Pintoreak

Vazquez Diaz, Daniel

1882ko urtarrilaren 15ean Nervan (Huelva) jaiotako pintore andaluza. Madrilen hil zen 1969ko martxoaren 17an.

Lehen prestakuntza Sevillan jaso zuen, Museoaren eta Ateneoaren inguruan eta han ezagutu zituen Canals, Iturrino eta Zuloaga pintoreak. 1903an prestakuntzarekin jarraitu zuen Prado Museoan. Madrilen Baroja sendiarekin harremanetan jarri zen, batik bat, Ricardorekin. Harekin aurrerago ere harremana izango du, Hondarribia eta Bera arteko hurbiltasuna dela eta, Vazquez Diaz udan Gipuzkoara joaten baitzen. 1906 eta 1918 artean Parisera joan zen, aurretik hiru hilabeteko geldialdia eginda Hondarribin. Euskal paisaiarekin izango duen lehen harremana izango da eta handik hartuko ditu nahastezinak diren berdea eta urdina. Hala igaroko ditu 1906 eta 1935 arteko udak, Parisera egindako bidaien artean. Donostian egin zuen lehen bakarkako erakusketa. Era berean, harreman artistikoak eta intelektualak egin zituen Donostian eta Irunen eta Jose Maria Salaverria -aurrerago bere lanaren kudeatzaile nagusia izango zena-, Montes Iturrioz eta beste hainbat ezagutu zituen. 1950ean Hondarribiko adopziozko seme egin zuten.

Euskadirekin lotutako artistaren ibilbide paisajistikoak hiru etapa izango ditu: bata kolorista, bestea arkitekturazkoa eta azkenekoa poetikoa (1920tik 1930era), azken horretan sutsuago ahalegindu zen Hondarribian eta bertako paisaian. Euskal pinturan eragin esanguratsua izan zuen, batik bat Bienabe Artia eta Montes Iturriozengan; paisaiaren joera kubista (gizatiartua) eta artelanaren etengabeko arazketa Martiarena edo Olasagastiren moduko pintoreengan atzeman daiteke.

1968an Hondarribiak kale bati bere izena eman zion. Artistaren lanik onenak Bidasoako paisaiarekin, Hondarribiarekin, Lezorekin, Bidasoako badiarekin, Bidasoako txaluparekin... lotuta daude. 1982an erakusketa antologikoak egin ziren Madrilen eta Donostian (San Telmo) artistaren jaiotzako mendeurrenari jarraiki.

Antonio Bilbao Aristeguik honela ikusten du:

"Vazquez Diazengan euskalduna dena zentratu egin behar da, hortaz, produkzio paisajistikoan (...). Vazquez Diazen paisaia den bezalakoa bada, gainerako guztietatik bereizten duen kutsu nahastezina badu, oinarrizko bi arrazoiengatik dela pentsatzen dut: egiturekiko eta gauzen funtsezko bolumenekiko kultuagatik, antolamendu arkitektoniko eta eskultural perfektu eta bukatutakoagatik eta kolorearen aberastasun hain finagatik. Ez paleta zabala izatearen zentzuan -gogoan izan euskal paisaiez ari naizela-, kolore gutxi batzuen barruan -grisak, urdinak, berdeak, moreak- ñabarduren eta tonalitateen aberastasuna mugagabea izatearen zentzuan baizik. Hau da, Vazquez Diazek kubismotik hartutako osagaia duela: zorroztasun poliedrikoa. Berehala bereiziko da kubistengandik, ordea, eta naturari bizkarra ez ematean bereizten da haiengandik".

"Bere arterako gorde zuen ñabarduraren aberastasunaren, bibrazio kromatikoaren pertzepzio oso finaren eta kolorearen kontsiderazioaren legatu inpresionista, ez azalera lau, berdin, monokromo eta euskarriaren gainean zabaldutakoaren gisa, baizik eta atmosferan murgildutako plano gisa eta atmosfera horretatik eta horren bidez jasota beste kolore batzuen islak eta korrespondentziak, hurbilekoak edo urrunekoak, koloreztatutako azalera zati bakoitza taupadaka ari izatea eraginda (...). Vazquez Diazen artea definitzeko, aldiz, ez da nahikoa bere pinturaren alderdi arkitektoniko eta konstruktibista nabarmen egitearekin. Koloreaz eta oso findutako paletaz hitz egin behar da berehala. Vazquez Diazek kanpoko munduaren edertasunaz maiteminduta igaro zuen bizi guztia, naturaren kontenplatzaile asegaitza izan zen eta hortik datorkio pintoreek "naturala" deitzen dutenarekiko leialtasuna".

Jose Mª Moreno Galvan (1962, Goya):

"Esan daiteke, bizitzaren eta objektuen berezitasuna orokortasun geometrikoaren legera laburtu nahi izan zuen kubismoaren aurrean, Vazquez Diaz historiarako indibidualizatutakoa, gauza generikoen legeari menderaezina zaiona, salbatzen ahalegindu zela (...) modernitatearen "etxeko" lerroan geratu zen, Picassok eta Juan Grisek obra "unibertsala" egin zuten artean".

Maya Aguiriano (1993):

"30eko hamarkadan heldutasunera iritsi zien pintore espainol askok bezala, errealismoa sendotzea nahiago izan zuen, inpresionista frantsesen eskutik kolorezko orban soil bilakatu arte argalduta, abstrakziora aldatzea baino, masa piktorikoaren desmaterializazioak ezinbestean ekartzen zuen bideetako bat zena".