Kontzeptua

Errepublikak Euskal Herrian

II. Karlistada 1872an lehertu zen eta ondorioz, I. Errepublikak, hiriburuetan izan ezik, ez zuen Euskal Herrian aparteko ezarpenik izan. Bestalde, euskal probintzietako gobernu liberalek Errepublika onartu behar izan zuten, ez onartzeak ondorio kaltegarriagoak ekarriko zituelakoan.

Arabako Diputazioa otsailaren 17an bildu zen lehendabiziko aldiz eta ondoren arabarrei zuzendu zitzaion, "pasio politikoetatik" urruntzeko eskatuz eta Madrildik zetozen erabakiak onartuko zituela jakinaraziz, beti ere, Madrilen foruak, usadioak, ohiturak, sinesmenak, sentimenduak eta askatasunak errespetatzen jarraitzen ziren bitartean. Bizkaiko Diputazioari gehiegizko baldintzak iruditu zitzaizkion hauek, eta Gipuzkoak, baldintzok eztabaidatzeko momentua ez zela adierazi zuen.

Bizkaiko Diputazioa Errepublika aldarrikatu eta hurrengo egunean batu zen. Errepublika errespetatzea eta onartzea adostu zuten, hark herri hau agintzen zuten instituzio bereziak errespetatzen zituen bitartean. Bilbon bestalde, azaroko altxamenduaren ondorioz atxilotuak izan ziren 43 preso federalak askatu zituzten hilaren 13an.

Gipuzkoako Diputazioak "bakerik gabe" karlismoa borrokatzeko desioa erakutsi zuen eta Madrildik agintzen zutena errespetatu eta beteko zela adostu zuen, "eskubide foralak" errespetatzen ziren bitartean. Foruen izenean egoera baretzeko deialdia luzatu zen.

Nafarroako Diputazioa 1841ko legea bere horretan mantentzeko saiakeragatik nabarmendu zen. Lege hura probintziaren eta Estatuaren arteko harremanak zehazten jarraituko zituena izatea nahi zen. Errepublika aldarrikatu eta gutxira, gainontzekoek egin zuten eran, herriari zuzendu zitzaion, ordena berria onartzen zuela jakinarazteko.

Probintziak ofizialki bildu ez baziren ere, Madrilen euskal ordezkariei Gorteak bildu artean inolako aldaketarik egingo ez zela ziurtatu zitzaien.

1873ko maiatzean hauteskunde orokorrak ospatu ziren eta Euskal probintzietako ezaugarri nagusia abstentzio handia izan zen. Karlistak, 1872an Gorteak utzi ostean, ez ziren 1879ra arte itzuli. Aukeratu ziren ordezkarien gehiengoa federala izan zen: Arabako Pedro Martinez de la Hidalguia, Gipuzkoako Galo Aristizabal Ibarzabal. Nafarroako Agustin Sarda, Francisco Huder eta Santiago Jimenez eta Bizkaiko Cosme Echevarrieta, Bernabe Larrinaga eta Nemesio de la Torre Mendieta. Hauez gain, Arabatik Ramon Xerica erradikala, Gipuzkoatik Justo maria Zabala erradikala eta Cayo Vea Murguia kontserbadorea, Nafarroako Ezcarti eta Serafin Olave erradikalak ere hautetsien artean egon ziren.

1873ko ekainaren 1ean, Gorte Konstituziogileak bildu ziren eta Estatuari egitura federala emateko eztabaida hasi zen. Uztailaren 17an aurkeztu zen sekula aplikatu ez zen Konstituzio berriaren proiektua. Euskal probintziak, egitura berri honetan izango zuten paperaz arduratu ziren.

Arabako Junta Bereziek konstituzio federala euskal probintzien aurkakoa zela salatu zuten foruen kontrakoa zelako, eta Euskal Kantoi Erregionalaren ezarpenarekin, euskal probintzien autonomia eta ordura arteko eskubideak bertan behera geratuko zirelako: gurtza askatasuna, elizaren eta Estatuaren arteko banaketa, armada, betebehar ekonomikoak...

Bizkaiko Diputazioa uztailaren 3an bildu zen eta Konstituzio federalaren oinarriak ezagutu artean zain egotea erabaki zuten.

