Militarrak

Sanjurjo Sacanell, Jose

1872ko martxoaren 28an Iruñean jaiotako militar nafarra. 1936ko uztailaren 20an zendu zen.

1894an amaitu zuen Infanteriako Akademian abiatutako prestakuntza. Kubako Gerran (1898) nabarmendu zen eta, ondorioz, kapitain kargua eskuratu zuen. 1916an koronel modura aritu zen eta 1920an jeneral modura. Marokoko gerran jardun bikaina osatu zen, bereziki Melillan 1921ean. 1923an Primo de Rivera jeneralaren buruzagitza militarra hasi zenean, Zaragozako gobernadore militarra zen eta, altxamenduaren egoera bereziak hala eskatuta, Gobernadore Zibila izan zen. 1925ean Teniente Jeneral kargura goratu zuten. Hala, Larachen (Maroko) komandante nagusi izendatu zuten. 1926an Marokoko Goi-Komisariako buruzagitza hartu zuen eta Afrikan emandako zerbitzuaren sari modura ("Rifeko lehoi" ezizena bereganatu zuen han burututako jardunengatik), Alfontso XIII.ak Monte Malmusi markesgoa sortu zuen Sanjurjorentzat. Markesgo horrek "Rifekoa" izendapena hartu zuen 1927an.

Bere familia karlista zen eta 1931n Bigarren Errepublika aldarrikatu zelarik, Guardia Zibilaren zuzendari nagusia zen. Erregimen berria onartu zuen eta Alcala-Zamoraren arabera "zerbitzu bikaina eskaini zion" inauguratutako sistemari. Gobernuarekin eta, bereziki, Azañarekin ezadostasunak izan zituen. Hori dela eta, kargugabetu egin zuten eta Karabineroen Ataleko buruzagitzan kokatu zuten. 1932ko abuztuaren 10ean Sanjurjok altxamendu egin zuen Sevillan -bere hitzetan- "ez Errepublikaren aurka, baizik eta gobernuaren kontra". Egun hartan Andaluziako hiriburua bereganatu zuen. Hala ere, gobernuak berehala gainditu zuen matxinada. Altxamenduan Gerra Ministerioa eskuratzen saiatu zen alferrik eta Alcala-Zamoraren arabera, joera politiko argirik ezak eragin zuen porrota nagusiki. Gainera, "Sanjurjada" izenez ezagutzen den ahalegin horretako partaideen artean ere iritzi kontrajarriak zeuden.

Paynek adierazten duenez, ziurtzat eman daiteke 1932an Sanjurjok karlisten aldetik hainbat eskaintza jaso zituela, hain zuzen, altxamenduan erreketeari babesa ematekoak, hartako buruzagi nagusia ez izatearen baldintzapean. Nafarroako erreketearen hainbat kide atxilotu egin zituzten; horrek argi erakusten du karlisten esku-hartzea. Gainera, Sevillan altxamendua bertan behera geratu zelarik, Tradición, Diario de Navarra eta El Pensamiento egunkariak itxi egin zituzten. Abuztuaren 25ean Sanjurjori heriotza-zigorra ipini zioten altxamenduaren ostean egindako epaiketa sumarisimoan. Dena den, zigorra ordeztu egin zuten eta Santoñan (Santander) kokatutako Duesoko espetxera eraman zuten. 1934an indultua jaso zuen eta Estorilera erbesteratu zen bere erabakiz.

1932az geroztik errepublikako erregimenaren aurkako militarren buruzagi naturaltzat jotzen zen. Hori dela eta, Portugalen erbesteraturik zegoela, hainbat eskaintza jaso zituen, 1936ko altxamenduko buruzagitza hartu zuelarik. Iribarrenen ustez, karlistek Altxamenduari begira prestatu zuten planaren barruan, Sanjurjo Nafarroako ejertzito tradizionalistako buru izatea aurreikusten zen, Madrilera sar zedin. Fal Condek monarkia berrezarri ostean ezarriko zen behin-behineko balizko gobernuko presidente izatea proposatu zion.

Sanjurjok Mola eta agintari karlisten arteko bitartekaritza egin bazuen ere, agintari horiek Altxamenduko "kolaboratzaile" izatera pasa ziren, nahiz eta hainbat zonaldetan, bereziki Nafarroan, erabakigarriak izan ziren konspirazioa gauza zedin. Orobat, oso harreman onak izan zituen falangistekin eta, bereziki, Jose Antonio Primo de Riverarekin. Hainbeste non, atxilotu zutenean, aipatu falangistak hari igorritako gutunak atzeman zizkioten eta, hori izan zen, fusilamendu-hormara eramateko salaketan baliatu zen frogetako bat.

Viñasek kontatzen duen moduan, Sanjurjok nazien mendeko Alemania bisitatu zuen 1936an. Jakina da bidaia horren helburua. 1936ko uztailaren 20an, Burgosen Francorekin elkartzera abiatu zelarik, J. Antonio Ansaldo pilotuak gidatzen zuen hegazkinak lurra jo zuen Lisboatik atera zenean. Zalantzarik gabe Sanjurjoren heriotzak eta, ondoren, Molaren heriotzak boterea Francoren eskuetan uzten zuen. Horregatik, istripua izan ez ote zenaren susmoa zabaldu zen eta, orokorrean, azken hipotesi horrek indarra hartu zuen.