Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes II.a Abarka

Baskoniako buruzagiak Santa Eulalia de Areson bildu ziren (Ebrotik gertu), erresumako norabide politiko-militarra erabakitzeko. Kristau-erresumen egoera ez zen oso ona. Iruñeako monarkiak Leongo Bermudo II.a erregearekin itunak sinatu behar zituen; baina azken horrek, Kordobarekin adiskidetzen saiatu ostean, hiriburuaren suntsimenduari aurre egin behar izan zion. Gaztela ez zegoen bere onenean, eta Almantzor buruzagiaren erasoaldiek kalte handiak eragin zizkioten. Azkenik, Katalunia suntsituta zegoen, eta ez zuen dirurik. Erresumak egoerari aurre egiteko zituen irtenbideak ikusita, Goi Baskoniari eta bertako Guillermo Sanchez dukeari laguntza eskatzeko aukera ere kontuan izan zuten.

Antso erregeak Leonekin ahaidetasun loturak ezarri zituen, haren biloba zen Geloira (Elvira) Bermudo II.arekin ezkonduz, eta itun horri esker, adiskidetasun sendoa bermatu zuten. Bestetik, 992an, Antsok Kordobara bidaia egingo zuela jakinarazi zuten. Haren bisita lagunkoia zen, eta helburu diplomatikoak zituen. Kaliferriak luxuzko harrera prestatu zion. Arabiako kronikek diote Antso erregea belauniko jarri zela, eta hainbat aldiz Almantzorren oinei eta eskuari musu eman ziela, erresumako bakea bermatzeko.

Almantzor eta Iruñeako erregea gurasoen aldetik ahaide ziren, buruzagiak bahitutako Hisham kalifaren antzera. Almatzorrek seme bat izan zuen, Abd Allah, eta hari lepoa mozteko agindu zuen. Ondoren, beste seme bat eduki zuen, Abd al-Rahman, Iruñeako printzesa batekin. Printzesa hori, "Baskoia" ezizenez ezaguna, Antsoren alaba zen, eta Kordobako gortera iristean, Abda izena eman zioten. Bigarren seme horri "Antso txikia" ezizenez deitzen zioten, aitonaren omenez.

994an, Kordobara bisita egin eta bi urtera, panorama politikoa berriro korapilatu zen Gaztelan. Almantzor buruzagiaren armadak berriz ere mehatxatu zuen Iruñeako erresuma. Urte horretan bertan erregea hil zen, 60 urte zituela, gobernuan 24 urte eman eta gero.