Gipuzkoan 1873ko udan bildu ziren Tolosako Batzar Orokorrek foruen jarraipena eskatzen zuen idatzi bat onartu zuten. Idatzian, probintzia bakoitza konstituzio propiodun estatu federatu bat bihurtzea aldarrikatu zen, foruak eta instituzio foralen autonomia defendatuz. Arabako eta Gipuzkoako Diputazioak ados agertu ziren.

1873ko ekainean, Nafarroak Estatu federala izan behar zuela erabaki zuen, Euskal Kantoi Erregionaletik banatuta. Castelarrek Nafarroa gainontzeko euskal probintziekin batera sartu zuen Euskal Kantoi Erregionaletan, baina nafarrek (onartu ez zen) etorkizuneko Konstituzioan Nafarroa 17. Estatu federal bezala agertzea lortu zuten. Gerra karlistak eta Gobernu zentralarekin zuten harreman eskasak zama handia suposatu zuten eta diputatuek Paviak Kolpe Estatua eman baino lehen euren dimisioa aurkeztu zuten.

Gerraren gogortzeak edozein saiakera instituzional bertan behera laga zituen. Urtarrilean Paviak Estatu Kolpea eman zuen eta monarkikoek dominatutako errepublika unitarioa martxan jarri zen, harik eta 1874ko abenduren 29an, Martinez Camposen beste Estatu kolpe batek I. Errepublikarekin amaitu zuen arte. Euskal probintzietan ordea, gerrak 1876ko otsailera arte iraun zuen.

II. Errepublikan euskal politikagintza banatu zuen gertaera nagusia errepublikar laikoen eta eskuin katolikoaren arteko lehia izan zen. Azken hauek ez zuten begi onez ikusi Errepublikaren ezarpena, erreforma antiklerikalak eta iraultza soziala ekarriko zituela pentsatzen baitzuten, euskal nekazal inguru tradizionaleko katolizismoa eta jarrera kontserbadorea asaldatuz. Arazo hau, partidu politiko bakoitzak zuen Autonomia Estatutuaren ezarpenaren inguruko iritziari gehitu zitzaion. Ondorioz, garai honetan, panorama politiko konplexua eratu zen.

1931ko apirilaren 12ko hauteskundeek espainiar Estatuko erregimenaren aldaketa ekartzeaz gain, kontraste handiko panorama politikoa utzi zuten Euskal Herrian. Hauteskundeotan, eskuinak irabazi bazuen ere, non EAJ eta karlistak eskuin horren gidaritzan egon ziren, ezkerrak, sozialista eta errepublikarrek osatua, hiri eta herri handienetan garaitu zuen: Bilbo eta Bilbo inguruko industria eta meatze guneetan, Donostian, Eibarren, Irunen eta Nafarroako Erriberan. Hauteskundeak urte hartako maiatzaren 31an errepikatu ziren eta ezkerrak Gasteiz eta Iruñean ere garaipena lortu zuen. Ondorioz, lau euskal hiriburuek alkate errepublikarrak izan zituzten.

Estatutuen arazoa izan zen euskal politikagintza gehien kezkatu zuen gaia. Eskuinak Estatu osoan Euskal Herrian bakarrik irabazi zituen hauteskundeak, eta indar errepublikarrek mesfidantzaz ikusi zuten Estatutuaren gaiaren gidaritza EAJren eskuetan lagatzea, oso jarrera klerikala erakusten zuelako batetik, eta bestetik errepublika ezartzeko saiakeran elementu anti-dinastikoen laguntzari uko egin ziolako. Ezkerraren helburua beraz, kontrolpean zituzten instituzioetatik prozesu autonomikoa gidatzea izan zen, arrakasta osoa EAJk bereganatu eta etorkizuneko Euskal Gobernuaren kontrolaz jabetu ez zedin. Bide batez, Estatutuaren ezarpenaren aurretik Euskal Herria errepublikar bihurtu nahi izan zuen.

1931ko ekainaren 28ko Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetara bi bloke elkarren lehian aurkeztu ziren Euskal Herrian. Alde batetik eskuin katolikoa, EAJk, Elkarte Tradizionalistak eta katoliko independenteek osatua, erlijioaren defentsan eta "Lizarrako Estatutua" ikurtzat zutela. Beste aldetik, ezker laikoa, PSOE eta partidu errepublikarrek osatua, herria errepublikartu eta Kudeaketa Batzordeek egindako zenbait zuzenketekin "Eusko Ikaskuntzaren Estatutua" onartu zutenak. Hauteskundeotan, eskuinak garaipena lortu zuen 15 diputaturekin. Ezkerrak 9 ordezkari lortu zituen eta botoen %44a, Bizkaiko industria guneetan, Gipuzkoan, Arabar Errioxan eta Nafarroako Erriberan garaipena eskuratuz.

