Kontzeptua

Errepublikanismoa Euskal Herrian

Frantziako Errepublika 1792an jarri zen indarrean, eta Ipar Euskal Herriak jakobinismoaren ondorioak bizi izan zituen, bertako botere guneak galduz eta Parisi begirako zentralismoa indarrean jarriz. Baina mugimendu errepublikarrak XIX. mende amaieran izan zuen benetako garapena, Hirugarren Errepublikarekin. Ipar Euskal Herrian garapen gatazkatsua izan zen, gizartean eragin handia zuten apaizek eta hainbat jauntxok monarkiaren edota bonapartismoaren alde jarraitzen zutelako, laikotasuna zabaldu nahi zuten errepublikarren aurka. Lehen Mundu Gerratik landa baretu ziren liskarrak, eta Errepublikaren aurkari sutsuenak ziren apaizek ere onartu zituzten bai Errepublika, bai 1905eko Elizen eta Estatuaren bereizte legea.

Frantziako Errepublikek eta mugimendu errepublikarrak ondorio handiak izan dituzte Ipar Euskal Herrian. 1789ko Frantziako Iraultzaren ondorioz, 1792an sortu zen Lehen Errepublikak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa herrialdeek zituzten Biltzarrak desegin zituen, Ipar Euskal Herria autonomiarik gabe utziz eta Biarnorekin lotuz, departamentu bakarrean. Horrez gain, apaizen aurkako neurriak hartu zituzten, euskaldun asko Nafarroara erbesteratu zen eta beste hainbat Landetara deportatu zituzten. Dominique Garat Lapurdiko diputatuak Lapurdiko Biltzarrari eutsi ezean, Ipar Euskal Herriko hiru herrialde historikoak bilduko zituen departamentu propio bat aldarrikatu zuen Parisen. Frantziako Errepublikak, ordea, ez zion eskaera hari erantzun.

Errepublika giro gatazkatsuan errotu zen Ipar Euskal Herrian, nahiz eta Lehen Errepublikak ez zuen bizi luzea izan. 1799an Napoleon Bonapartek estatu kolpea egin zuen, eta 1904ean Errepublikari amaiera eman. Ia mende erdia igaro zen Bigarren Errepublika sortu arte, baina lau urte baizik ez zuen iraun, 1848tik 1952ra. 1852ean urte bat lehenago estatu kolpea egin zuen Napoleon III enperadore bihurtu zen, II. Inperioari hasiera emanez.

Errepublikaren eta mugimendu errepublikarraren historian garrantzi eta oihartzun handiena izan zuena Hirugarren Errepublika izan zen. 1871n sortu zen, Napoleon III enperadoreak Prusiaren aurkako gerra galdu eta gero amore eman zuenean. Errepublika hark indarrean ezarri zituen geroztik indarrean dauden hainbat neurri, besteak beste derrigorrezko eskolari buruzko Jules Ferry legea, 1901eko Elkarteen legea edota 1905eko Elizen eta Estatuaren bereizte legea. Euskal Herrian polemika biziak izan ziren Errepublikaren aldekoen eta aurkakoen artean, hain zuzen zurien eta gorrien artean. Euskal Eliza zurien taldekoa zen, hala nola Frantzia monarkia egoerara itzultzea nahi zuen. Bonapartistek ere bazuten eragina klase politikoan. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Errepublikaren aurkakoek lortzen zuten nagusitasuna, Baiona eskualdean salbu.

Ipar Euskal Herrian, errepublikarren eta Errepublikaren aurkakoen arteko zatiketa bereziki laikotasunaren ingurukoa zen. Nahiz eta Estatuaren eta Elizen bereizte legea 1905ean onartu zen, errepublikarrek Eliza Katolikoaren eragina ahuldu nahi izan zuten 1789tik aurrera. Fraideek eta serorek ematen zituzten eskolak, eta serorak ziren erizain lanetan ibiltzen zirenak. Jules Ferry Irakaskuntza Ministroak eskola derrigorrezkoaren legea jarri zuen indarrean 1881ean, eta 1886an eskola publikoak irakasle laikoen esku uztea erabaki zuen. Horren ondorioz, hurrengo urteetan fraideei eta serorei irakasle izatea galarazi zien. Gatazka handiak piztu zituen horrek. Ipar Euskal Herrian, eskola publikoko irakasleak eta administrazioko langileak ziren errepublikarrak.

