Marinelak

Oquendo y Zandategui, Antonio de

Marinela. Donostian jaio zen 1577an eta Coruñan hil zen 1640ko ekainaren 7an.

Miguel de Oquendo eta Maria de Zandateguiren semea, Aro Modernoko elite gipuzkoarretako senar-emazte tipikoen semea. Probintziako hiri-ingurunean finkatutako kapare-familien merkataritzako interesak, Oquendotarrenak, nobleen leinuetako oinordeekin nahastuko dira, Lasarteko dorrekoekin alegia, jatorrian lurraren jabetza feudalean oinarritzen zirenekin.

Antonio de Oquendoren amarekin lotutako notario-dokumenturen batek argi erakusten du etorkizunean almirante izango denaren familiako harmonizazio hori, jatorri feudaleko nobleziaren eta manufakturan eta merkataritzan jarduten zuten forupeko hiribilduetan finkatutako kapareen artean. Hori da 1596. urtean Maria de Zandateguik idatzitako ahalordearen kasua. Bertan 1.800 dukateko mailegua sinatu zuen familiaren lur-jabetzekin abalatuta eta koinatuak, Miguel de Oquendoren anaia Antonio de Oquendo kapitainak, bermatuta. Azken horrek esportaziorako burdina eskala handian fabrikatzeko familia-negozioarekin jarraitu zuen, Leitzarango haraneko Iturain burdinolatik nagusiki -Ynturia edo Yturria gisa ere ezaguna da- eta 1595. urtean, hobekuntza nabarmenak egin zituen bertan Oquendo kapitainak, hala nola gabi berria jarri zuen.

Antonio de Oquendok jasotako hezkuntzari buruzko datuak urriak dira eta bere bizitzako beste hainbat alderdirekin gertatzen den moduan, eztabaidagarriak. 1666. urtean, Miguel de Oquendo odoleko semeak idatzitako almirantearen lehen biografiaren arabera, heziketa urria jaso zuen, 16 urte bete aurretik amaitu zuen, Koroaren ontzi-zerbitzuan sartzeko eta ondorioz hutsune larriak izango ditu. Oquendo jenerala bizi guztian damutuko da horretaz -haren seme Miguelen arabera, betiere, bere burua biografo izendatu zuenaren arabera-.

Zabal dokumentatutako Antonio de Oquendori buruzko obretako baten egile den Ignacio de Arzamendik, ordea, lehen biografia horren egilea datu horietan oker dagoela dio; Arzamendik erabilitako hainbat iturritan gezurtatu egingo dira eta Antonio de Oquendok 25 urte ingurura arte amaren etxean jarraitu zuela erakutsiko dute eta heziketa, beraz, El héroe cántabro lanaren egileak iradokitzen duena baino saiatuagoa izan zen. Arzamendik dio almiranteak eta aparteko liburutegiak zuten korrespondentzia nahikoa froga dela 1666an lehen biografiaren argitalpenean egotzitakoa baino heziketa sendoagoa izan zuela ondorioztatzeko.

Antonio de Oquendoren biografoen artean ez dago desadostasunik nautikako azterketen izaera enpirikoari dagokionez eta Rafael Estradaren esanetan, maila esanguratsura heltzen dira. Astronomiaz duen ezagutzagatik onartuko ditu, hain zuzen, garaiko teoriarik abangoardistenak. Eguzki-sistemaren ikusmolde kopernikarra, kasu, lur higiezina, gainerako astroak inguruan biraka izango zituena, ezinezkotzat baztertuta. Oquendoren garaikide zen Tycho Brahe berriro ere inposatzen saiatu zen tesia eta gezurtatuta geratu zen Antonio de Oquendoren garaikideak ziren beste bi astronomo ospetsuren kalkuluekin: Johannes Kepler, Tycho Brahe-ren laguntzailea Uraniborgeko behatokian, eta Galileo Galilei, inkisizio erromatarrak kondenatua mota horretako teoriak defendatzeagatik.