1933ko azaroaren 19ko hauteskunde orokorrak, 1931koekin alderatuta, testuinguru ezberdin batean ospatu ziren. Ez ziren ezkerreko eta eskuineko blokeak mantendu eta lehia irekiago bat aurkeztu zen. Bilboko barrutian izan ezik, ezkerreko errepublikar eta sozialistak banatuta aurkeztu ziren, eta Bilbon gutxiengoentzat utzitako bi ordezkari bakarrik lortu zituzten. Hau porrot handia izan zen errepublikarrentzat. Egoera honek EAJri egin zion mesede eta 12 ordezkarirekin bere historiako emaitzarik onenak lortu zituen (6 Bizkaian, 5 Gipuzkoan eta 1 Araban). Azkenik, eskuineko koalizioak, monarkikoek eta tradizionalistek osatua, 10 ordezkari lortu zituen (7 euren feudoa zen Nafarroan eta bat gainontzeko probintzia banatan).

1936ko legegintzarako hauteskundeetan ordura arteko blokeak aldatu ziren. Alde batetik, ezkerreko alderdiak, errepublikarrak, PSOE, Partidu Komunista eta ANV, batuta aurkeztu ziren Frente Popularraren bitartez. Eurekin lehiatzeko, eskuineko koalizioa aurkeztu zen, Elkarte Tradizionalista, Renovacion Española eta CEDAk osatua. Beste behin, EAJ bakarrik aurkeztu zen plano politikoaren erdialdean. Hauteskundeen emaitzek hiru zatitan banatutako Euskal Herria irudikatu zuten. Frente Popularrak 7 ordezkari lortu zituen (4 Bilboko barrutian, bi Gipuzkoan eta bat Araban), eskuineko koalizioak 8 (7 Nafarroan eta bat Araban), eta EAJk 9 (5 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan).

Errepublika aldarrikatu eta berehala, "Alkateen mugimendua" bezala ezagutzen dena abian jarri zen. Mugimenduaren helburua, estatutuaren inguruan Euskal Herriko herri guztien arteko indar bateratu bat sortzea zen. Eusko Ikaskuntzari eman zioten Estatutua osatzeko enkargua, eta honek hiru astetan prest izan zuen. Estatutuaren aurre proiektu hura Ramon Madariaga bilbotar errepublikarrak aldez aurretik idatzia zeukan testu batean oinarritu zen. Ondoren partidu politikoei eskatu zitzaien epaitu eta zuzenketak egiteko. Hasierako testua Errepublikaren zein Euskal Herriaren kontzepzio federal batetik abiatzen zen, non Euskal Herriak konpetentzia zabalak izango zituen. Ikuspuntu demokratikotik aztertuta, zenbait hutsune zituen Estatutu hark. Proiektua euskal estatutuaren inguruan indar politiko guztien arteko adostasuna lortzeko abiapuntua izan zitekeela uste bazen ere, saiakera porrotean amaitu zen, ezker laikoak eta eskuin katolikoak testuari jarri zizkioten era guztietako eta elkarren kontrako zuzenketen ondorioz.

1931ko euskal Estatutua sortzeko saiakera hau bi adarretan banatu zen. Alde batetik, ezkerrak eta Kudeaketa Batzordeek "Ezkerreko Estatutua" proposatu zuten. Bestalde, eskuineko indarrek "Lizarrako Estatutua" aurkeztu zuten, aurre proiektua baino bertsio katolikoagoa eta baztertzaileagoa zena.

1931ko ekainaren 14an, Lizarran bertan bildu ziren euskal udaletxeen hiru laurdenek onartu zuten "Lizarrako Estatutua", nahiz eta udal hauek euskal herritarren erdia baino zerbait gehiago bakarrik ordezkatzen zuten; izan ere, Lizarrara ez ziren Euskal Herriko hiri nagusietako alkateak joan, gehienak joera ezkertiarrekoak. Proiektu hau tresna politikoa eta erabat alderdikoia zen, eta ezkerreko indarrek onartu ezin zezaketen zenbait klausula zituen, elizarekin lotutakoak eta diskriminatzaileak zirenak: Vatikanoarekin Konkordatua eta atzerritarrei boto eskubidea kentzea esaterako. Klausula hauek, Gobernu errepublikarrak elizaren aurka antolatu zezakeen legegintza posible baten aurrean ezarritako babesa izan ziren. Historikoki, EAJk egindako akats larritzat hartu izan dira baldintza hauek, nahiz eta karlisten gogokoak izan, parlamentuan gehiengoa zuen ezkerrarekin adostasun batetara iristea ezinezko egiten baitzuten.

