Ingeniariak

Retegi Ayastui, Javier

Ingeniero Teknikoa. Bergaran jaio zen 1937ko urtarrilaren 9an.

Lanbide Heziketako ikasketak egin zituen Bergarako Lanbide Eskolan. 17 urte zituela, Bergarako Unión Cerrajera enpresan hasi zen lanean, eta zazpi urte egin zituen bertan. Aldi berean, Peritu Industriala izateko ikasketak egin zituen Arrasateko Eskola Politeknikoan, eta titulua Donostiako Peritu Industrialen Eskolan eskuratu zuen. Ekonomia eta Ingeniaritza alorretako ikasketa osagarriak ere egin zituen.

Peritu-ikasketak amaitzean, Arrasateko Eskola Politeknikoan irakasle hasi zen, eta urtebete geroago Zuzendari izendatu zuten. Kargu hori 1962tik 1975. urtera arte bete zuen.

1975ean, bere gain hartu zuen HEZIBIDE Elkarteko Zuzendaritza, Deba Garaiko Unibertsitate Eskolak sortzen lagunduz eta bailarako hezkuntza sistema koordinatuz. Urte berean, 1975ean, sortzen eta sendotzen ari zen IKERLAN Ikerketa Zentroko lehendakaritza hartu zuen. 1979an, Autonomia Aurreko Euskal Gobernuarekin lan egin zuen Hezkuntza Sailean. 1979tik 1982ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordea izan zen, eta gogotsu parte hartu zuen eskumenak eskualdatzeko negoziazioetan nahiz euskal hezkuntza-administrazioa abian jartzeko eginkizunetan.

1982. urteaz geroztik, Euskadiko Kutxako Enpresa Saileko zuzendari izan zen. Kargu horretan, kooperatiba berriak bultzatzen eta krisialdi ekonomikoetatik sortutako egoerak bideratzen nahiz enpresa-kudeaketan teknologiaren erabilera areagotzen lan egin zuen.

1989an, LKS Aholkularitza eta Ingeniaritza enpresa eratu zenean, enpresa horretako Zuzendari Nagusi eta enpresen kontu-ikuskaritzan ziharduen AUDILAN, Kooperatiba Elkarteko lehendakari bilakatu zen.

1991ko apiriletik 1992ko irailera arte, Sustapenerako eta Industri Birmoldaketarako SPRI, S.A. elkarteko Zuzendari Nagusi izan zen. 1992ko irailean, berriz, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia ataleko Sailburuorde eta SPRI elkarteko Aholkulari Nagusi izendatu zuten.

1995eko urtarrilaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailburu izendatu zuten, eta kargu hori 1998ko abendura arte bete zuen.

1999ko urtarrilean, MCCra itzuli zen MCCko Garapen Teknologikoa eta Kalitatea Saileko zuzendari modura, eta urte horretan bertan, maiatzean, Mondragon Unibertsitateko Errektore Goren kargua hartu zuen. Bi kargu horietan aritu zen, 2002ko urtarrilaren 31n erretiroa hartu zuen arte.

2002ko abendutik 2008ra arte, Eusko Ikaskuntzako lehendakari izan da.