Antonio de Oquendoren ibilbide militar luzearen lehen helmuga Napoliko galerak izango dira. Zerbitzu hori 1600. urtearen eta 1604ko uztaila bitartean luzatuko da. 1602. urtean bere ofizialek igorritako zenbait dokumentutan Donostiako biztanle gisa deskribatzen da, aurpegiz beltzarana eta garaiera txikikoa.

1604. urtean, Lisboako basean lehen galeoiaren agintea lortu zuen, Delfin de Escocia delakoarena. Horren eta antzeko tamainako La dobladilla galeoiaren buru zela egin zuen lehen arma-gertakari esanguratsua, kosta portugaldarra leporaino betetzen zuten kortsario ingelesen aurka -une hartan Espainiako monarkia inperialaren zati-, agintea zuen lehen espedizio hartako xede nagusi zirenen aurka. Cadiz parean, Luis Fajardo komandantearengandik jasotako eta zigilatutako aginduz ezarritako gurutze-ontziaren mugan, ontzi ingelesari egingo dio eraso 1604ko abuztuaren hasieran, La dobladillak defendatzeko sua emango dion bitartean. Lopez-Alenen arabera, bizkar gaineko borrokak hainbat ordu iraungo ditu eta sutsua izango da, baina azkenean Delfin de Escocia ontzia Cascaeseko portura itzuliko da kroskoa balaz josita duela, baina ontzi ingelesa errendituta atoian daramala. Harrapakin hark atzemandako altxor oparoa ekarriko du eta garai hartan oraindik kapitaina zen Antonio de Oquendo y Zandateguiren mailaren igoera ekarriko du.

Hori horrela, 1605. urtean, Felipe III.a erregeak Valladolideko gortera deitu zuen eta han lehen eskuadraren agintea eskaini zion. Oquendok berak honela deskribatuko du 1607ko maiatzaren 23ko dokumentu batean -Tolosako alkateari eskaera Martin de Sasyain harrapatzeko, erroldatzeagatiko aurreratutako ordainsariak kobratu ostean desertatu baita-: "la esquadra de su magestad de sus Reales galeones del senorio (sic) de Vizcaya" (Bizkaiko Jaurerriko errege-galeoien eskuadra), Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoak eskainitako ontziak biltzen dituen armada txikia. Estrada almiranteordeak sinatutako Oquendoren biografiak azpimarratzen duenaren arabera, izendapena eskuadra haren kapitain jeneralarena izango da, bitarteko izaerarekin, baina garai hartako beste dokumentazio batek jeneral eraginkorraren maila egotziko dio, beste bereizketarik gabe. Juan de Hurdayre almirantearen alabak 1607ko maiatzaren 16an helarazitako kitapen-gutunean irakur daitekeen moduan, likidatuta geratuko da haren aitak "maiestateak Bizkaiko eskuadrako galeoien jeneral egindako Antonio de Oquendori, sortu zitzaion nolabaiteko beharrari aurre egiteko" utzitako 300 dukateko zorra.

Zerbitzu hura 1608 arte luzatuko da, entzuterik gabeko gertakariekin, Antonio de Oquendoren agintepeko zenbait unitateren urperaketa salbu, Biarritz eta Donibane Lohitzune artean; garaiko zenbait tratatu-idazlek sorginkeriari egotziko dizkiote. Oquendok urperatutako ontzietako artilleria berreskuratuko du eta armada berregituratuko du modu asebetegarrian eta 1608ko urtarrilaren 7an Kantauriko eskuadra berriaren kapitain jeneralaren izena hartuko du.

Oquendoren ibilbideak garatzen jarraituko du 1619 arte gertakari handirik gabe, Atlantikoan -holandarren aurka nagusiki- eta Mediterraneoan jardungo du eta hor kortsario berbereen kontrako Laracheren sorospenean hartuko du parte.

Garai hartan Savoiako Philibert printzearen laguna egin zen eta hark mailaz igotzeko gomendatu zuen berriro ere eta Santiagoko zaldunen aparteko abitua lortu zuen. Bereizgarri hura 1614ko abuztuaren 12an eman zitzaion, Maria de Lazcanorekin ezkondu eta urtebetera. Ahalordez ezkondu ziren 1613ko martxoaren 13an, Antonio de Oquendo berriro ere Sevillan zela zerbitzuan.

