Abesbatzak

Donostiako Orfeoia

1896ko ekaineko egun batean, Abesbatza Elkarteko hogei abeslarik, Luzuriagaren agindupean, trena hartu zuten eta gero diligentzia Arrasatera iristeko; egun haietan Euskal Jaiak ospatzen ziren bertan. Donostiako Orfeoiaren talde aitzindaria zen, legez 1897ko urtarrilaren 21ean sortu zena.

Kronikek diotenaren arabera, hogei abeslari saiatu haiengandik sortu zen gaur egun arte iraun duen ideia: "euskal kantua zaintzea eta zabaltzea".

Luzuriaga eta Oñate dira lehenengo zuzendariak. Lehenengo bost urteetan, Orfeoiak oso errepertorio motza du: Brull-en Jota Navarra, Strauss-en Danubio Urdin Ederra, Muller-en Oh, Pepita, eta Boga, Boga herrikoia nabarmentzen dira beste hainbat lanen artean. Baina balantze artistikoa labur eta zehatz eginez gero, sortzaileei antolaketa-lan handia aitortzen zaie. Bosturteko horretan hogei kontzertu soilik eman zituzten, baina zuzendarien laurogeita hamasei bilera eta hogeita bederatzi batzar egin zituzten.

Lehenengo urteek taldea antolatzeko eta abesbatza-eremuan kokatzeko balio dute; laster, ordea, irizpideak bateratu eta helburuak ezarriko dituzte.

Orfeoiak ondo zehaztutako lau aldi ezagutu ditu bere historia luzean; aldi bakoitza bere zuzendariaren izaerak eta nortasunak markatu du: Secundino Esnaola, Juan Gorostidi, Antxon Ayestaran eta Jose Antonio Sainz Alfaro.

XX. mendearen hasieran ohikoak ziren abesbatzen lehiaketak, eta Donostiako Orfeoiak parte hartzen zuen, nola ez. Sari ugari dituzte garai hartakoak, eta 1906an iritsi ziren gorenera Parisko Grand Prix d"Honneur sariarekin.

1909an Esnaola maisuak garrantzizko erabakia hartu zuen Donostiako Orfeoiaren etorkizunerako: emakumeak sartzea eta ahots lodiko koroa koro misto bilakatzea. Horrek berekin ekarri zuen errepertorioa zabaltzeko aukera eta mundu sinfoniko-koralean zuzen-zuzenean sartzea. Ikusmin handiz, donostiarrek Bello Navíoren interpretazioa entzun zioten Donostiako Orfeoiari, lehen aldiz "andereñoak" zituela sopranoaren zatia abesten, haurren ordez. Arrakasta erabatekoa izan zen.

Esnaola maisuaren aldi horretan aipagarriak dira Donostiako Kasinoan Orkestra Sinfonikoarekin eskainitako emanaldiak, Arbós maisuak zuzenduta, eta baita Teatro Lírico-n eta Madrilgo Errege Antzokian eman zituzten kontzertuak ere.

Juan Gorostidi maisuari esker, Esnaolaren ondorengoa izan zena, abesbatzak nazioko eta atzerriko zuzendari handien eragina izan zuen, eta Europako nazioarteko jaialdi nagusietan aritu zen. Nabarmentzekoa da errepertorioa handitu egin zela; aldi hartan, zarzuelaren eta operaren eremura zabaldu zen.

Juan Gorostidiren heriotzaren ondoren, Antxon Ayestaranek hartu zuen abesbatzaren zuzendaritza, aurretik abesbatzaren zuzendariorde eta tenor izan zenak. Aurrekoen lan eskergari segida eman zion hark eta, gogo biziz, maila artistikoa etengabe hobetzea lortu nahi izan zuen. Harekin ugaritu egin ziren nazioarteko kontzertu-itzuliak eta, horren ondorioz, beste herrialde batzuetako entzuleen eta kritikaren aitortza lortu zuten. Haurren abesbatza sortu eta hari lehen bultzada eman zion; gaur bere izena duen musika-tailerra abian jarri zuen eta baita kantu-eskola bat ere.

Jose Antonio Sainz Alfarok hartu zuen Donostiako Orfeoiaren zuzendaritza 1987an, Ayestaran hil zenean. Baritono gisa sartu zen Orfeoian; 80ko hamarkadan elkarlanean aritu zen laguntasunean Antxon Ayestaran taldeko nagusiarekin -haren laguntzaile izan zen berehala- eta zuzendariorde izendatu zuten. Sainz Alfarok ahots gazteekin berritu zuen abesbatza, eta eutsi egin zion aurreko zuzendariek lortutako musika-maila altuari. Abian jarri zituen haurren abesbatza eta biolinaren eta biolontxeloaren ikasgelak.

Azken urteotan partitura berriak sartu dira Donostiako taldearen errepertorioan; besteak beste: Bruckner-en Meza Fa minorren, Enescoren Oedipe, Menotti-ren Brindisiko apezpikuaren heriotza, Stravinskyren Oedipus Rex, Gounod-en Mors et Vita, Rachmaninov-en Bezperak, Franck-en Redemption, Mendelssohn-en 2. Sinfonia edo Elgar-en Geroncioren ametsa.

