Arkitektoak

Sáenz de Oiza, Francisco Javier

Arkitektoa. Caseda, Nafarroa, 1918ko urriak 12; Madril, 2000ko uztailak 18.

Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarra Espainiako XX. mendeko arkitekto garrantzitsuenetakoa eta interesgarrienetakoa dugu. Bere lan gehienak gure eremutik kanpo egin bazituen ere, gure artean eredu esanguratsuak aurki ditzakegu, arkitektura garaikidearen aldeko apustua eginez.

Francisco Javier Saenz de Oiza Casedan jaio zen 1918an, bere aitaren lanbideak baldintzatuta. Jarraian aurrena Sevillara eta gero Madrilera bizitzera joan bazen ere, bere burua beti nafartzat jo izan zuen. 1946an ikasketak Madrilgo Arkitektura Eskolan amaitu ondoren, eskolako Anibal Alvarez Saria irabaziz bere promozioko espediente hoberena izateagatik, urte berean Segoviako Azoguejoko Plazarako prestatzen duen diseinuagatik Espainiako Arkitektura Sari Nazionala irabazten du. Garai hartan Espainian irabazi zitekeen saririk garrantzitsuena zen arkitektura arloan. Bi datu horiek erakusten digute hasieratik Saenz de Oiza arkitekto berezia izan zela, jakintsua eta azkarra maila berean. Printzipioz ongi prestatuta zegoen garaiko Erregimen frankistak eskatzen zuen arkitektura egiteko, hau da, arkitektura historizista. Inperio izeneko estiloan oinarritzen zen, eta inspirazio iturri nagusia errenazimendu garaiko El Escorial eraikina zen.

Berez, lehen proiektuak estilo horretan oinarrituta burutu bazituen ere, arkitekto nafarrak erregimenak berarengan zeukan itxaropena laster zapuztuko du, bereziki 1947an Kartagenako Kontea bekari esker Estatu Batuetara joateko aukera izan zuenean. Bidai horretan Saenz de Oizak arrazionalismoa eta modernotasuna ezagutuko ditu. Horren ondorioz gara hartako beste lankideekin batera -Alejandro de la Sota, Francisco de Asis Cabrero edo Jose Antonio Coderch, adibidez- protagonista nagusia izango da gerra aurreko arkitektura garaikidea gerra ondorengo arkitektura berritzailearekin lotzeko orduan, modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua eginez ere. Lan hori, gainera, ez du bakarrik eraikinen bitartez, baita Arkitektura Eskolan irakasle lanak eginez -1949an irakasle lanetan hasi eta bere bizitzaren amaira arte Eskolarekin harremana mantenduko du, bertako zuzendaria ere izanik. Bere estudioan hainbat arkitekto gazteei lana eskaini zien, esaterako, Rafael Moneo nafarrari eta Juan Daniel Fullaondo bizkaitarrari.

Hala ere, lehenengo eraikinen artean badago gure ustez oso interesgarria izan zen bat, Euskal Herrian burutuko duen lehen eraikina izan baitzen. Oraindik antzinako arkitekturaren eragina nabaritzen zen. Arantzazuko Basilikaz ari gara (1950-54), Luis Laorgarekin batera Gipuzkoan eraiki zuen eliza. Eraikin garrantzitsua izango da, baina ez hainbeste arkitektura lana bezala. Bertan forma nagusiak nahiko ohikoak dira, eta ez dago berrikuntza handirik, irakurketa garaikidea bada ere. Hainbat artista euskaldunak -Jorge Oteiza, Eduardo Chillida edo Nestor Basterretxea- parte hartuko dute, plastika garaikidearekiko apustua eginez.

Hurrengo urtetan, 1954tik aurrera alegia, Saenz de Oizak Estatu Batuetan ikusitako guztia barneratu ondoren eta modernotasuneko arkitektoen irakaspenak bereak egin eta gero -aurrena Le Corbusier eta Mies van der Rohe, gero Frank Lloyd Wright-, arkitektura garaikidearen aldeko benetako apustua egingo du, Madrilgo kanpoaldeko auzo berrietan hainbat etxebizitza multzo eraikiz -Fuencarral, Entrevias, Batan (1955-1960)-. Horietan, bereziki funtzionaltasuna aplikatuko du, baina garaiak zituen baldintza gogorrak ahaztu gabe, materialak zein formak aintzat hartuz. Bere ibilbidearen bigarren fase horretan eragin handiena izango duen eraikina burutu ezingo duen eraikin bat izango da. 1954an Donejakue Biderako Kapera bat eraikitzeko proposamena aurkezten du -Jose Luis Romany arkitektoa eta Jorge Oteiza eskultorearekin elkarlanean- eta Espainiako Sari Nazionala berriro irabazten du. Eraikin horretan Saenz de Oizak arrazionalismoarekiko atxikimendua erakusteaz gain, argi antzematen da bere ustetan formak ez duela soilik funtzioa jarraitu behar, hori ere ahal denean adierazkorra izan behar duela, espresiboa, indartsua.