Baina alderdi errepublikarrek ez zuten eragin handia barnealdean. Monarkiaren aldeko politikariek edota bonapartistek, hala nola herrietako jauntxoek eta apaizek eragin handia zuten, herri txikietan eta baserri munduan bereziki. Alderdi politikoek ez zeukaten pisurik, hauteskunde sistemak berak hala eraginda: ez ziren zerrendak aukeratu behar, baizik eta pertsonak. Sistema horri etekin gehiago ateratzen zion Eskuinak, hautagaiak aukeratzerakoan malgutasunez jokatzen zuelako. Alderdi Errepublikarrek alderdi egiturari eta beren kongresuari ematen zioten garrantzia hautagaiak aukeratzerakoan.

Euskal Eliza XIX. mende bukaera arte Errepublikaren aurkari sutsua izan zen. 1892an, Elizak Errepublika onartzearen alde egin zuen Aita Santuak. Jauffret apezpiku errepublikarra ezarri zuten Baionan. Hastapenean, Ipar Euskal Herriko apaizek ez zuten onartu Errepublikara lerrokatzea, eta istiluak sortu ziren apezpikuaren eta apaizen artean. Urteak aurrera joan ahala, eta Lehen Mundu Gerratik aurrera bereziki, apaizek ere onartu zuten Estatuaren eta Elizaren bereizte legea.

Hirugarren Errepublikak 1940ean izan zuen amaiera, Bigarren Mundu Gerran Frantziak Alemaniari amore eman zionean. Alemanen menpe ez zegoen Frantziaren zatia gobernatu zuen Estatuko botere guztiak eman zizkioten Philippe Pétain mariskalari. Vichyko Gobernu hura parentesi bat izan zen Frantziako Errepublikaren historian. Ipar Euskal Herriko lurraldea bitan zatitua zen. Gune askearen eta gune okupatuaren arteko mugak Nafarroa Beherea erdiz erdi zeharkatzen zuen. Gizartea ere bitan zatitua zen: alde batetik zeuden Erresistentziarekin bat egin eta laguntza ekartzen zutenak, iheslariak (judutarrak eta beste) Hego Euskal Herrira igarotzen laguntzeko; bestalde, klase politikoa (Jean Ibarnegarai diputatua buru) eta Elizaren inguruko jendea Pétainen alde jarri zen, Hitlerren laguntzaile.

1945ean, Bigarren Mundu Gerra eta Frantziaren okupazioa bukatu ondoren, Laugarren Errepublika hasi zen. Ibarnegarai boteretik baztertu zuten, Vichyko gobernuko ministro ohia izateagatik, nahiz eta 1943an Alemaniara deportatua izan zen, Erresistentzia laguntzeagatik. 1958an Bosgarren Errepublikak hartu zion lekua Laugarrenari.

Frantziako Errepublika sortu zenetik Errepublikaren defendatzaile izan zirenen artean lehenak Dominique eta Joseph Garat anaiak ziren. Dominique Garat Frantziako Legebiltzarreko diputatu izan zen 1791n, eta Errepublikaren alde egin zuen, nahiz eta eredu federalista eta Ipar Euskal Herriaren autonomia defendatu. Ildo berekoa izan zen haren anai gaztea, Joseph Garat ere, 1792 eta 1794 artean Frantziako Gobernuan egon zena.

