Eskultoreak

Beobide de Goiburu, Julio

Zumaiako (Gipuzkoa) eskultorea. 1891n jaio eta 1969an hil zen.

Jose Maria organo-jole eta konpositorearen anaia. Juliok, talentua bezainbesteko umiltasunarekin, eskultore imajinagilearen karrera egin zuen, eta San Fernandoko Akademian kide izan zen. Oso gaztetan, Asorey ezagutu ondoren, ikasketak utzi eta Gasteizko tailugileen eskolara joan zen, eta han, katedral berrian ere lan egin zuen. Ordurako Dureroren zantzuak zituen marrazkilari bikaina zen. Familiak gordetako marrazkien artean, 18 eta 20 urte zituenekoak daude. San Fernandoko Akademiatik pasatu zen arren, haren marrazki indartsuak ez du kutsu akademikorik eta nortasun propioa du, linea klasiko dotoretasunez mantendu arren; izan ere, haren trebakuntza batez ere autodidakta izan zen. Quintin de Torrek Bilbon emandako irakaskuntzak izan ziren oparoenak. Mende hasieran, Italian eta Frantzian bidaiatu zuen, eta itzuli zenean, modan ziren Europako joerak ezagututa, Zuloaga eta Uranga pintoreekin harreman zuzena izan zuen, eta hirukoa osatu zuten, beren karrera artistikoetan elkarren artean laguntzeko. Ordurako dagoeneko laguntasun estua zuen Perez Comendadorrekin, Madrilgo Akademiako kide izandakoarekin.

1936an Donostiako neguko lehen erakusketan jarri zituen erakusgai bustoetako batzuk eta Semearekin ageri den Ama Birjinaren konposizio bat. Eta 1939an Donostiako San Ignazio Zirkuluan, beste artista batzuekin batera. Julio Beobidek batez ere erretratuaren eta irudi erlijiosoen alde egin zuen, eta irudigile gisa indartu zuen bere nortasuna, irudiei izaera eta adierazpidea emateko nahian; eta oro har, barne-bizitza ematen jakin zuen. Irudiarekiko bere entrega halakoa izanik, harekiko bokazioa bizitzarako arrazoi bihurtu zuen, eta barne-muinetaraino mistikoa izan zen. Berari buruz, hala esan zuen C. Riberak:

"Julio Beobideren sorkuntza erlijiosoak formalki klasikoa den sorkuntza baten barruan sortuta, mamituta, kristalizatuta, daude. Klasizismo horrek esan nahi du artistak nahita eta umil ihes egiten diola gehiegizko subjektibotasunari" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Bere irudien artean, aipatzekoak dira Kristoen lanak, munduan zehar zabaldutako irudiak baitira, besteak beste, hauetakoak: Zumaiako Santiagokoa, Pablo Urangak eta Ignacio Zuloagak polikromatuta (Zuloaga familiaren jabetzakoa), Añorgako parrokiakoa (hor, gainera, Gurutziltzatuaz gain, beste bost irudi ere badaude gordeta, eta horien artean Ama madonna), Erorien Haraneko Gurutze Santukoa, Texaseko San Juanekoa, Montevideokoa, Toledokoa eta abar. Hil zenean (1969), amaitu gabe utzi zuen Errenteriako Aita Kaputxinoentzako bideratutakoa. Gurutziltzatu horiek zizelkatzen zuen nagusitasunaren eraginez, maisuak ez zuen laginik behar izan perfekzioa lortzeko. Hain ondo egindakoak izanik, hala adierazi zuen Kaperotxipik:

"Halakoak izatea nahiko nuke gure elizetako kristoak, baita Andre Maria nahigabetuak ere" (itzulpen moldatua gazteleratik).

Lan gehienak egurrez eta harriz egin zituen. Baina brontzezko burdinurtuzko hustuketetarako lanak ere egin zituen. Gainera, lan eskultorikoa beti osorik egin zuen, arbastatzea berak eginez. Eta bere lanen artean ezin dugu ahaztu, lan bikainak baitira, haurren erretratuak, erabateko goraipamena merezi dutenak. Modernoen artean, besteak beste Casanovas eta Viladomatek ordezkatutako eskola katalana miresten zuen. Eta klasikoen artean, antzinako talde eskultoriko egiptoar, greko eta erromatarrez gain, Donatello, Luca della Robbia, Verrocchio eta Miguel Angel Buonarotti miresten zituen batez ere, baita errenazimenduko Espainiako eskolako irudigile maisuak ere, Juan de Anchieta eta Araoz euskaldunak ahaztu gabe (horien gustuak bateratu zituen norbere inspirazioa galdu gabe, eta horrek eman zion artista honi nortasun irmo hori).

  • ARTECHE, José de. Caminando (El Escultor). Zarautz, 1947, 75 or.
  • Mi viaje diario. "El Cristo de Añorga". Zarautz. 1950, 106 or.
  • De Berceo a Carlos Santamaría [Julio Beobide, 65 or.]. Donostia, 1968.
  • "Gure Beobide". Zeruko Argia, 342 zbk., 1969-09-21.
  • COBREROS URANGA, Vicente. "Julio Beobide". Gaviota, revista de la Asociación Artística de Guipuzcoa. Donostia, 1949.
  • FLORES KAPEROTXIPI, Mauricio. Arte vasco. Buenos Aires, 1954.
  • VALVERDE, Antonio. "En Zumaya". El Diario Vasco, 1968ko apirila, Donostia.
  • VIGLIONE, Antonio. "Exposición Antología de Julio Beobide". La Voz de España. 1968-09-04. Donostia.
  • LECUONA, Manuel. "El escultor Beobide que esculpe para Añorga". Añorga Escolar. Donostia. 1968ko uztaila.
  • "Beobide". Egan, XXVIII libk., 14 or., 1969 urtarriletik ekainera, Donostia.
  • SAN MARTÍN, Juan. "Beobide irudigillea". Zeruko Argia, 271 zbk., 1968-05-12.
  • "Presencia del escultor Beobide en Guipúzcoa". Añorga Escolar, 1968ko uztaila. Donostia.
  • "Julio Beobide". Zeruko Argia, 342 zbk.
  • MALLO, Albino. "Diálogo con D. Julio Beobide". Unidad. Donostia, 1968-08-27.
  • GAZTAÑAGA, Jesús. "Nun dira Beobide'ren irudiak?". Zeruko Argia, 275 zbk., 1968-06-09.
  • "Beobide irudigileari askenagurra". Zeruko Argia, 343 zbk., 1969-09-28.
  • DONOSTY, José María. "Beobide". La Voz de España. Donostia, 1969-09-12.
  • RIBERA, Carlos. "Julio Beobide, inquieto por la expresión y carácter". La Voz de España. Donostia, 1969-09-17.
  • LINAZASORO, Iñaki. "Parte de la obra inmortal de J. Beobide queda en Guipúzcoa". La Voz de España. Donostia, 1969-11-17.