Pintoreak

Baroja Nessi, Ricardo

Nessi, Juan Gualberto.

Pintorea, grabatzailea eta literatoa. Minas de Riotinton (Huelva) jaioa, 1871ko urtarrilaren 12an. 1954ko abenduaren 19an hil zen Beran (Nafarroa).

Serafin Baroja aitaren lanbidea zela-eta, familiak hainbat aldiz mugitu behar izan zuen bizilekua. Donostian Pio anaia jaio zen, 1879an Madrilera joan ziren, bi urte beranduago Iruñean bizi izan zen eta 1886an Bilbon. 15 urterekin Madrileko Ingeniaritzako Eskola Politeknikoan sartu zen, baina gaixotasun baten erruz ezin izan zuen bere aitaren karrera bukatu. Beranduago, gaixotasuna gainditu ostean, bere arte-zaletasunak bultzatuta, Artxibategien eta Liburutegien erakundean sartu zen, museoren batera bideratuko zuten itxaropenez. Ordurako Pioren lehen literatura-lanak ilustratzen zituen. Karrera hori amaitu ostean, Terueleko Ogasun Delegaziora bidali zuten, zehazki, Artxibategien Sailera. Etsiak jota irrika gehiegirik sortzen ez zion lanbidea utzi eta anaiarekin "okindegiaren abenturan" murgildu zen (1895). Han, batak pintatzen (1895ean Arte Ederretako erakusketarako Estudio del Natural lana aurkeztu zuen) eta besteak idazten ematen zuten eguna; hala okindegia 98ko tertuliarako gune bilakatu zen eta behea jo zuen.

Bi anaiak El Globo aldizkariko erredakzio-taldean sartu ziren eta Marokora ere joan ziren aldizkariak bidalita. Mende hasierako epaileen gustu estetikoari kontrajarrita, anai nagusia Bilboko Arte Modernoko Erakusketara aurkeztu zen (1900. urtean eta hurrengoetan) eta hainbat lekutan eskaini zituen erakusketak, Donostia eta Madril lehenesten zituelarik. 1900-1906 bitartean akuafortea landu zuen nagusiki.

Ordutik Arte Ederretako Erakusketetan parte hartu zuen 1901, 1906, 1910, 1912, 1920, 1924, 1926, 1930 eta 1936 urteetan. Lehenengoetan jadanik erretratugile peto gisa nahiz akuaforte ederren eta bizimodu herrikoien egile modura nabarmendu zen, goiesko eta liriko artean kokatuta. 1906an bigarren domina bat eskuratu zuen eta 1908an iritsi zen bere lehen arrakasta, grabatu arloko lehen domina irabazita, akuaforte ugariri esker. Halaber, ingeniari eiteak bultzatuta, askotariko gailuak asmatu zituen.

Baina Baroja ez zen soilik pintorea: idatzi ere egiten zuen eta itxuraz gainera. 1903an "Arte Joven" taldea sortu zuen Pablo Ruiz Picasso eta Francisco de Asis y Solerrekin batera. 1915ean El Cometa estreinatu zuen Maria Guerreroren Konpainiarekin; 1920an Fernanda argitaratu zuen; eta 1926an El Pedigrée. Ordurako, Baroja sendiak Itzeako etxetzarra eskuratu zuen Beran (1912).

1919an, 48 urte zituela, bere kolaboratzaile leiala izan zen Carmen Monnerekin ezkondu zen, zeina, era berean, pintorea ere bazen. Bere trebetasuna jadanik aitortua zuen kritikak eta 1928an Arte Grafikoen Eskola Nazionaleko irakasle izendatu zuten. Errepublikaren etorrera larrutik ordaindu zuen Barojak, izan ere, Madrildik gertu, Navalcarneron zoritxarreko auto-istripu bat izan zuen, mugimenduaren aldeko propaganda egiteko bidaia egiten ari zela, hauteskundeetara begira. Garrantzia handiko hauteskunde horiekiko grinaren ondorioz Ricardok begi bat galdu eta pintura eta grabatua utzi behar izan zituen. Ordutik aurrera literaturan murgildu zen. 1935ean La nao capitana izeneko eleberri bikainari esker, Cervantes Saria jaso zuen.

Pixkanaka, pintzelekiko zaletasuna berreskuratu zuen, baina jadanik oso gutxi marrazten zuen bertatik bertarako begiradaz. 1936ko udako altxamenduak Beran harrapatu zuen emaztearekin. Senide eta lagunekin harreman oro galdu zuen eta Pio anaiak Frantziara egin zuen ihes; hala, Carmen eta Ricardo Itzean geratu ziren gerra osoan zehar. Han bizimodua irabazteko pintatzeari ekin zion eta Serie de la Guerra izenekoa landu zuen.

Gerra amaitzean, Madrileko bere etxea desagertuta eta bere lagunak han-hemenka sakabanatuta zeudelarik, bikoteak Beran bizitzen jarraitu zuen. Ricardok udan baino ez zuen pintatzen, egun batez 6 margolan ere eginez. Idatzi ere egiten zuen: La tribu del balcón y el coleccionista de relámpagos (1940); Bienandanzas y fortunas, Pasan y se van (1941) eta El Dorado (1942), azken hori berak ilustratuta.

1940az geroztik berriz ere erakusketak egiteari ekin zion Donostia, Bilbo eta Madrileko arte-aretoetan. Baina 1944. urtera arte ez zen Madrilera itzuli. Urte hartan Los dos hermanos piratas y Gente del 98 idatzi zuen, musika ere konposatu zuen, Le limpio a usted los zapatos goieskoa pintatu zuen. Azken horretan, pintoreak, bere buruaren erretratua eginez, Goyari proposamena egin zion.

1949an bi erakusketa egin zituen Donostian, bata akuafortez (urtarrila) eta bestea olioz (abuztua). Hiri horretan Gipuzkoako Artisten Elkartea sortu zuen Martiarenarekin batera. Barojak arrakasta ukan zuen. 1952an, Donostian egindako erakusketan, margolan guztiak saldu zituen. 81 urte zituen ordurako.

1959an, Carmen Monne ezkontideak omenaldi gisa erakusketa bat prestatu zuen eskuragarri zituen senarraren obra guztiekin, baina hura ikusi aurretik zendu zen. Bikotearen bi lagun zahar, Ducloux ahizpak arduratu ziren erakusketa hura gauzatzeaz, haren bilduma baliotsuak hartuta. Omenaldia urte hartako martxoan egin zen, Gipuzkoako hiriburuko Udaletxearen Arte Aretoetan.

Barojaren produkzio naroa sakabanaturik zegoen, gehienbat, bere adiskide izan zirenen artean. Itzean ere ikus daitezke bere olio eta akuaforteak. Llano Gorostiza horrela mintzatu zen:"pintore apal eta kalezalea, eleberrigilea, dramaturgoa, hizlaria eta grabatzailea, Euskal Herriak akuafortea egiteko eskaintzen dituen abagune itzelak hautematen jakin zuena"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Gainera, zinema mutuko aktore ere izan zen. Paper nagusietako bat Nemesio Sobrevilaren El sexto sentido (1926) filmean burutu zuen, abangoardiako filmtzat hartzen dena. Halaber, interprete gisa aritu zen hauetan: Nemesio Sobrevilaren Al Hollywood madrileño (1927), Francisco Camachoren Zalacaín el aventurero (1928) eta Leo Mitllerren Manslaughter (Zentzakaitza) (1931). Orobat, La Nao Capitana bere eleberriaren egokitzapena egin zuen, Florian Reyren eskutik zinemara eramateko (1946).