Ipar Euskal Herriak, oro har, bat egin zuen iraultzarekin. Ez zen bakarrik Parisen gertatu. 1789ko uztailean protesta handiak izan ziren Baionan, Donibane Garazin eta Maulen, jangaien prezioen igoeraren kontra edota zerga handien kontra. Iraultzaren bidetik, jauntxo berriak agertu ziren, Garat anaiez gain. Horien artean izan ziren Pierre-Eustache Dhiriart Uztaritzeko prokuradorea edota Daguerressar, administrazio mundutik zetozenak. Armadatik, Baigorriko Harispe mariskala ere bihurtu zen errepublikarren ikurretariko bat. Errepublika izan zen Ipar Euskal Herriko elitea Frantziako Estatuan hobeki integratzeko bidea.

Lehen Errepublika 1804ean amaitu zen, 1799an Napoleon Bonapartek estatu kolpea eman eta gero. Euskal Herriko politikariak bonapartismora bildu ziren, Lehen Inperioaren garaian, adibidez Harispe mariskala. Bigarren Errepublika 1848an jarri zen indarrean, baina 1852 arte baizik ez zuen iraun. 1848an protesta handiak izan ziren Frantzian eta Louis Philippe Erregeak kargua utzi behar izan zuen. Bigarren Errepublika ustekabean iritsi zen. Euskal Herrian ere baziren errepublikarrak, hala nola Agosti Xaho kazetari eta politikari zuberotarra. Hark sortu zituen Ariel eta Uskal-Herrico Gaseta astekari errepublikarrak. Errepublikarrak ziren baita ere Jean-Baptiste Hiribarren Bardozeko apaiza edota Martin Halsouet olerkaria.

1851n, Bigarren Errepublikako presidente Napoleon-ek (Napoleon I-aren ilobak) estatu kolpea eman zuen, eta 1852an Bigarren Inperioari eman zion hasiera. Napoleon III enperadoreak 1870ean galdu zuen boterea, Prusiaren aurkako gerra galdu ondoren. Baina Ipar Euskal Herrian indar handia zeukan bonapartismoak, barnealdean batez ere. Barnealdean La Croix de Feu eskuin muturreko mugimenduak eragin handia izan zuen III. Errepublika garaian. Mugimendu hori Parti Social Français (PSF) eskuin muturreko alderdi bihurtu zen 1936an; besteak beste Jean Ibarnegarai diputatua zen hango kide.

Errepublikarrek Baiona inguruan zeukaten eragin handiena. Alderdi politikoen helmena mugatua zen, hauteskunde sistemarengatik. Hautagaiaren pertsonalitateak haren ideologiak baino pisu handiagoa zuen. Ezkerreko alderdiek tokiko komiteak edo kongresuak erabiltzen zituzten hautagaiak izendatzeko. Maiz funtzionarioak edo alderdiko militanteak hartzen zituzten hautagai gisa, edo bestela inguruko jauntxo batzuk. Gehienetan, errepublikarrak herriko irakaslearen edo funtzionarioen inguruan biltzen ziren, eta besteak apaizaren inguruan. Prefekturako administrazioa kontserbadorea izan zen III. Errepublikaren hasieran, baina 1887tik landa errotik errepublikarra izan zen. 1914tik landa jarrera neutroa izan zuen.

Errepublikaren aldeko ideiak zabaltzen gehien aritu zirenak eskola publikoetako irakasleak ziren. Haiez gain, masoiak ere errepublikar sutsuak ziren, eta Baionan bertan bazegoen masoien logia bat. III. Errepublikaren garaian funtzionarioak, armadako aitzindariak eta irakasleak ziren logiako kideak. Baina horiek guztiak masoien oinarrizko mailan gelditzen ziren, goi mailan aristokratak zeudelarik. Masoiak mugimendu laikoaren sustatzaileak ziren, eta Elizak sostengatzen zuen eskuinaren aurka ari ziren. Hautagai errepublikarrak sostengatzen zituzten, eta gero erradikal-sozialistak.

