Sendagileak

San Martin Satrustegi, Alejandro

Mediku eta politiko liberal nafarra, Larraintzarren 1847an jaioa. Madrilen hil zen 1908an.

Bere medikuntzako ikasketak Unibertsitate Zentralean egin zituen. Bere lan-jarduna 1869an Iturenen hasi zuen, urte bete geroago doktoretza lortuz.

1871an "El Siglo médico" argitalpenaren zuzendari izendatu zuten, "La Aspiración Médica" aldizkaria sortu ondoren. Perfekzio teknikoarekiko eta zientzia aurrerapenarekiko bere maitasunagatik nabarmengarria, 1874an Cadizen lehiaketaz Terapeutika katedra lortuko du eta 1882an Madrilen Patologiarena. Katedra hori lortuz geroztik Curso de Patologia Quirurgica idatzi zuen, 1888an Medikuntza Errege Akademiako zenbakidun kide gisa hautatua izanez. Bere ikasle guztiengatik maitatua eta miretsia, Kirurgia zehaztasunen zientzia bezala ulertu zuen eta hori zela eta Gregorio Marañon bezalako egileek bere garaiko jeinu eta ikurtzat jo zuten.

Kirurgia esperimentalerako bere dedikazioak material tekniko berriak eta ebakuntza interesgarriak proposatzera eraman zuen, besteak beste : behealdeko gorputz-adarren anputazio osteoplastikoa, mihiaren erauzketa eta iliakopeko uzki artifiziala. 1902an zirkulazio aparatuaren Kirurgiari buruzko hitzaldia eman zuen, beti bezala orijinalak eta iraultzaileak ziren bere bururakizunetariko batzuk bertan azalduz. Geroztik bururakizun horiek berari mediku jakintza eta prestakuntzaren zati bat zor dien ondorengo zirujauren batzuk sarritan gogoratu dituzte.

"El Demócrata navarro" (1904) ezkertiarren egunkariaren sustatzaileetariko bat izan zen. Bere ekimen politikoa senatari eta berezitasunez Instrukzio Publikoko ministerioan kokatu zen, Segismundo Moreten gobernuan zehar, 1906an, Alderdi Liberal Fusionistaren kide bezala betez.