Hala ere, handik urte gutxitara, Euskal Herrian burutuko duen bigarren eraikinean -Gomez etxea, Duranan (Araba), Gasteiztik hurbil, bere estiloan eta arkitektura ulertzeko duen moduan aldaketak sumatzen dira eta berez, Saenz de Oizaren lana hirugarren fase batean sartzen dela esan dezakegu. Fase honetan, Le Corbusier eta Mies van der Roheren ikasketak ahaztu gabe, arkitekto nafarrak Frank Lloyd Wright eta garaiko beste arkitekto organizisten proposamenak bereak egiten ditu, hori guztia islatuz eraikinen oinplanoan, materialen erabilpenean eta formen adierazkortasunarekiko. Hirugarren fase hori organikoa dela esan dezakegu.

Fase horretan, hainbat lanen artean tipologia desberdinetan bi nabarmenduko dira, Dorre Zuriak izeneko etxebizitza (1961-69) eta Bilbao Banketxearen bulego eraikin dorrea (1971-78), biak Madrilen eraikiak. Lehenengo kasuan Saenz de Oizaren proposamena benetan harrigarria eta liluragarria gertatuko da, eta ez bakarrik Espainiako testuinguruan baizik eta baita Europan barrena ere. Etxadiak altxatzeko orduan, Le Corbusierren ikasketak kontutan hartu zituen. Etxeez gain komunitateari hainbat zerbitzu eskaini behar zitzaizkion, dorrean bertan txertatuak. Saenz de Oizak ikasketa horiek Frank Lloyd Wright arkitekto estatubatuarrak banakako etxeak antolatzeko orduan erabiltzen zituen printzipioekin nahasten ditu, uztartzen ditu, kanpoko itxuran ere konbinaketa hori islatuz. Eraikinaren solairu bakoitzaren diseinua desberdina denez, forma desberdinak ere proposatzen ditu, eraikinaren bolumenari berari itxura eskultorikoa emanez.

Bilbao Banketxearen bulego-eraikinaren proposamenean adierazkortasuna baretzen badu ere, funtzionaltasuna eta arrazionalismoren aldeko joera nabarmenduz. Bestalde, materialen erabilera, barneko espazioak antolatzeko modua, eta batez ere, dorreari eskaintzen dion kanpoko itxura ikusita -guztiz berezia, solairu bakoitzean itzala sortu arazteko eransten dituen estrukturei esker, eta dorrearen ertzak borobilduz-, argi dago Saenz de Oizak berriro ere arkitektura garaikideko maisuen lezioak ikasteaz gain, estilo propioa, berezia eta nortasun handikoa bideratzeko dela.

Baina uztarketa horri etekinak atera ondoren, laurogeigarren hamarkadaren hasierarekin batera, Saenz de Oizak laugarren aldiz estiloaz aldatuko du eta oraingoan nazioarteko eta Arkitektura Eskolako testuinguruan sumatzen zituen aldaketekin bat egiten saiatuko da. Posmodernitatearen eragina jasoko du eta eragin horrek historiaren hainbat elementu berreskuratzeko aitzakia emango badio ere, horrek ez du esan nahi aurreko ikasketa guztiak ahaztuko dituenik. Bere kasuan posmodernitatearen eragina azalean geratuko da, zenbait apaingarrien xehetasunetan, baina ez du oinplanoan, materialetan, antolamenduan, edo formetan, eragina handirik izango. Neurri batean, joera berri horrek ahalbideratuko du oraindik adierazkorragoa izan, alderdi estetikoak gehiago zainduz.

Fase berri honen eredu dira Las Palmas Kanaria Handikoan 1985an eraikiko duen Arte Garaikideko Museoa, M-30 autopistaren ondoan 1986an garatuko duen etxebizitza multzoa, 1987an Madrilgo IFEMA erakundearentzako diseinatuko dituen pabiloiak, eta azkenik, fase honetako lan esanguratsuena eta polemikoena ere, Santanderreko Auditorioa 1989an eraikia. Lan horietan Saenz de Oizak arrazionalismoa, funtzionamismoa, neurri txikiagoan organizismoa eta posmodernitatea nahastuko ditu, baina ez eredu finkoa sortzeko asmotan. Aitzitik, eraikin eta funtzio bakoitzaren arabera eraikin berezia sortu nahi du. Hori bai, kokatuko den testuinguruarekin harreman handirik eduki gabe eta eraikin horietan kolorearen erabilerari garrantzia handia emanez.

