Teologoak

Sorazu Ugartemendia, Emeterio

Apaiza eta ikertzailea. Getarian jaio zen, 1937ko urtarrilaren 17an, eta Ibarran hil, 2010eko abenduaren 17an.

Eliza-ikasketak Saturraranen eta Donostian egin zituen. Berastegin izan zuen lehenengo destinoa apaiz gisa, eta ekintza pastoral handia burutu zuen, Acción Católica Rural mugimenduaren bitartez. Ondoren, Pasaiara joan zen bizitzera, eta, bertan, Angel Miranda salesianoarekin batera, gazteentzako teologia-eskola sortu zuen. Valladoliden Irakasle-ikasketak egin zituen, eta Salamancan beste hauek baita ere: Psikologia, Pedagogia Erlijiosoa, Teologia Pastorala eta Gizarte-komunikazioa. Hurrengo destinoak Antzuola eta Zaldibia (1986) izan ziren. Era berean, 1995 eta 2007 artean, Ibarrako apaiza izan zen, eta baita euskalerlijio eta antropologia irakaslea ere, Donostiako eta Gasteizko seminarioetan. Horrez gain, Heziketa Erlijiosoko eta Pastoraleko irakasle izan zen Donostiako Pio XII San Bartolome Institutuan. Filosofia irakaslea izan zen Eskoriatzan, eta heziketa erlijiosokoa, Zaldibiako Ikastetxe Publikoan. Donostiako elizbarrutirako katekesia idatzi zuen, eta baita teologia eta pastoral irakasgaiak ere, elizbarruti horretako ikastetxeetan, Martutenen.

1979an, euskal antropologiari eta erlijioari buruzko doktorego-tesia aurkeztu zuen: Antropología y religión del pueblo vasco. Euskalerria, Historia y Sociedad obra kolektiboan parte hartu zuen (1985), eta hitzaldietan, mahai-inguruetan, kongresuetan eta bilera zientifikoetan ohiko partaide zen. Halaber, hainbat kultura-elkarteren kide zen. Argitalpen ugari izan zituen liturgia katolikoaren, katekesiaren, pastoralen, eta, orokorrean, kultura erlijiosoaren gainean. Bereziki, Euskal Herriko erlijioa izan zuen gairik errepikatuena, prehistoriatik hasita gaur egun arte. Izandako argitalpenetatik honako hauek nabarmentzekoak dira:

  • Antropología y religión en el Pueblo Vasco (1975);
  • Escuela de Catequistas (1981);
  • Los santuarios y la religiosidad popular (1984);
  • Fiestas de la primavera (1988);
  • Espacios populares para la religiosidad popular (1988);
  • Eguberria euskal tradizio erlijiosoetan (2000) eta
  • Gaintza: Kondaira, ohitura, erlijiotasuna (2009)
  • ERKOREKA, Anton. Antropologoak, Etnologoak eta Etnografoak gaur. Donostia: Kriselu argitaletxea, 1988. (Antropologiaren Euskal Bilduma, Barandiaran Joxemiel).