Abenduan onartu zen Konstituzioak bertan behera bota zituen 1931an zehar egin ziren euskal estatutuaren inguruko saiakera guztiak, Errepublikaren funtzionamenduarekin ez-bateragarritzat jotzen baitziren, bai edukiei zegokienean eta baita prozeduretan ere. Handik aurrera Estatutuaren inguruko ekinbidea Gobernuak proiektua eratzeko antolatu zuen Kudeaketa Batzordearen eskuetara pasa zen. Abenduaren 8an, Azañaren Gobernuak euskal Estatutuaren eraketa zein eratara bideratu behar zen zehazten zuen dekretua plazaratu zuen. Lau ziren burutu beharreko pausoak: probintziaren Kudeaketa Batzordeek proiektua idatzi behar zuten, gero Udalek oniritzia eman behar zioten, ondoren herritarrek erreferendum bidez eta azkenik Gorteek.

Estatutua idazteko batzorde arduradunak Eusko Ikaskuntzaren Estatututik abiatuta errepublikarren iritzietatik hurbilago zegoen Estatutu bat eraiki zuen. Proiektu hau, lau errepublikarrek, hiru sozialistek, nazionalista batek, katoliko-foruzale batek eta independente batek osatutako batzordeak idatzi zuen. Nahiz eta proiektu berriak Eusko Ikaskuntzaren Estatutuak Euskal Herriari eman zion autonomia mailarik ez onartu, hura baino demokratikoagoa izan zen. 1932ko ekainaren 19an Iruñeako Asanbladan euskal herrietako Udalen oniritzira baldintzatu zen, baina nafar udalen gehiengoaren ezetzak, karlistek zuzendutako udalak izaki, ekinbide autonomista guztiak bertan behera bota zituen berriro.

Beste behin autonomiaren inguruko lanak Estatutuaren proiektu berri bat idatziz abiatu ziren 1933an, baina oraingo honetan Nafarroa kontutan hartu gabe. 1933ko abuztuaren 6an Gasteizen hiru probintzietako Udalek baietza eman zioten proiektu berriari. Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek euren batasuna eskaini zioten Estatutuari, eta arabarrek ere Estatutua onartu zuten arren, Udaletxeen heren bat, karlisten eskuetan zeudenak, aurka agertu zen.

Hurrengo pausua testua baieztatzeko erreferenduma ospatzea izan zen. 1933ko azaroaren 5erako egin zen deialdia. Bizkaitarren eta gipuzkoarren ia gehiengoak baietza eman bazion ere (%98a alde agertu zen), Araban, nahiz eta Estatutua onartu, karlismoak abstentzioaren alde egindako kanpainaren eraginez, arabar sentimenduaren eta Arabar Errioxako euskal nortasun ahularen ondorioz, baietzaren alde egin zutenak (%46'5a) gutxiago izan ziren aurka bozkatu (%12a) eta abstentzioa aukeratu zutenak baino (%41'5a). "Arabar auzia" bezala ezagutzen den gertaera hau Kongresuan espainiar eskuinak erabili zuen 1934ko Estatutua parlamentuak onartu ez zezan. Baina benetan 1933ko saiakera autonomikoa baliogabetu zuena CEDAren oposizioa izan zen, Lerrouxen erradikalekin Gobernuan zegoena. EAJk egiaztatu zuen orduan, eskuin espainiarra boterean zegoen bitartean ezingo zela inolako estatuturik onartu eta ezkerreko indarrengana hurbiltzen hasi zen.

1936an Frente Popularrak hauteskundeetan garaipena lortu behar izan zuen euskal estatutuaren arazoari konponbidea emateko. Nazionalistek eta Indalecio Prieto buru zuten populistek euskal Estatutu berri baten osaketaren inguruan adostasuna lortu zuten baina Gerra Zibilak haren onarpena atzeratu zuen, 1936ko urrira arte indarrean jarri ez zelarik. Idatzi hura aurrekoak baino laburragoa izan zen eta kataluniar estatutuaren itxura handiagoa zuen. Parlamentuan eskuinak jarri zitzakeen oztopoak gainditzeko errepublikarren arauetara gehiago hurbildu ziren orduko hartan.

