Arkeologia aztarnategiak

San Juan ante Portam Latinam

San Juan ante Portam Latinam izenez ezagutzen da aterpe natural batetako aztarnategia, taldeko-ehorzketa modura erabili zena K.a. 3365 eta 3035 urte bitarteetan (data neurtuak). Guardia hego-ekialdetik 2,7 km-tara aurkitzen da eta 1985ean aurkitua zen nekazal-bide bat zabaltzeko lanak egiterakoan. Aurkikuntzaren urte berean bidean zabaldurik eta amilburuan agerian gelditu ziren materialak ez galtzeko premiazko esku-hartzea egin zen.

Lehen saioan gutxienez 100 indibiduoen giza-arrastoak aurkitu ziren, zenbait paleontologia kasu, hiru trepanazio, arkeologia material ezberdina, hala nola, ukitu lauko gezi puntak, xaflak, zeio eta ofita landuzko aizkoratxoa, objektu apaingarriak, eta abar. Azpimarratzekoa da aurkitutako silexko gezi-punta sartua duen koxalezko zati bat.

Euskal Herrian gezi puntaz zauritutako lehen gizakia eta indarkeriaren beste ebidentzia batzuk, aztarnategiaren ezaugarriak, testu-inguru arkeologikoa eta larrialdiko indusketak eman zituen beste datu batzuk F. Etxeberria eta J. I. Vegasen komunikazio baten oinarri izan ziren eta 1987ko irailean Gasteizen ospatu zen II Euskal Mundu Biltzarrean aurkeztu zuten, bertako Antropologia Biltzarrean. Ikerlanak indusketaren lehen balorazio eta azalpenak eskaintzen zituen, lanaren izenburuan argi geratzen zen bezala: "¿Agresividad social o guerra? durante el Neo-eneolítico en la Cuenca media del Valle del Ebro, a propósito de San Juan ante Portam Latinam (Rioja Alavesa)."

Aztarnategian, harlauza handi baten azpian, hezurrak agertu ziren eta aztarnategia ez zela bukatu adierazten zuen. Ezinezkoa gertatzen zena, harlauza kentzea lortzen ez bazen, biltegi primitiboaren benetako bolumena ezagutzea zen.

1990ean eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, harlauzaren benetako neurria zein zen eta hura nola kendu jakiteko proiektoa prestatu zen.

Laster jakin zen biltegia tapatzen zuena 25 tonako pisua zeukan hareharrizko bloke izugarri bat zela. Kentzeko moztu beharra zegoen, lehenik bolborazko kargekin eta ondoren eskuz. Azpian giza-hezurrez betetako biltegi izugarri bat zegoen. Indusketa sistematikoa martxan jartzeko plana hasi zen ondoren.

1990eko abuztuan lehen kanpaina antolatu zen eta 1991ko hilabete berean bigarrena.

1985, 1990 eta 1991an eginiko indusketa kanpainen emaitzak honela laburbildu daitezke:

  1. Gaur egunarte Euskal Herrian aurkitu den giza-hezur talde garrantzitsuenaren topaketa da. Gutxienez 289 pertsonenak dira, horietatik 3 jaioberriak, 56. haurrak, 21 gazte eta 209 heldu, talde honen barruan gehienak (%62) gizonezkoak ziren, emakumezkoen %38koen aurrean. Indusketa aurrera eramateko metodoari esker, 80 pertsona baino gehiago bere ehorzketa metodoan grafikoki ezagutu eta errepresentatzeko aukera eman zuen, hala nola 250 hezur-talde, gehienak gorputz-adarrak anatomia loturan. Luzatuta eta erabat makurtuta daudenen (enpaketaturik) gorputzen artean, muturreko posturak izango litzatezkenak, fetu-jarreraren hainbat barietate daude. Zirkunstantzia nagusitzat azpimarratzekoa da gorputz-adarren makurdura.
  2. Ez da nabari gorputzen orientazio konkretu bat ezta hauen antolamendu nagusi bat ere, kokatzeko moduan azpimarratzekoak dira ahoz beherako etzanera, ahoz gorako etzanera, zeharka eta baita bertikalean kokatuak daudenak ere. Buru-hezur askok beheko masailezurra daukate eta indibiduo askoren gorputz-adarren teilakapena ere nabaritu da.
  3. Errekuperatzea lortu den hornidura 410 piezek osatzen dute denera. Zaharberritze prozesuaren ondoren, esku-lan seinalerik ez zeukatenak baztertu eta bi lepokoren 197 dentalia bildu ondoren, eginak izan ziren materialak kontutan edukita hornidura guztira 216 piezek osatzen zutela kontsideratu zen. Silex gaineko piezetan azpimarratzekoa da ia erdia (%46) gezi puntak zirela eta gainontzeko %26 xaflak. Leundutako bi tresna, bi espatula, bost hezurrezko puntzoi eta zeramikazko zati txiki batzuk kenduta, gainontzeko objektuak apaingarriek osatzen zuten, hala nola, harri, lignito eta maskorrezko ale eta zintzilikariak. Azpimarratzekoa da apaingarrien bilduman, basurdeen letaginez eginiko lepokoa.
  4. Gizakienak ez diren hezur arrastoetan azpimarratzekoa da zakur baten (Canis familiaris) buruaren zatia eta bere lehenengo bost lepaornoen arrastoak. Zohikaztegiko (Canis palustris) zakurraren espezimentzat jo daiteke, gaur eguneko txakalen itxura edukiko zuena. Hirugarren lepaornoak ebakidura bat dauka jatorriko antropikoduna eta horrek animaliaren burua mozteko saiakera egon zela adierazten du, azkenean lortuko zena, eskeletoaren kaskezur gaineko beste aztarnarik ez baita aurkitu. Untxi eta erbien arrastoak ere aurkitu dira, hauen historiaurreko izaerak zenbait zalantza ezartzen dituenak, eta zenbait hegazti baita. Zenbait apaingarri eta puntzoietan erabilitako materialarengatik bistakoa da orkatz, ardi edo ahuntz eta basurdeen presentzia ere.
  5. Antropologia fisiko eta paleopatologiako ikerketak amaitu gabe daude baina behaketa asko egin dira paleopatologia arloan batez ere. Esan bezala, orain arte hiru trepanazio mota deskribatu dira, prostatako minbizia eduki zuen gizaki baten arrastoak, gutxienez etzanerako bost kasu inpaktuaren eraginez haustura eduki zutenak, trauma-erako beste lesio batzuk, artrosia, artropatiak, osteomelitisa, anemia ferropenikoa ugalketa adinean zeuden emakumetan, eta abar.
  6. Silexko gezi-puntekin eginiko zaurien taldeak aipamen berezia merezi du. Aipaturiko kasuez gain, 1985eko kanpainan jasoak, beste zortzi kasu identifikatu dira indibiduo ezberdinei modu honetan eragin ziena: lehen orno lunbarra, ezker koxala, eskuineko hemitoraxa, ezkerreko sorbalda-hezurra, garondoa, zortzigarren bizkar-ornoa, eskuineko besaurrea eta zehaztu gabeko bizkar-ornoa. Lau kasutan biziraupen seinaleak daude. Geziaren talka zazpi kasuetan atzetik izan zen eta bi kasuetan aurretik. Gezi-punten beste kasu batzuk ere identifikatu dira leku bigunak ukituko zituztenak eta beraz hezur-arrastoetan ez da inolako arrastorik gelditu.

Beste analisi eta ikerketa batzuk aztarnategiaren deskribapen eta interpretaziorako beharrezkoak ziren datuak eman dituzte.

  1. Datazio absolutuak. 11 lagin bidali dira Isotopes, Uppsala eta Groningenera. Lagin bat bueltan itzuli zen kolageno falta zuelako. Bost lagin ohiko moduan aztertu zituzten eta beste bost AMS prozedura bidez. Ikerketak burutu ondoren SJAPL, K.a. 3.365 eta 3.035 urteen artean kokatzea erabaki zen.

  2. Palinologia. Erabilgarri zeuden laginen emaitzen zutabeak ingurune-aldi bakarra zegoela demostratu dute, Optimo klimatikoaren azken fasea izan zitekeena, Atlantiko-aldia deitua ere izan dena, K.a. 3.500 eta 3.000 urteen artean kokatua.
  3. Aspektu Geotikoak. Aterpea modu naturalean eratu zela adierazteko datu zehatzak eman zituzten, Errioxa aldean ezagutzen diren beste aterpe asko bezalaxe. Ikerketa hauek 40 urmael baino gehiagoren esistentzia posiblearen datu interesgarria eman zuten, inguruan daudenen antzekoak (Carralogroño, Carravalseca, Prao de la Paul...), aztarnategitik metro gutxitara ere honelako urmael baten arrastoak antzeman dira.

