Literatoak

Basterretxea, Agustin

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Izpazter edo Lekeitio 1700-Lekeitio 1761.

XVIII. mendeko Ilustrazioa heldu orduko eta Jesuitek sortuko duten literatura taldearen estimuz, Agustin Basterretxearen poemek Kristoren Pasioa goraipatu nahi dute.

Ez da ziurra non jaio zen, ez eta zein heriotzaren urtea (1764 jartzen dute Salaberrik eta Urkizuk) ere. Lehen ikasketak Lekeition egin zituen eta 1716an Jesusen Lagundian sartu zen. 1734an profesatu zuen. Barrokoak ekarritako erlijioaren indarragatik misio lanetan ibili zen Bizkaian, eta Literatura, Filosofia eta Teologia irakatsi zituen. Nagusi izan zen Urduñako eta Lekeitioko Jesuiten komentuetan.

Jesuita izan izanak bere lanen ezagutzan eta transmisioan eragin zuen. Basterretxeak idatzitako hiru poemak, Jesu-Christo gure Jaunaren Pasioa, euscarazco versoetan (Bilbao, 1777), Guisonaren acabuco lau gausac eta Anima penitente baten negarrac, Aita Kardaberazen lanetan argitaratu ziren gipuzkeraz, nahiz eta Agustin Basterretxeak bizkaieraz idatzia utzi.

Patxi Salaberrik iritzi oso ezkorra agertu du egile honen lanei buruz:

"Eskola zaharreko onenetakotzat hartua izan bada ere, ezagun da ez dakarkiola berrikuntzarik herri poesian oinarritutako eredu hedatuari. Jesuita haren bertsoak, kantatzekoak ohi zirenak, nekez urruntzen ziren eskema metriko tradizionaletatik." (2002: 137).

Transmisio-indarrari begiratuz gero, askoz ere iritzi hobea dute Santiago Onaindiak eta Mikel Zaratek.

  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Agustin Basterretxea". [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • BIDADOR, Joxemiel. "Literaturan barreneko ibilaldia eliz-egileen bidez". Euskaldunon Egunkaria. 1998-3-13 eta 1998-3-20.
  • KORTAZAR, Jon. "Jesu-Christo Gure Jaunaren Pasioa". Euskal Literaturaren Hiztegia - Idazlanak. EHU-Euskara Institutua. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • ONAINDIA, Santiago. Euskal Literatura.I. XVI, XVII, XVIII mendeak. Bilbo: Etor, 1972.
  • SALABERRI, Patxi. Iraupen eta lekukotasuna. Euskal Literatura Idatzia 1900 arte. Donostia: Elkar, 2002.
  • URKIZU, Patri (zuz.). Historia de la literatura vasca. Madril: UNED, 2000.
  • ZARATE, Mikel. Bizkaiko euskal idazleak. Bizkaierazko literaturearen kondaira antzera. 1580-1968. Bilbo: Derioko Seminario-Ikastetxea, 1970.