  • AGUIRRE Y LEKUBE, Jose Antonio de. Entre la libertad y la revolución 1930-1935, Bilbao: Geu, 1976.
  • ARTOLA, Miguel. Partidos y programas políticos 1808-1936. Madril: Alianza, 1991.
  • ARZAMENDI, Arantxa. "Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936". RIEV, nº 35, Enero-junio, pp. 133-163.
  • AVILÉS FARRÉ, Juan. La izquierda burguesa y la tragedia de la II República, Madril: Comunidad de Madrid, 2006
  • BARRUSO, Pedro. El movimiento obrero en Gipuzkoa durante la II. República. Organizaciones obreras y dinámica sindical. Donostia: Gipuzkoako Diputazioa, 1996.
  • BELAUSTEGI BEDIALAUNETA, Unai. Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1936). Zenbait gogoeta. Master bukaerako tesina, Historia Garaikideko Departamentua, Leioa, 2008ko abendua.
  • CASTELLS, Luis; CAJAL, Arturo eta MOLINA, Fernando (edit.). El País Vasco y España: Identidades, Nacionalismos y Estado (siglos XIX y XX). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.
  • CASTELLS, Luis. Modernización y dinámica política en la sociedad guipuzcoana de la Restauración, 1876-1915. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1987.
  • CASTELLS, Luis. Fueros y conciertos económicos. La Liga Foral autonomista de Guipúzcoa (1904-1906). Donostia: Haranburu, 1980.
  • CILLAN APALATEGUI, Antonio. Sociología electoral guipuzcoana (1900-1936). Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1975.
  • CUESTA REAL, Javier. Partidos, elecciones y bloques de poder en el Pais Vasco. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1991.
  • DARDÉ MORALES, Carlos. "Los partidos republicanos en la primera etapa de la restauración (1875-1890)", José María JOVER ZAMORA, El siglo XIX en España. Doce estudios, Bartzelona: Planeta, 1974, 433-464.orr.
  • DE PABLO CONTRERAS, Santiago. La 2ª República en Álava. Elecciones, partidos y vida política, Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1989.
  • DE PABLO CONTRERAS, Santiago. Álava y la autonomía vasca durante la II República, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1985.
  • Estatuto General del Estado Vasco. Anteproyecto de la Sociedad, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1931.
  • ELORDUY JAUREGUI, Juan Bernardo. "Las fuerzas republicanas ante el estatuto vasco en el escenario político vizcaíno, 1931-1933", Muga, 82 (1992), 12-25.orr.
  • ELORDUY JAUREGUI, Jon. "El republicanismo en el País Vasco durante la II República", Cuadernos de Alzate, 27, 2002, 75-88.orr.
  • ESTORNES ZUBIZARRETA, Idoia. La construcción de una nacionalidad vasca. El Autonomismo de Eusko-Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.
  • FERNANDEZ SEBASTIAN, Javier. "Republicanos vascos en vísperas de la revolución de 1868: federales y fueristas", Cuadernos de Alzate: revista vasca de la cultura y las ideas, 9, 1988,16-30.orr.
  • FERRER MUÑOZ, Manuel. Elecciones y partidos políticos en Navarra durante la Segunda República, Iruña: Nafarroako Gobernua, 1992.
  • FUSI AIZPURUA, Juan Pablo. El País Vasco 1931-1937. Autonomía, Revolución, Guerra Civil, Madril: Biblioteca Nueva, 2002.
  • GARCIA-SANZ MARCOTEGUI, Angel. Las elecciones Municipales de Pamplona en la Restauración (1891-1923). Iruña: Nafarroako Gobernua, 1990.
  • GARCIA-SANZ MARCOTEGUI, Angel. Republicanos navarros. Iruña: Pamiela, 1985.
  • GRANJA SAINZ, Jose Luis. El Estatuto Vasco de 1936, Oñati: IVAP, 1988.
  • GRANJA SAINZ, Jose Luis. El oasis vasco. El nacimiento de Euskadi en la República y la Guerra Civil, Madril: Tecnos, 2007.
  • GRANJA SAINZ, Jose Luis. Nacionalismo y II República en el País Vasco. Estatutos de autonomía, partidos y elecciones. Historia de Acción Nacionalista Vasca: 1930-1936, Madril: Siglo XXI, 2008.