SJAPL-en azalpenetara pasa aurretik, testuinguru Arkeologikoari aipamen bat egin behar zaio. 14 km-ko inguruan (plano horizontal batean) San Martin, Alto de la Huesera, Aztiaren Txabola, El Encinal, Los Llanos, Hipogeo de Longar (Nafarroan) bezalako trikuharriak eta Los Husos eta Peña Larga-ko aterpeak daude.

Egia dena SJAPL aterpe natural txiki batean eginiko talde-ehorzketa dela da eta kokatua dagoen testuinguruan ez da batere harritzekoa. Hauek dira lekua berezia egiten duten puntuak:

Datuak bi taldetan banatu daitezke; barnealdekoak eta kanpoaldekoak. Barnealdekoetan bereziak dira ehortzita dauden pertsona kopurua eta populazioaren osaketa, aukeratutako ehorzketa modua eta aterpearen kokapena, horniduren osaketa eta bere berdintasuna, giza-arrastoen antolaketa, datazio absolutuak eta batez ere gezi-puntaz eta beste indarkeria markekin zauritutakoen kopurua. Kanpoaldekoei dagokionez, testuinguru arkeologikoa, klima, kultura, demografia, ekonomia aldaketen egoera eta aldaketa sozialak aipatu behar dira, ehorzketak gertatu ziren garai horretan bertan eta toki horrek izan zezakeen ekonomi boterea: ura asko zuelako (urmaelak, errekak, errekatxoak eta Ebro ibaiaren hurbiltasuna), larreak, basoak, laborantzarako maila edafologiko altuak, ehiza, Mendilerroa... Garai honetan Neolito garaiko migrazio-mugimenduak nabari dira Penintsula guztian. Azkenik, interes handiko datu osagarritzat hartzen da gerra-eszenen irudikapen multzoak, Neolito garaiari egotziak, penintsulako Levanten zenbait aterpetan irudikatzen direnak. Alderdi guzti hauen balorazioek, 1987an emandako interpretazioa berretsi dute. Inguruko gorputz kopuru handia lurperatzeko beharraz sortutako ehorzketa baten aurrean gaude. Kasu gehienetan rigos mortis edo hil ondorengo 24 orduak igarota egin ahal izan zen hau. Zerk eragin zuen gertakari hau? Barnealdeko eta kanpoaldeko datuen arabera bi giza taldeen arteko liskar bortitz baten aukera dago.

San Juan ante Portam Latinam Guardiatik (Araba) 2,7 km-tara dagoen aterpe natural batean eginiko talde-ehorzketa bat da K.a. 3.365 eta 3.035 urteetan (kalibraturiko data) eta Ebro ibaiko erdi-arroko momentu kultural zehatz batean kokatua dagoena, azken Neolitoan. Ehorzketak momentu berean egin ziren edo hilobia denboraldi labur batean zehar erabili zen. Bi aukeretarako baliagarria da ehorzketen arrazoi bezala gertakari bortitz baten ideia hartzea.

Informazio gehiago hemen aurkitu daiteke:

"San Juan ante Portam Latinam". 1999 Erakusketa. Arabako Arkeologi Museoa.
AAM ezarritako aldi baterako erakusketaren katalogoa
Arabako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak argitaratua
Eskaerak: Arabako Arkeologi Museoa. Correría, 116. 01001 Vitoria-Gasteiz. Tlfnoa: 945 181 922 - Fax: 945 181 923
"San Juan ante Portam Latinam. Una sepultura colectiva en el Valle medio del Ebro".
Revista de arqueología. Año XX - 224. zkia. 14-25 orr.

SJAPL ikerketa proiektua lana koordinatzen Jose Ignacio Vegas Aramburuk egon da proiektuaren zuzendari bezala eta parte hartu dute ordenamendu alfabetikoan: Javier Ajamil, Jesus Altuna, Angel Armendariz, Concha de la Rua, Mikel Elorza, Francisco Etxeberria, Mari Sol Fernandez, Lourdes Herrasti, Maria Jose Iriarte, Koro Mariezkurrena, Luis Miguel Martinez Torres, Eduardo Peman, Quintas Fotografos, Ana Uriz eta Francisco Zumalabe.