazi zen.

Areilza Bilbon hil zen, gaixotasun azkar baten ostean, 1926ko ekainaren 14an. Ideologia anitzeko sinadura eta bitartekoetatik iritsitako nekrologiazko artikulu andana Areilzak izan zuen ospe onaren eta errespetuaren adibide dira. Esate baterako: Ramiro de Maeztu ("El Sol"), Prieto ("El Liberal") Manuel de La Sota ("Excelsior") edo Juan de La Cruz eta Jose Felix de Lequerica ("El Pueblo Vasco").

Unamunok heriotzaren hurrengo egunean gutun bat igorri zien Somonte eta Zugazagoitiari: "ulertuko duzue zer-nolako eragina izan duen nigan Areilzaren heriotzaren berriak. Ona izan zen eta hori nahikoa da. Elkar ezagutu genuenetik jakin-mina eta kezka izan genituen lagun. Elkartu eta misterio beraren gerizpean adoretu genuen elkar" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Urte hartan, 1926an, Moises Huertak egindako bere omenezko monumentu bat ezarri zuten Gorlizeko sendategiaren parean. Bi urte beranduago eskultore berak egindako busto bat inauguratu zen ospitale zibileko lorategietan, bere izena daraman pabiloiaren parean. Bilboko zabalguneko bide nagusi batek ere bere izena darama "Areiltza doktorearen zumarkalea". Halaber, Arte Ederren Museoan ere haren erretratu eder bat paratzen da, Manuel Losadak egindakoa. 1929an ospitale zibileko batzordeak liburutegi bat atontzea adostu zuen, bertako langileek erabil zezaten. Areilzaren alargunak haren liburutegi medikoa eman zion dohaintzan ospitale horri.

Areilzak izaera irekia zuen, asko ikasia eta eleaniztuna zen. Interes intelektual zabalak zituen eta bere jarrera laurogeita hemezortziko belaunaldiaren altzoan koka zitekeen (1898 inguruan Espainian sortutako mugimendu intelektuala).

Bere garaiko auzi kultural eta sozialek kezkatzen zuten eta bere independentzia eta askatasun intelektuala mantentzen zituen beti. Hala, 1923an, Primo de Riveraren diktadura aldarrikatu zenean, uko egin zion Portugaleteko alkate izateari.

Maezturen arabera haren hitza "aintzat hartzen zen, ez medikuntzaren esparruan soilik, baita negoziotan eta politikagintzan ere". Burutsua eta garratza ere bai, bere ingurunearen ikusle argia zen: "Haurrak dotore janztearen eta hauteskundeetan dirua xahutzearen luxua dira Bilbon barne-hustutzeko erabiltzen den era".

Haren seme Jose Maria de Areilzak 1964an argitaratu zuen epistola-liburua (Arturo liburu-dendaren argitalpenak, Bilbo) lekukotza bikaina da Areilza eta bere garaiko Bilbo ezagutzeko. Bertan Jimenez Ilundain eta Telesforo de Aranzadirekin trukatu zituen gutunak jasotzen dira; azkenaren gutunak Justo Garatek gorde zituen.

Nazioartean ezaguna bazen ere ez zen Bilbotik mugitu eta hiri horretan gauzatu zituen medikuntza eta osasun arloko aurrerapenak, garaiko gizartearen aldeko lanean. Hil ondoren Salaberriak zera esan zuen Areilza gogoan zuela "hiriko jainko zorrotzen alde eman zuen bizitza".

  • ARANA PÉREZ, Ignacio de Loyola. El Monarquismo en Vizcaya durante la crisis del reinado de Alfonso XIII (1917-1931). Iruñea: Ediciones Universidad de Navarra, 1982.
  • AREILZA, José María de. Así los he visto, Bartzelona: Planeta, 1976.
  • CORCUERA ATIENZA, Javier. Orígenes, ideología y organización del Nacionalismo vasco. 1876-1904. Madril: Siglo XXI, 1979.
  • GARATE, Justo. "Una excusión riojana del Doctor Areilza". Eusko Ikaskuntzen Boletin Amerikarra, XXXII, 16-18. or.
  • GUIMÓN, J. El Doctor Areilza, precursor de la Universidad de Bilbao, Bilbo, 1971.
  • JUARISTI, Jon. El bucle melancólico. Madril: Espasa-Calpe, 1997.
  • LASUEN, Balendin de. Monumentos a Vizcainos Ilustres, Bilbo, Bilbao Bizkaia Kutxa, 1995.
  • LÓPEZ SÁINZ, Celia. Cien Vascos de Proyección Universal. Bilbo, La Gran Enciclopedia Vasca, 1977.
  • MORÁN, Gregorio. Los españoles que dejaron de serlo. Bartzelona: Planeta, 1982.
  • ORTIZ, María Victoria. Vida y obra del doctor Areilza. Bilbo, 1975 .
  • PAGADIGORRIA, Santos. "El Doctor Areilza, precursor de la Universidad de Bilbao". Eusko Ikaskuntza, 4. zenbakia, 1971, 417 or.
  • SÁNCHEZ GRANJEL, Luis (koordinatzailea). Diccionario histórico de médicos vascos, Bilbo, Euskal Medikuntzaren Historia-Mintegia-Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993.
  • SÁNCHEZ GRANJEL, Luis. Historia de la Medicina Vasca, Salamanca, Instituto de Historia de la Medicina Española-Euskal Medikuntzaren Historia-Mintegia, 1983 .
  • VILLANUEVA EDO, Antonio. "Antecedentes históricos del Colegio Médico de Vizcaya", Gaceta Médica de Bilbao. 1985, 82-86, 439-450.
  • VILLANUEVA EDO, Antonio. Historia social de la Tuberculosis en Bizkaia. 1882-1958, Bizkaiko Foru Aldundia, datarik gabe.
  • VITORIA ORTIZ, Manuel, et al. Vida y obra del Doctor Areilza. Bilbo, La Gran Enciclopedia Vasca, 1975.
  • VITORIA ORTIZ, Manuel. Los Hospitales mineros de Triano, Bilbo, La Gran Enciclopedia Vasca, 1978.