Prentsaren aldetik, Ipar Euskal Herriko egunkari nagusia, Courrier de Bayonne, errepublikarra izan zen hastapenean, 1829an. Desagertu eta geroago berriz sortu zenean, 1852an, bonapartista izan zen. Hirugarren Errepublika aurrera joan ahala, errepublikar moderatu bihurtu zen. Errepublikarrek Le Réveil Basque astekaria sortu zuten 1886an, Martial Henry Berdoly buru.

Hauteskundeetan, 1870ean bonapartistak nagusitu ziren Ipar Euskal Herrian, bozen %75ekin. Hurrengo urtean, ordea, errepublikarrek irabazi zuten. 1876ko hauteskundeetako gai nagusia Errepublikarekin jarraitzea ala inperialismora itzultzea izan zen. Ezkerrekoak Errepublikaren alde ziren eta eskuinekoak bitan zatituta zeuden, batzuk Monarkia aldarrikatzen zuten eta besteak bonapartistak ziren. 1881etik aurrera Baiona I hauteskunde barrutian (kostaldea) hautagai errepublikarrek irabazi zituzten hauteskundeak, hala nola Plantiék 1881ean, Haulonek 1889an, Lafontek 1893an, Legrandek 1898an eta Garatek 1910ean. Baiona II (Lapurdi barnealdea) hauteskunde barrutian Monarkiaren aldekoak nagusitu ziren. Mauleko hauteskunde barrutian, ordea, 1881ean Pradet-Ballade nagusitu zitzaion Charles Harispe bonapartistari. Azken hau Harispe mariskalaren iloba zen, eta 1876an hauteskundeak irabazi zituen Charles d'Abbadie hautagai errepublikarraren aurka, hala nola Antton Abadiaren anaiaren aurka. 1889an, ordea, Louis Etcheverry bonapartistak irabazi zituen Berdolyren aurka. 1893an eta 1898an Berdolyk irabazi zituen hauteskundeak eta 1902an berriro Pradet-Balladek. Errepublikarra ez zen hautagai batek irabazi zuen hurrengo aldia 1914a izan zen, hala nola Jean Ibarnergarai bihurtu zen diputatu.

Errepublikarretan denak ez ziren ezkertiarrak. Haulon, adibidez, zentro-eskuinekoa zen, denborarekin ezkerreranzko bidea egin bazuen ere. Saint-Martin Harriague Morroxko errepublikar moderatua Baiona II eskualdeko diputatu izan zen, 1893tik 1906era, Dihasarri eskuin-muturrekoaren aurka irabazi ostean. XIX. mende bukaeran, Errepublikaren aurkako hautagaiek ez zuten gehiago espero Errepublika desegitea, eta gero eta arrakasta gutxiago zuten Errepublikaren kontrako kritikek. Euskaldunek pixkanaka ulertu zuten Errepublika barnera zezaketela, eta erlijioaren aldeko ideiak Errepublikatik bertatik defendatu zitzaketela. Hauteskundeetako gai nagusia, urte luzez, erlijioari buruzko legeen inguruan izan zen, Ipar Euskal Herrian. Euskaltzaleetan baziren errepublikar ezagunak ere. Antton Abbadiaren anaiaz gain, Jean-Baptiste Elizanburu idazlea edota Martin Guilbeau Donibane Lohizuneko mediku eta alkate izandagoa izan ziren. Azken hau Lore Jokoen sortzaileetariko bat izan zen.

Frantziako Errepublika 1792an jarri bazen ere indarrean, aldaketak 1789tik hasi ziren Ipar Euskal Herriarentzat. Frantziako Iraultzaren baitako gertakari garrantzitsuenetarikoa 1789ko abuztuaren 4ko gauean izan zen, Konstituzio bat osatzeko sortu zen Asanbladak hartu zituen erabakiekin. Biltzar hartan, feudalismoa desegitea erabaki zuten eta pribilegioekin bukatzea. Horrek ondorio zuzenak izan zituen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bertako erakundeen desegitea ere eragin baitzuen, hala nola Lapurdiko Biltzarra, Nafarroako Estatuak eta Zuberoako Estatuak. Ipar Euskal Herriak zeukan autonomia galdu zuen.