Laugarren fase horrek Euskal Herriko lan zehatz batean eragina izango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoan alegia. Iruñean dago, Arrosadia kanpusean, eta 1989an diseinatu zuen. Lan horretan, Saenz de Oizak hasieratik apustu berezia eta neurri batean xelebrea egiten du, ohiko beste unibertsitatetan ez bezala berak ez baitu kanpusa fakultateen arabera antolatzen, baizik eta bi eraikin nabarmenen inguruan -ikastegia eta liburutegia-. Beste eraikinak, txikiagoak, hainbat sailei eskaini zien. Hormigoiaren erabilera, koloreen aniztasuna eta leiho borobilen bitartez, Saenz de Oizak multzo interesgarria sortzen du, zaila izanik estilo zehatz batean kokatzea, funtzionalismoa, posmodernitatea eta historizismoaren hainbat elementu nahasten dituelako. Liburutegiaren diseinua Etienne-Louis Boullee arkitekto frantsesari eginiko omenaldia da, arkitekto horrek XVIII. mendean marraztutako diseinu batean oinarritzen baita Iruñeko eraikina.

Laurogeita hamargarren hamarkadaren hasierarekin, Saenz de Oizak lan gutxiago egin bazituen ere, ez zuen arkitektura utziko eta hainbat proiektu diseinatzeko aukera izan zuen bere estudioren bitartez, non bere seme-alabak ere parte hartuko dute. Azken lan horien artean orokorrean interesgarriena Altzuzan dagoen Jorge Oteiza Fundazioa-Museoa izango da. 1998an proiektatu zuen Jorge Oteizarekin batera, Santiago Biderako Kaperan (1954) eta gero Bilbon La Alhondiga proiektuan (1989) egin zuten bezala.

Eraikin horretan Saenz de Oizak bere estiloa Oteizaren esanetara eta eskulturetara egokitzen du eta horien eraginez sortzen den lana guztiz berezia da. Kubo antzeko bat sortzen du, non nahi zulatuta eta ez bakarrik zenbait funtzio zehatzak eta funtzionalak jasotzearren -sarrerak eta irteerak, argia, haize egokitua- baizik eta bereziki Oteizaren asmo estetikoak bertan biltzeko helburuarekin. Orokorrean, eraikinaren diseinua harrigarria gertatzen bada ere, beste zenbait elementuak aintzat hartuz gero -erabilitako materiala, aukeratutako koloreak, barruko espazioaren antolamendua-, esan genezake ez dela museo batek beharko lukeen eraikin aproposena. Baina nahiz eta estiloz eta estetikaz asko aldatu bazen ere, bere ibilbidearen zehar inoiz galdu ez zuen ezaugarria adierazkortasun nahia izan zen, neurrizko arkitekturari muzin egin eta bere nortasun handia agerian erakutsiz.

2000. urtean 81 urte zituela Madrilen hil zen.

  • ALBERDI JIMENEZ, R.; SAENZ GUERRA, J. F.J. Saénz de Oiza, arquitecto: libro-estudio. Madril: Ediciones Pronaos, 1996.
  • ARSUAGA, M.; SESE, L. Donostia-San Sebastián: Guía de Arquitectura. Donostia: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 1996.
  • ARSUAGA, M.; SESE, L. Gipuzkoa. Guía de Arquitectura de 1850-1960. Donostia: Nerea - Gipuzkoako Foru Aldundia-Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala Gipuzkoa, 2004.
  • CENICACELAYA, J.; ROMAN, A.; SALOÑA, I. Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. Bilbo: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
  • "Francisco Javier Saenz de Oiza", El Croquis. El Escorial: El Croquis, 2002.
  • FULLAONDO ERRAZU, J.D. La bicicleta aproximativa: conversaciones en torno a Saénz de Oiza. Madril: Kain Editorial, 1991.
  • MAS SERRA, E. 50 años de arquitectura en Euskadi. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1990.
  • MOZAS, J.; FERNANDEZ, A. Vitoria-Gasteiz. Guía de Arquitectura. Gasteiz: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 1995.
  • Guía de Arquitectura de Pamplona y su comarca. Iruñea: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 2006.
  • SAENZ DE OIZA, F.J.; CAPITEL, A.; SAENZ GUERRA, J. J. Saenz de Oiza, arquitecto. Madril: Ediciones Pronaos, 1996.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madril: Catedra, 1997.