Teknikariak

Ruiz Anchia, Juan Antonio

Bilbon 1949an jaiotako argazki-zuzendari bizkaitarra. Juan Ruiz Anchiaren bizitza- eta arte-eskarmentua benetan berezia da.

Bere ibilbidearen hastapenean Hollywoodera abiatu zen eta bertan bere lanaren bitartez tokia aurkitzeko gai izan zen, denboraren joanean amerikar industriako argazki-zuzendaririk garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi arte. Bitartean, paradoxikoa bada ere, bere jatorrizko herrian erabat ezezaguna zen.

Horrela, Andrei Konchalovsky, Hugh Hudson, James Foley, David Mamet edo Mike Figgis bezalako zuzendarien lanetan argiarekin aritu izan da eta bere aholkuak Al Pacino, Nastassia Kinski, John Savage, Robert Mitchum Jack Lemmon, Demi Moore, Julia Roberts, Richard Gere, Lena Olin Dustin Hoffman Rachel Weisz, Samuel L. Jackson, Milla Jovovich edo Ed Harris bezalako zeluloideko izarren inguruak zehaztu ditu. Madonnak berak ere bere bideo askotako argazkia zuzentzeko hautatu egin du. Madrilgo Zine Eskola Ofizialean ikasi zuen. Teknika ikasteko bere ase ezineko egarriak Praga eta Lodzen ikasketak egitera bultzatu zuen baina ez zuen bertako eskoletan sartzerik izan. Juan March Fundazioaren beka bat lortu zuen eta bertan Black Modern Art (1975) dokumentala zuzendu zuen.

Dokumental baten argazki-zuzendari bezala bere lehendabiziko lana J.G. Atienza eta A. Saavedraren La historia y la vida extraterrestre dokumentalarekin iritsi zitzaion. 1976an Teo Escamillarekin batera, Jaime Chavarriren El desencanto-ren argazkia zuzendu zuen. 1979an Estatu Batuetara joan eta Los Angelesko American Film Institute izenekoan bere ikasketak osatu zituen. Bertan, Bigas Lunaren Reborn (1981) eta Michael Dinnerren Miss Lonely Hearts (1982) filmatu zituen. Beti Estatu Batuen eta Espainiaren artean zela, garai horretan teknika ikasteko neurrigabeko zaletasuna azaltzen zuen. Metraia labur eta luze askotan lan eginez jarraitu zuen Antonio Betancoryrekin harremanak izan eta berorrek Ramón J. Senderen Crónica del Alba eleberriaz bi filmetan, Valentina (1982) eta 1919 (1983) egin zuen egokitzapenaren argazkiaz arduratu zen arte. Kritikak argitik abiatu magiaz betetako ingurua sortzeko Ruiz Anchiaren talentua aitortu zuen.

Jose Luis Cuerdaren Pares y nones (1982) eta Jose Sacristanen Soldados de plomo (1983) film luzeen argazkiez, Espainian, jabetu ondoren Estatu Batuetan behin betiko ezarri eta inork ezagutzen ez zuela argazki-zuzendari bezala ibilbide ikaragarri eta arrakastatsuari hasiera emango dio. Bere amerikar abenturan egin zuen lehendabiziko filmetariko bat Andrei Konchalovskyren Maria's Lovers-Los amantes de María (1984) izan zen. Maitasun istorio eder horrek bere aktoreen zerrendan Nastassia Kinski, John Savage, Robert Mitchum o Keith Carradine bezalako artistak izan zituen. Ruiz Anchiak ikaragarri heldu zion filmaren tonuari eta irudiak zirraraz jantzi zituen argiari eman zion erantzun egokiari esker. Agian, operadore bezala bere ezaugarrietariko bat izan daiteke. Carlos F. Herederok El lenguaje de la luz izenekoan bilbotar argazkilariaren irudiari eskaintzen dion ikerketan "expresión y fuerza emocional" izendatzen du eta Ruiz Anchiarentzako "la luz y la cámara traducen en términos visuales una respuesta emocional" dela idazten du. Bere ibilbideak aurrera jarraitzen du House of Games (1987) -David Mamet idazle eta zinegilearekin izan zituen lankidetza ugarietatik lehena-, Carl Shultzen The Seventh Sign-La Séptima Profecia (1988)- bere ibilbidearen hasieran zegoen Demi Moore gaztearekin-, Hugh Hudsonen Lost Angels (1989) (Carros de fuego arrakastatsuaren zuzendaria), Joel Schumacherren Dying Young-Elegir un amor (1991) (Julia Roberts eta Campbell Scott protagonista zirela), James Foleyren Glengarry Glen Ross (1992) Jack Lemmon, Al Pacino eta Ed Harrisek interpretatutako film magistrala edo Mike Figgisen Mr. Jones (1993) -Richard Gere eta Lena Olin-, bezalako izenburu garrantzitsudun izenburuekin.

1997an Antonio Betancorrekin berriz ere lanean jardungo du Mararia filmean, eta lan horregatik Argazkirik Hoberenari 98 Goya Saria lortuko du. Estatu Batuetan hamarkada batetik gora arrakasta izanez bere herrian zinemagileaz jabetu izanaren hasiera ekarri zuen. 1999an Madridimagen 99 jardunaldiak zinemagintza-ekimenari bere Ohorezko Saria eman zion. 2000. Urtean Donostiako Zinemaldiaren eremuan Ama Lur Saria eman zitzaion.

Bere ibilbidean Amerikako zinemagintzan beste hainbat lan interesgarri burutu ditu, esaterako, James Foleyren Confidence (2003) (Dustin Hoffman, Andy García, Edward Burns eta Rachel Weisz txundigarriak burututako aktoreen zerrendaz), Bob Rafelsonen The House on Turk Street-Sin motivo aparente (2003), - Samuel L. Jackson eta Milla Jovovichek interpretatua-, Christopher Cainen September Dawn (2006) aktoreen zerrenda Terence Stamp eta Jon Voightek burutua edo Bunraku (2010) akziozko pelikula. Bertan esku hartzen dute Hollywoodeko hainbat aktore ospetsu, esaterako, Josh Hartnett, Woody Harrelson, Demi Moore edo Ron Perlman.