Baina olde iraultzaileak eta errepublikarrak, oro har, harrera ona izan zuen Ipar Euskal Herrian. Hiriburuko udalak, esaterako, Parisko Asanblada Nazional berria txalotu zuen, baina Lapurdiko Biltzarra desegitea gaitzetsi. Robespierre Frantziako Iraultzako eta Lehen Errepublikako arduraduna Biltzarraren aurka zegoen, feudalismoarekin lotzen zuelako, nahiz eta berez Lapurdiko Biltzarra ez zen feudalismoan oinarritua. Lapurtarrek bat egin zuten Frantziako Iraultzarekin, baina eredu federalistaren alde egin zuten, Erresuma Batua edo Amerikako Estatu Batuak hartuz oinarritzat. Laster ulertu zuten, ordea, Frantziako Iraultzak ez zuela hori kontuan hartzen, baizik eta gizaki unibertsala eta nazio bateratzailea. Lapurdiko Biltzarraren eskaera egin zuten, baina Parisek ez zuen onartu. Dominique Garat Lapurdiko diputatuak euskal departamentu baten sortzea eskatu zuen gero, Ipar Euskal Herriko herrialdeak Biarnorekin batzea zentzugabea iruditzen zitzaiolako. Baina Parisek hori ere ez zuen onartu.

Frantziako Errepublikaren eredua jakobinismoa zen, eta "Frantzia bat eta zatiezina" izan zen leloa. XIX. mende gehienean, ordea, Frantziak ez zuen lortu bateratze hura, eta Frantzia gehienenean frantsesa zekitenak gutxiengoa baizik ez ziren. Ipar Euskal Herrian ere ez zen frantsesa gehien mintzo zen hizkuntza, baizik eta euskara. 1870ean Hirugarren Errepublika indarrean jarri zenean, Frantzia frantsesteko indar berezia egin zuten orduko agintariek. Bide horretan, bi zutabe nagusiak eskola eta armada izan ziren.

Eskolak eragin handia izan zuen Ipar Euskal Herriko umeak frantsesteko bidean. Euskaraz irakastea galarazita zegoen, eta frantsesa zen erabil zitekeen hizkuntza bakarra. Atseden orduetan euskaraz hitz egiteagatik zigortutako umeen inguruko lekukotasunak ere badaude, baina hori ez zen orokorra izan, eskola publikoetako irakasle askok malgutasunez jokatu zutelako. Hasiera batean, eskolatutako haurrei irakasterakoan, umeek frantsesik ez jakitea oztopo bat zen, eta ume haien hizkuntzara moldatu behar izan zuten irakasleek. Etxean ez zen euskararen transmisioa eten, haurrak amarekin euskaraz mintzo baitziren, hauek frantsesik ez zutelako ikasi. Eskolak ez zuen lortu frantsesa umeen ama hizkuntzari gailentzea. XIX. mende bukaeran eskolatzea guztiz orokortu zen, eta neskak ere joan ziren eskolara. Neska horiek hazi zirenean eta ama izan zirenean, euskararen transmisioan etena gertatzen hasi zen.

Derrigorrezko armadak, eta gerora Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) eskolan ikasitakoan errotzea bideratu zuen. XX. mendean zehar, Errepublikako erakundeek eta funtzionarioek (irakasle, administrazioko langile eta abar) frantsestea areagotu zuten. Baina hiritartzea ere faktore handia izan zen. Euskararen transmisioaren etena benetan zabaldu zen jendeak baserria utzi eta hirira bizitzeko urratsa egin zuenean. XIX. mende bukaeran hasi zen areagotzen joera hori, eta XX. mendean orokortu zen.