  • HENNESSY, C.A.M. La república federal en España. Pi y Margall y el movimiento republicano federal, 1868-1874. Madrid: Catarata, 2010.
  • KINTANA GOIRIENA, Jurgi eta ALFARO BERGARATXEA, Iñaki. "Euskal federalismo foruzalea Seiurteko Demokratikoan (1868-1873)", Uztaro, 40, 2002, 37-62.orr.
  • LAYANA ILUNDAIN, Cesar. Elecciones generales en Navarra, 1876-1890. Iruña: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 1998.
  • La Voz de Guipuzcoa. Donostia, 1885-1925.
  • LUENGO TEIXIDOR, Felix. La crisis de la Restauración. Partidos, elecciones y conflictividad social en Guipúzcoa, 1917-1923. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1991.
  • MAJUELO GIL, Emilio. La II República en Navarra. Conflictividad agraria en al Ribera Tudelana (1931-1933). Iruña: Pamiela, 1986.
  • ORTIZ DE ORRUÑO LEGARDA, José Maria. "El Fuerismo Republicano (1868-1874)", Coro RUBIO POBES eta Santiago DE PABLO CONTRERAS, Los liberales, fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Gasteiz: Besaide, 2002, 375-400.orr.
  • PENCHE GONZALEZ, Jon. Republicanos en Bilbao (1868-1937). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010.
  • PENCHE, Jon. "Respuestas locales a la desunión republicana nacional: el Partido Republicano Autónomo de Vizcaya (1913-1931)", José Luis Casas y Francisco Durán (edk.), El republicanismo ante la crisis de la democracia. Una perspectiva comparada (1909-1939), Cordoba: Diputazio Probintziala, 2010, 185-204.orr.
  • PENCHE, Jon. "La República Foral: los republicanos ante la cuestión vasca", Memoria y Civilización, 2009, 12.zenb., 193-215.orr.
  • PIQUERAS, Jose A., CHUST, Manuel (komps). Republicanos y repúblicas en España, Madril: Siglo Veintiuno de España Editores S.A., 1996.
  • PUCHE MARTINEZ, Aitor. El fenómeno del republicanismo en Irun durante la Restauración (1875-1923), Irun: Irungo Udala, 2001.
  • RIVERA BLANCO, Antonio. La ciudad levítica. Continuidad y cambio en una ciudad del interior (Vitoria, 1876-1936), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1992.
  • RIVERA BLANCO, Antonio (zuz.). Historia de Alava. Gasteiz: Gasteizko Foru Aldundia, 2003.
  • RIVERA BLANCO, Antonio eta CASTELLS ARTECHE, Luis. "Nuevas ideologías (1876-1931), J. AGIRREAZKUENAGA (zuz.): Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos, Bilbao, Lur, 2004.
  • RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio. Guipúzcoa y San Sebastián en las elecciones de la II. República. Donostia: Dr. Camino Institutua, 1994.
  • RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio eta BARRUSO, Pedro: "Guipúzcoa en la II. República: Partidos, Elecciones y Sindicatos", Cuadernos Republicanos, 21.zenb., 1995eko urtarrila, 31-47.orr.
  • RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio: "La opción republicana en Guipúzcoa durante la II república. Apuntes de una estructura", Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 21.zenb., 1987, 371-460.orr.
  • RUIZ DE GAUNA, Adolfo. Catalogo de publicaciones periódicas vascas de los siglos XIX y XX. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1991.
  • SAIZ VALDIVIELSO, José C. Triunfo y tragedia del periodismo vasco (1900-1939). Madril: Editorial Nacional, 1977.
  • SUÁREZ CORTINA, Manuel. El gorro frigio. Liberalismo, Democracia y Republicanismo en la Restauración, Madril: Biblioteca Nueva, 2000.
  • TOWNSON, Nigel (ed.). El republicanismo en España (1830-1977), Madril: Alianza, 1994.
  • URQUIJO GOITIA, Mikel. Liberales y carlistas. Revolución y fueros vascos en el preludio de la última guerra carlista. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1994.
  • VIRTO IBAÑEZ, Juan Jesus. Partidos republicanos de Navarra. Iruña: Príncipe de Viana Institutua, 1986.