Ipuia

Otamendi, Jose Luis

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Azpeitia, 1959.

Azpeitian jaio zen Jose Luis Otamendi 1959an eta bertan bizi da. Bigarren hezkuntzako irakaslea da. Ibilbide luzeko poeta da, zazpi poema-libururen egilea; lantzean baino ez du sartu-irtenen bat egin bestelako generoetan: ia salbuespena dira azpeitiarrak argitaratutako ipuin-liburua eta saiakera-lana.

Otamenditik 1980 eta 2007 artean plazaratutako zazpi poema-liburuak multzokatu beharko bagenitu, orokortzeko arriskua gure gain hartuz, sail bakarrean sartu beharko genuke 1980tik 1990era arteko produkzioa, bigarren arotzat hartu 1995eko Lur bat zure minari liburua eta hirugarren etapan sartu Erlojuen mekanika, 2007ko lana. Bat etorri da Otamendiren lana aztertu duen kritika Egunsenti biluzia eta Poza eta gero arteko lanen eta Lur bat zure minari liburuaren artean etena markatzen (Kortazar, 1997; Aranbarri, 1998; Izagirre, 2000). Orobat, 1998an Pamiela argitaletxean 1980 eta 1990 arteko liburuak bolumen bakarrean plazaratu zituen Otamendik, Bakarrik bahago neguan izenburupean eta Iñigo Aranbarriren sarrera argigarriak lagunduta, eta bilduma horrek areagotu egin zuen poetaren lehen bi aroen arteko distantzia estetikoa.

1980ko hamarkada hastearekin publikatu zuen Otamendik estreinako liburua, Egunsenti biluzia, Ustela argitaletxearen babesean, Iñaki Aiestaranen ilustrazioekin. Iñigo Aranbarrik azaltzen duenez (op cit.) erritmoa eta sonoritatea, "perfekzio sonoroa" bilatu nahi du azpeitiarrak estreinako lan honetan. Xalotasunaren poesia da Otamendiren hastapenekoa, faltan duen maitasunaz idazten duena, horretarako irudi poetikoez baliatuz eta surrealismo xalora joz. Lehenengoaren bide beretik doa egilearen bigarren liburua, Azken undinaren kaira (Ustela, 1993), egitura eta formatu aldetik bitxitasunik badakarren arren; izan ere, liburuaren lehenengo erdia poema sorta bat da, baina bigarren atalak "Hiru gau" antzezlan laburra jasotzen du. Irudiak Carlos Martinez Gorriaranenak ditu. Aranbarriren arabera, barne-batasun handiagoa dute bilduma honetako poemek aurreko bildumakoek baino. Esan daiteke Otamendik barne geografia bat, maitasunarentzako espazio bat, eraikitzera jo zuela bilduman, geografia hits bat, edertasuna, bilatzen duten irudi poetikoen bidez.

Liburuetan ez ezik, literatura-aldizkarietan ere plazaratu zituen Otamendik poemak 1980ko hamarkadan, Susa aldizkarian nagusiki, hala bereak nola itzulitakoak. Aldizkaritik izen bereko argitaletxea sortu ostean, bertako poesia saileko erreferentzia nagusietako bat bihurtu zen Otamendi, bertan argitaratu baitziren 1987ko Zainetan murrailak eta ondotiko lanak. Otamendiren hitzetan, bere hirugarren liburuan aurrekoen marko erreferentzial berak mantentzen da (maitasuna, itsasoa, heriotza...), baina adierazteko era du bestelakoa. Aranbarriren arabera, hasierako obsesio formaletik askeago dabil hirugarrenean azpeitiarra, nahiz eta aurreko liburuetan erakutsia zuen paralelismoetarako eta errepikapenetarako joera oraingoan areagotua eta findua ageri den. Maitasuna du gai nagusi berriro Otamendik, aurrekoetan baino mingotsagoa da tonua, ordea, etsituagoa eta eszeptikoagoa. Dena den, denboraren larriduraren aurrean maitasuna ageri da, atzera ere, babesleku bakar gisa.