"Frantsesa da Errepublikaren hizkuntza", dio Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak. Jarrera errepublikarra eta frantses hizkuntzarenganako atxikimendua uztartzen dituzte errepublikar konbentzituek. XIX. mendean euskara kristautasunaren transmisio hizkuntza gisa ikusten zuten errepublikarrek. Garai hartako Eliza Errepublikaren aurka zen, eta laikoen eta Elizaren arteko gatazkan, hizkuntza bereizketa ere sartu zen.

Frantziako Iraultzak eragin zuzena izan zuen Ipar Euskal Herriko Elizan. Elizak hamarrena galdu zuen, Frantziako Estatuak Elizaren ontasunak bereganatu zituen eta saldu. Kristautasuna ez zen gehiago estatuko erlijio gisa onartua. Ondorioz, Elizak dirua eta eragina galdu zituen. Hala ere, egoera hark ez zuen gatazkarik sortu. Lapurdiko diputatu Dominique Garatek neurri haiek onartu zituen, erlijio ordenak askatasunaren aurkakoak zirela erranez. 1790ean Apaizeriaren Konstituzio Zibila jarri zen indarrean. Haren arabera, apaizek zin egin behar zuten, baina denek ez zuten onartu, dokumentu hark behartzen zituelako erregimen eta erakunde berriekin bat egitera. Ez zin egitea iraultza baztertzea bezala hartu zuten Iraultzaren bultzatzaileek. Zin egin ez zuten apaizak deportatu zituzten, edo toberak egin zizkieten herrietan. 1791n, Oloroeko apezpikua zin egitearen alde agertu zen, eta zin egiten ez zuten apaizak kargutik kentzeko mehatxatu. Apaiz anitzek zin egin zuten, orduan.

1793an eta 1794ean beste istilu bat gertatu zen, Frantziaren eta Espainiaren artean lehertu zen gerraren harira. Sara, Senpere, Donibane Lohizune eta Donibane Garazi inguruak gune estrategikoak ziren. Bertako biztanleek Frantziaren alde egiten ez zutelako susmoa zuten Errepublikaren ordezkariek. 1794ean, herritarrek ez zuten gehiago bat egiten Iraultzarekin, batez ere Apaizgoaren Konstituzio Zibilarekin eta derrigorrezko soldaduskarekin. Alde batetik, Iraultzaren eta Frantziako aberriarenganako maitasuna zabaltzeko kideak izendatu zituen Frantziako Errepublikak, herri haietako biztanleen jarrera aldatzeko asmoz. Baina hango herritarren artean desertore asko zegoela eta apaizek Errepublikaren aurka egiten zutela leporatuz, Sara, Itsasu, Azkaine, Ezpeleta eta beste hainbat lapurtar herritako biztanle ia guztiak Landetara deportatzea erabaki zuten.

Ipar Euskal Herriko Elizak Frantziako Errepublikarekin izan zuen lehen gatazka hark ondorioak utzi zituen hurrengo mende osoan, Hirugarren Errepublika garaian bereziki. Ipar Euskal Herriko apaizen artean Monarkiaren aldeko jarrera zabala zen, eta XIX. mendeko azken laurdeneko hauteskunde kanpainetan Monarkiaren aldeko hautagaien edo bonapartisten aldeko botoa eskatzen zuten, ahoan bilorik gabe. 1889ko hauteskundeak ezeztatu zituzten horrexegatik, Nafarroa Beherea eta Zuberoa hartzen zituen hauteskunde barrutian.

Lehen Errepublika garaian apaizen kontrako jazarpena gogoan, errepublikarren eta elizgizonen arteko harremana txarra zen. Gatazkak areagotu ziren Frantziako Gobernuak ahalegina egin zuenean Elizari eskumen gehiago kentzeko. 1881ean, Jules Ferry Frantziako hezkuntza ministroak haurrak eskolara joatea derrigortzen zuen legea proposatu zuen. Horren ondorioa zen eskola publikoa sortzea. Ondorioz, fraideek eta serorek eskolak ematea galarazita ikusi zuten.

