Kontzeptua

Frantziako Iraultza

Frantzia eraldatuta irteten da Iraultzako hamar urtetan. Antzinako erregimena desagertzen da, honekin batera absolutismoa eta monarkia bera. Konstituzio bat eratzen da, estatua bozkatutako lege batzuen arabera antolatzen da lehen aldiz eta botereen banaketa ematen da. Botere legegilea, betearazlea eta judiziala gero eta argiago marrazten dira. Boterea herritik datorrenaren ideia nagusitzen da eta demokraziaren kontzeptuak garatzen hasten dira. Estatuaren izaera politikoa indartzen da eta homogeneizatzen, legeen berdintasunaren ondorioz. Probintziak kendu eta departamenduak sortzen dira estatua gero eta gehiago zentralizatuz. Armada nazionala sortzen da, finantza sistema birmoldatzen da, banku zentral bat sortuz eta moneta ezarriz. Ideia politikoak, sinbologia, kultura sozial, ekonomiko eta politiko berria hurrengo mendeko oinarri izango dira. Iritzi publikoa sinbolo berrien inguruan antolatua dago (eskuina/ezkerra). Horrekin batera prentsa eta publikazio politikoak eta kultura politikoa garatzen dira.

El Juego de Pelota

Burgesiak zuzendutako Iraultza da eta ekonomiako erreformak bere interesen araberakoak dira. Lurren birbanaketa egiten da, joandako nobleen eta kleroaren lurrak Burgesiaren esku geratzen direlarik. Zergak biltzeko modu berria ezartzen da, non estatuak kontrolatzen duen zergen bilketa eta hiritar orok duen ordaintzeko betebeharra. Nobleziak bere oinarrizko funtzioak eta pribilegioak galtzen ditu, estatuko bizian ez du eraginik nahiz eta botere ekonomiko zerbait mantentzen dituen, Kleroak ondasunak galdu ditu eta duen eragina dagokion eremura mugatuko da, hau da erlijiora, Estatua laikoa baita. Baserritar gutxi batzuk aberastu egin dira baina gehienek ez dute beren egoera aldatu. Irakaskuntza zentralizatu eta homogeneizatu egingo da, Frantsesa Iraultzako hizkuntza nagusia bilakatuz.

Cazadores Vascos. Año 1793

Frantziar iraultza sistema politiko batetik beste sistema politiko baterako trantsizioa dela esan daiteke: ordenuetan antolatutako gizarte batetik, non pribilegioak gutxi batzuk dituzten gehiengoaren kalterako, gizakiaren berdintasun kontzeptua defendatzen duen eta ekonomia kontrolatzen duen burgesia merkatariaren gizarte mota batetara pasatzen gara. Heren estatuan dagoen burgesia merkatariak, gizarte feudala irauli eta klaseetan oinarritutako gizarte mota baten oinarriak eraikiko ditu, non bera den sistema berriaren kudeatzailea. Alabaina, sistema politiko hau indartzeko, Estatuaren izaera ideologikoa indartu egin beharko du. Iraultzaren bitartez, Estatua eta Nazio kontzeptua batu egingo ditu sistema ekonomiko eta politiko berriaren oinarriak sendotzeko asmoz. Europa osoan ematen den Estatu-Nazioen sorrera garaia izango da eta horren parean estaturik gabeko nazioen agerpena.