Bidea ahitzen ari zitzaiola kontziente zen Otamendi Poza eta gero (Susa, 1990) argitaratu zuenean. Bakardadetik eta intimotasunetik ateratzeko eta kolektibitatearen bilaketara abiatzeko asmoa agertu zuen, hala, laugarren poema-liburuan, geroago etorriko zen Lur bat zure minari lanean goia joko zuen bidea iradokiz. Aranbarriren hitzetan, aldatua da poeta 1990eko lanean: "Maitasunari txipitasun naif batez idazten zion poeta hura existentzialismoaren gai nagusiak espresionismo preziosista batez itxuraz erraz marrazten dituen idazlea da." (Aranbarri, op. cit.). Kadentzia luzeagoko poemak eman zituen ordukoan Otamendik, erritmo pausatuagoetara jota. Irudien pilaketa aurrekoetan baino gordinagoa da laugarren liburuan. Maitasuna du berriro gai nagusi, baina mina eta erotismoa gero eta gehiago uztartzen dituen ikuspegi batetik. Hiru ataletan banatu zuen Otamendik lana: estreinakoan, pozak du protagonismoa; bigarrenean, munduaren gogortasuna irudikatzen da; hirugarrenak sintesi-funtzioa egiten du, poza norberak sortu eta eragin beharra adieraziz.

Aranbarrik azaltzen duenez, Poza eta gero liburuan iradokitzen dira lehenengo etapa hori itxiz hurrengo lanean garatu ziren joerak: sugestioaren eta diskurtsoaren arteko poesia egitea eta irakurlearen kolektibizaziora jotzea, besteak beste. Horiek izango ditu, izan ere, beste hainbatekin batera, ezaugarri Otamendiren poesian bigarren aro bat markatzen duen Lur bat zure minari bildumak. Batasun semantiko eta tematiko handiko liburua da egilearen bosgarrena: lurraren eta zu delakoaren artean dabil etengabe ni poetikoa, eta maitasunak eta lurrak osatzen dute eremu semantiko nagusia.

Aurreko poema-liburuetan maitasunarentzat neurrira eraikitako geografia bat sortu zuen Otamendik; oraingoan poemetan ageri den geografia ez da maitasunaren espazio lirikoa, ezpada errealitate sozio-politikoaren oihartzunak dakartzan lur kontraesankorra. Lurrak askotariko esanahiak hartzen ditu poema-liburua osatzen duten bi ataletan: lehenengoak, Polderrak darama izenburu eta lur ezegonkorraz, labainkorraz, dihardu, zalantzen esparruan ziurtasun apurrak bilatzeaz; bigarrenean, aldiz, Almitza izenekoan, lurrak esangura garratzagoa hartzen du, eta gerrako semantika nagusitzen da, gerran dagoen geografia irudikatuz. Kolektiborantz zabaltzen da poesia, erreferente sozial zenbait aipatuz eta kolektibotasunarekiko harreman kontraesankorra garatzen du poetak, aldi berean haren parte izanik eta handik kanpo kokatuz. Maitasunak, bestalde, gai nagusi izaten jarraitzen du, baina minari estuki loturik ageri da honezkero, banaezin.

Bertso-lerro luzeagoak, kadentzia pausatuagoak, darabiltza Otamendik liburu horretan, eta irudi bortitzak pilatzen ditu maiz. Izagirreren hitzetan (op. cit), "espresionismo bortitz bat" litzateke azpeitiarrak liburu honetan garatutakoa. Irudiez gain, dena den, aurreko liburuetan ez bezalako diskurtsibitaterako joera agertzen du hemen Otamendik, nagusiki kontraesan eta paradoxaren bidez bideratzen duelarik hausnarketa.