1892an, Jauffret Baionako apezpikuak Ipar Euskal Herriko apaizei Errepublikara lerrokatzeko deia egin zien. Apaizek gogoz kontra onartu zuten, eta Errepublikaren aurkako kritikak egiten jarraitu zuten. 1890ean, Jauffret apezpikuak hainbat apaiz zigortu zituen, beste parrokia batera igorriz. Errepublikaren kontrako kanpaina egiten zutela leporatzen zien. Horien buru zen Laurent Diharasarri. Zazpi apaizek helegitea jarri zuten Erroman, eta auzia irabazi ere. Beren lekura itzuli ahal izan ziren.

Frantziako Errepublikaren historian Ipar Euskal Herrian eragin handienetarik izan zuen beste gaia 1905eko legea izan zen: Estatuaren eta Elizen bereizte legea. Gatazka aurretik berotuta zegon, bereziki XIX. mende bukaeran eskuinaren eta Elizaren ingurukoen eta errepublikarren arteko polemika bizien iturri izan zen Dreyfus aferarekin. Euskal Herriko Eliza eta eskuinekoak Dreyfusen aurka jarri ziren, haien antisemitismoa agerian utziz. Horrek bizkortu zituen Elizari indarra kentzeko neurriak. 1901eko elkarteen legearekin polemika areagotu zen. Lege hark elkarteak sortzeko askatasuna ematen zuen, eta Ipar Euskal Herrian ehunka elkarte sortu zen 1901etik aurrera. Lege haren atal batek erlijio elkarte eta kongregazioei baimena eskatzeko agindu zien. Baina baimen eskaera guztiak baztertu zituzten, eta Euskal Herriko fraideak Hego Euskal Herrira joan ziren, erbestean. 1904ean, Errepublikako legeek fraideei eta serorei irakastea debekatu zieten. 1905eko uztailaren 3ko legearekin, Frantziako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko hitzarmena, 1801etik indarrean zegoena, bertan behera gelditu zen. 1906an Elizaren inbentarioak egin zituzten, Elizaren ontasunak Frantziako Estatuaren esku gelditzeko. Horrek gatazka biziak sortu zituen Ipar Euskal Herriko herri askotan, apaizek, herritarren laguntzarekin, elizetan itxialdiak egin zituztelako. Elizak 1794eko gertakariak ekarri zituen gogora une hartan.

Hirugarren Errepublika garaian, 1920 arte, Ipar Euskal Herriko hauteskunde kanpainetako gai zentrala erlijioaren ingurukoa izan zen. Hautagai errepublikarrek laikotasunaren alde egiten zuten, baina eskuinekoek jartzen zuten eztabaida mahai gainean, alegia, lege laikoen kontrako kanpainak egiten zituzten. 1914ean Lehen Mundu Gerra lehertu zenean, errepublikarren eta Errepublikaren kontrakoen arteko gatazkak baretu ziren, denek bat egin zutelako Alemaniaren aurka. Hala ere, batzuek eta besteek bestearen aurka egiten zuten: Elizaren ingurukoek zioten berek egiten zutela indar handiena Frantziaren alde eta errepublikarrek gutxien. Errepublikarrek, ordea, gerraren erantzukizuna apaizen bizkar ezarri zuten. Lege laikoen kontrakoek gerra garaia erabili zuten Frantziak gerra kristauei esker irabazi zuela azpimarratzeko, eta beraz elizgizonei kendu zitzaien lekua berriro egiteko eskatzeko.