Egindako 130 grabazio baino gehiagoren artean aipagarriak dira EMI-France-rentzat gauzatutakoak Frantziako Tolosako Kapitolioaren Orkestra Nazionalarekin eta Michel Plasson-ekin batera: Padmavati (Rousel), Gran Prix de l"Academie du Disque Français eta Gran Prix de L"Academie Charles Cros lortu zituena; Requiem (Fauré); III. Sinfonia (Ropartz), zeinarengatik Urrezko Diapasoia eman zitzaion; La Arlesiana (Bizet); Edipo (Enesco); Guercoeur (Magnard), Gran Prix Academie Charles Cros, Grand Prix Academie du Disque Français, Grand Prix Academie Disque Lyrique eta Le Prix Cecilia en Belgique sariak irabazi zituena; Evocations (Roussel); Koroatze Meza (Mozart); Mors et Vita (Gounod); Redemption (Franck); Requiem (Verdi) eta Carmina Burana (Orff).

Deutsche Grammophone zigiluarekin nabarmentzekoak dira: Homenaje a Carmen, 1997an Berlinen grabatua Silvesterkonzert kontzertuan Abbado-rekin eta Berlineko Filarmonikoarekin; Berlioz-en Faustoren kondenazioa 1999an Salzburgon erregistratua Sylvain Cambreling-ekin eta Berlineko Staatkapelle-arekin; eta Mahler-en 2.a 2003ko Lucernako Jaialdian, Jaialdiko Orkestrarekin eta Claudio Abbado-rekin.

2003an, EMIk argitaratutako Verdiren Réquiem Mezaren CDa Grammy Sarietarako hautagaia izan zen "Best Choral Performance" kategorian; Orfeoiaren zuzendariak izendapen hori partekatu egin zuen grabazio horretan parte hartu zuten beste abesbatzetako zuzendariekin: Swedish Radio Chorus eta Eric Ericson Chamber Choir. Lan hori bera DVDan argitaratu zuten.

Euroarts-ekin Mahler-en 2.a grabatu zen 2003an Lucernako Jaialdian, Abbado-ren zuzendaritzapean eta Lucerne Festival Orchestra-rekin; disko horrek Urrezko Diapasoia lortu zuen.

RTVE zigiluarekin hainbat CD erregistratu dira: horietako bitan, abesbatzaren mendeurrena zela-eta, kontzertu bateko eta besteko zatiak biltzen dira, eta batek Platinozko Diskoa lortu zuen; bi habanera doinuenak; beste bi "Clásicos Populares" izena zutenak; Urrezko Disko izendatu zuten "Canciones"; "Orfeón Donostiarra Clásico" Mozarten Requiem eta Orff-en Carmina Burana zituela; eta "Latino", Atlantikoaren bi aldetan ezagunak egin ziren abestiekin.

Bere historian eskuratu dituen sarien artean, nabarmentzekoak dira:

  • 1903 Premier Prix d´Honneur de Royan
  • 1904 Zaragozako Orfeoien Lehiaketako Lehen Saria
  • 1905 Bilboko Ohorezko Lehiaketako Lehen Saria
  • 1906 Parisko Grand Prix d'Honneur
  • 1932 Donostia Hiriaren Urrezko Domina
  • 1934 Bergarako Udalaren Urrezko Domina
  • 1940 Ikuskizunaren Sindikatu Nazionalaren Urrezko Domina
  • 1941 Musikaren Sari Nazionala
  • 1942 Alfontso X. Jakintsuaren Gurutzea
  • 1944 Merezimendu Zibilaren Gurutzea
  • 1947 Madril Hiriaren Urrezko Domina
  • 1951 Zaragoza Hiriaren Urrezko Domina
  • 1951 Bordele Hiriaren Zilarrezko Domina
  • 1958 Bruselako Urrezko Domina
  • 1966 Elisabet I.a Katolikoaren Ordenaren Urrezko Gorbata
  • 1975 Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Arte Ederretako Urrezko Domina
  • 1983 San Fernandoko Arte Ederretako Akademiaren Ohorezko Domina
  • 1984 "Príncipe de Asturias de las Artes" saria
  • 1984 Frantziako Tolosa Hiriaren Domina
  • 1985 Gipuzkoako Urrezko Domina
  • 1988 Prentsa Informatzaile Grafikoen Elkarte Nazionalaren Saria
  • 1996 Ondas Saria
  • 1997 Donostiaren Domina
  • 1997 Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdiko Domina
  • 1997 Euskaldun Unibertsala
  • 1997 Donostiako Musika Hamabostaldiko Domina
  • 1997 Gaztelubideko Urrezko Upel eta Intsignia
  • 1998 Sabino Arana Fundazioaren Urrezko Domina
  • 2000 Alcala de Henareseko Unibertsitateko Arteen Unibertsitate Klaustroko Ohorezko Kide
  • 2005 Madrileko Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenaren Urrezko Domina
  • 2005 Espainiako Unicefen Urrezko Domina