1619an lehen desadostasuna izango du Madrilgo gortearekin, Ozeano Itsasoko Armadaren almirante jeneralaren karguari, bitarteko izaerarekin, uko egitean. Giltzapetuta egongo da enplegurik eta soldatarik gabe Hondarribiko gotorlekuan; atxiloketa horretatik laster irtengo da gotorleku hartako maisuaren, Bernardino de Menesesen, aholkuei esker. Kargua berrikusteko eskaera egiteko aholkatuko dio, gutxienez Donostia jaioterria izan dezan espetxe gisa eta han bere erantzukizunaren mende jarraitzen zuen Kantabriako ontzidiaren prestaketaz arduratzeko.

Birgaitzea berehala etorriko da; zerbitzu bikainen aldi berriari ekingo zaio Indietako ibilian eta Habanatik itzulerako nabigazio gorabeheratsuak soilik eklipsatuko du; izan ere, Oquendok bi ontzi eta Espainiaraino lagundu behar zuen zilarraren zatia galduko ditu.

Gortearekin beste estuasun bat izango du, baina nahiko erraz konponduko da eta 1626. urterako helmuga berria lortu zuen Amerikan. Eszenatoki hartan, 1627ko finkatutako piraten baseen aurkako espedizio zigortzailean bikaintasunez hartuko du parte, besteak bestek, hain ospetsua den Tortuga uhartean.

Lau urte beranduago, 1631. urtean, Amerikara itzultzeko aginduko diote, Santu Guztien Badiako eta Pernambucoko plaza portugaldarretara laguntza eramateko. Hori horrela, laguntza-flota konbinatuaren agintaritza gorena izango du, nahiz eta egoera txarragoan borrokatu, eskuadra holandarraren gaineko garaipen argia nabarmendu beharra dago, lehenik eta behin, Hanspater almirantearen agindupean eta Thys almirantearenean ondoren; horrek ontzidi-hondarren agindua hartuko du Antonio de Oquendok almirante holandarraren itsasontziarekin amaitzen duenean, 1631ko irailaren 12ko liskarrean. Laguntza azkenean Oquendok diseinatutako maniobra iheskorrari esker sartuko da Pernambucon, Thysen arreta galarazita errefortzuko tropak garraiatzen dituzten karabelen gainean eta holandarren planak erabat zapuztuta, oihartzun handiko garaipena ekarriz.

Gainerako bederatzi urteetan, Antonio de Oquendo 1640an hil arte, ez da gertaera nabarmenik izango. Oquendoren ospea sendo finkatuta geratuko da, 1636an Madril kanpoaldean izandako dueluagatiko inolako zigor larririk ez izateak erakusten duen moduan; daga eta ezpatarekin garai hartako Europan ohikoa zen bezala, Nicolas Judici almirantearekin zerbitzu-gaiei buruzko desadostasunak zirela eta.

Oquendoren azken zeregina 1639an Mardique plaza flandestarra laguntzea izango da. Almiranteak helburua lortuko du Tromp-en gidaritzapeko flota holandarrari aurka egin ostean, Las Dunas delako borrokan, urte hartako irailaren erdialdean.

Borrokaren emaitza ezjakina da eta bi alderdiek erreklamatu zuten garaipena gerrako propaganda-kanpaina zabalaren testuinguruan. Denborarekin, gertakariari buruzko holandarren bertsioa gailendu da, ordea, horretarako oinarri historiografiko sendorik ez egon arren, Trompek erretiratu egin behar izan baitzuen Oquendoren kapitaintza eskuratzea lortu gabe -kraskoa 1.500 eta 1.700 balaz zeharkatuta egon arren- eta ez da borroka berria planteatzeko gai izango Mardique menderatzeko edo Antonio de Oquendok han bere flota berrantolatzea eragozteko eta egun gutxitan Mantxako kanala kontrolatzera heltzea eragozteko, penintsulara itzultzeko; behin han almirante gipuzkoarra, azken kanpaina horretako nekeak ahituta, 1640ko ekainaren 7an hilko da.