1920eko hauteskundeetan ere erlijioaren gaiak leku zentrala izan zuen Ipar Euskal Herrian. Eskuineko hautagaiek lege laikoak desegiteko eskatu zuten. Hala ere, Jean Ibarnegarai Nafarroa Behereko eta Zuberoako hauteskunde barrutiko diputatuak Errepublika onartu zuen, azkenik, baina ez erlijioari buruzko legeak. Ororen buru, Errepublika denek onartu zuten, ez laikoek bakarrik. Elizak berak bereizte legearen onurak deskubritu zituen, Estatuarengandik independente izatea erran nahi zuelako.

  • BIDART, P. Agustin Chaho eta bere aroko ideiak ([tesina-memorioa, zuz. Txomin Peillen]). Université de Pau et des Pays de l'Adour, Baiona, 1997.
  • CABANEL, P.. 1905, la séparation des églises et de l'état. La Crèche: Geste, 2005.
  • CHARRITON, P. Petite histoire religieuse du Pays basque français. Bayonne: Aintzina, 1946.
  • CUZACQ, R. Les Élections législatives à Bayonne et au Pays basque?: L'Avènemént de la République modérée, 1871-1898 (Vols. 1-1). Bayonne, 1951: l'auteur. Recuperado a partir de http://www.sudoc.fr/066325080
  • DAVANT, J.-L., DIRASSAR, J.-B., & HARITSCHELHAR, J.. Ipar Euskal Herria. Jakin. Oñati: Editorial Franciscana Arantzazu, 1969.
  • FAGOAGA, I. " Dominique Garat, le défenseur du Biltzar ". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 153-202. 1970
  • GOYHENECHe, ELe Pays basque, Labourd, Soule, Basse-Navarre. Pau: Société nouvelle d'éditions régionales et de diffusion, 1979.
  • GOYHENETCHE, M. Histoire générale du Pays Basque: La Révolution de 1789. Elkarlanean, 2002.
  • HIRIART-URRUTY, J. "Manex". Zezenak Errepublikan. (J. Intxausti, Ed.). Arantzazu, 1972: Jakin.
  • HOURMAT, P. Bayonne et le Pays Basque au temps de la Révolution: choix de documents. Publication de la Société des sciences, lettres et arts de Bayonne, 1990.
  • ITÇAINA, X. Catholicisme et identités basques en France et en Espagne?: la construction religieuse de la référence et de la compétence identitaire ([doktorego-tesia, zuz. Jacques Palard]). Bordeaux 4, 2000.
  • MICHEU-PUYOU, J. Histoire électorale du département des Basses-Pyrénées sous la IIIe et la IVe République. Paris: Librairie générale de droit et de jurisprudence, 1965.
  • ORPUSTAN, J.-B. 1789 et les Basques. Presses Univ de Bordeaux, 1991.
  • ORPUSTAN, J.-B., CNRS, U. 1055 du, & III, U. de B. La Révolution française dans l'histoire et la littérature basques du XIXème siècle: actes du colloque international de l'URA 1055 du C.N.R.S. (Université Michel de Montaigne-Bordeaux III), tenu à la Faculté pluridisciplinaire de Bayonne, les 28 et 29 juin 1993. Editions Izpegi, 1994.
  • PALACIOS, X. Ilustración y Revolución Francesa en el País Vasco. Instituto de Estudios sobre Nacionalismos Comparados, 1991.
  • RÉGNIER, J.-M. Histoire de la Soule (tome 4). La IIIe République. Donibane Lohizune; Ozaze: Ekaina; Hitzak, 1991.
  • TAUZIA, P. La IIIe République et l'enseignement religieux en langue basque (1890-1905). Bulletin de la société des sciences, lettres et arts de Bayonne, 1973.
  • TAUZIA, P. Aspects du ralliement dans les Basses-Pyrénées (1890-1914) ([doktorego-tesia, zuz. Georges Dupeux]). Bordeaux 3, Bordeaux, 1975.
  • WEBER, E. La fin des terroirs, la modernisation de la France rurale, 1870-1914. (A. Berman & B. Génies, Trans.) ([lehen edizioa: 1983].). Paris: Fayard, 1984.

EBA