1995ean Lur bat zure minari argitaratu ostean, luzaz egon zen Otamendi poema-libururik argitaratu gabe, hamabi urtez hain zuzen ere. Tartean, baina, orain arteko bere narrazio-liburu bakarra publikatu zuen, Euri kontuak izenekoa (Susa 1999); hala ere, aurretik bazituen hainbat ipuin literatura-aldizkarietan plazaratuta. Hogei narrazio labur biltzen ditu liburuak. Narrazio gehienek Otamendiren beraren inguru hurbila dute kokaleku, Azpeitia eta Urola aldea. Ipuinak sinesgarriak izatea eta egunerokotasunetik hurbileko istorioak izatea bilatu zuen egileak narrazioak ontzean, horregatik dira tonu apalean mintzo diren istorio txikiak. Asperdura eta baretasunaren erdian tarteka minak egiten dituen astinduak dira ipuin askoren oinarria. Gaiak, berriz, askotarikoak dira: politikara jotzen dute maiz, familia-harremanak aztertzera sarri, bikote-harremanen barruko miseriak arakatzera inoiz.

Poesiarik argitaratu gabe egondako urte luzeetan, dena den, Otamendik bestelako bideak bilatu zituen komunikazio poetikoarentzat, izan ere, hainbat idazle, musikari eta artistarekin jardun zuen lankidetzan, bizpahiru ikuskizunetan parte hartu zuen 1998tik aurrera. Urte horretan, Koldo Izagirre eta Iñigo Aranbarri idazleekin, Bide Ertzean musika-taldearekin eta Mattin marrazkilariarekin batera Dana lanbrotute ikustot emanaldian parte hartu zuen, Mitxel Sarasketak kartzelan hogei urte egin zituela-eta sortutako ikuskarian, alegia. 2000. urtean, berriz, Ibiltarixanak ikuskizuna prestatu zuen Iñigo Aranbarri eta Bide Ertzean taldearekin. XX. mendeko poesiaren errepasoa proposatzen zuen emanaldi hark, ibili dabilen herriaren metafora gidari hartuta. Ubeda anaiek 90eko hamarkada amaieran sortutako Bide ertzean taldearen eta Otamendiren arteko lotura estua izan zen hasieratik, eta horren fruitu da 1999an bandak grabatutako Zure minari pop-diskoa, osorik Otamendiren testuen gainean egindako kantuz osatua.

Egileak aitortu izan duenez, jendaurreko emanaldi horiek eta musikariekin egindako elkarlanak izan zuten eraginik poesia ulertzeko bere moduan, eta baita hurrengo urteetako bere poesia-sorkuntzan ere.

Lur bat zure minari lanarekiko ez dakar haustura bortitzik Erlojuen mekanikak (Susa, 2007) lanak, baina isolamendua apurtzeko, indibidualtasunetik eta betiko gaietatik urruntzeko gogoa are nabarmenagoa da, eta poesia narratiboagoari, kontzeptualagoari, soilagoari, irakurlearekiko eskuzabalagoari zabaltzen zaio bidea. Paradoxak, nahi eta ezinaren dialektikak, errealitatearen eta nahiaren artekoak bere horretan dirau, ordea, liburua zabaltzen duten lehenengo lerroek iragartzen duten bezala: "gu munduarenak gara/ baina mundua ez da gurea." Aurrekoaren aldean, autobiografiatik, nitasunetik gehiago duten poemak dira, gogoetetara txikitasun horretatik hurbiltzen direnak. Eduki politikorik ez da falta, batik bat amaierako ataletan. Aipatzekoa da, bestalde, Otamendik Poema politikoak izenburuko plaquette bat ere eman zuela argitara Susa argitaletxean 2001ean.

Euri kontuak ipuin-liburuaz gain, saiakera-lan bat da Otamendik poesiaz kanpo egindako bigarren lana: Loiolarik ez balitz (Uztarria kultur elkartea, 2005), Iñigo Aranbarrirekin elkarlanean idatzia. Euskal literaturaren historiara hurbiltzen dira bertan bi egileok, Loiola eta Loiolaren ingurua abiapuntutzat hartuta. Han idatzitakoak, hari buruzkoak edo Loiolarekin nola-halako lotura izan duten idazle eta idatzien bidez egiten dute gure literaturaren errepasoa.

Literaturaren gaineko hainbat hitzaldi emana da Otamendi azken urteotan: abangoardia historikoez, Maiakovskiz, edo kartzelako literaturaz, besteren artean.

Euskal ipuinen gaztelaniazko antologia baten apailatzailea ere bada Otamendi (Desde aquí. Antología del cuento vasco actual, Hiru, 1996).