Filologoak

Altube Lertxundi, Sebero

Arrasate 1879-11-8; Gernika 1963-08-27

Sebero Altube Lertxundi Arrasaten jaio zen, 1879ko azaroaren 8an. Gurasoak Juan Alejandro eta Maria Klara ziren. Hiru anaia-arreba izan zituen, Benigno, Jesusa eta Hilario Mercedes. Seme-alaba koskorren bizitza ez ei zen urdin kolorekoa, aita oso gizon zakarra baitzen eta haurrek zein amak etxeko giro sumina pairatu behar izan zuten sarritan. Seberoren ama hil zen eta aita bigarren eta hirugarren aldiz ezkondu zen, ezkontza horietatik beste bi anaia jaio zirelarik.

Seberoren lehen ikasketak Arrasaten egin zituen, Juan Jose Rodriguez "Maixu zaharra"-rekin. Solfeo ere ikasi zuen, Victoriano Balerdi organulariarekin. Baina Altube, musiko izateaz gain beste lan esparru desberdin batean nabarmendu zen argi bereziz. Linguista izan zen, goi mailakoa gainera, batez ere euskararen esparruan lan ikaragarri zabala eginez. Non eta norekin ikasi zuen?. Batere zalantzarik gabe, barruko suak piztu zion linguistikako grina eta ezelako unibertsitatetatik igaro ez zen arren, linguistikako eremua ongi jorratzen jakin zuen. Eta Altube, aipatutako lan arlo horiez gain, enpresa gizona ere izan genuen, Gernikan. Nondik zetorkion Seberori ikasteko gogoa?. Gizon hark ederki ongi ulertu zuen txikitandik ikasketen bidetik lor zezakeela gogo askatasunerako giltza, eta horretan saiatu zen bizitza osoan. Ezagutu zutenek diotenez, "Asko jakinda be, arrokeririk bapez".

Sebero, bere anaia Benigno eta Cristobal Bediak, hiruak Arrasatekoak, garai hartako dultzaina talderik ospetsuenetakoa osatzen zuten, Euskal Herri osoan. Musikaren ildotik bere bizitza zuzendu nahian nonbait, Gernikako Musika Bandarako oposizioak egin zituen eta baita kargua irabazi ere, 1901ean. Hamabost urtez aritu zen Bandarekin, hain zuzen ere, aldi berean zuzentzen zuen Alkartasuna fabrikako gerentzia musika zuzendaritzarekin batera eramatea ezina zitzaiola ikusi arte.

1918ko apirilaren 11an Gregoria Gangoitirekin ezkondu zen Gernikan. Ez zuten seme-alabarik izan eta bikoteak alabatzat hartu zuen Benigno anaiaren alaba Elixabete. Azken honen laguntzari esker bildu ahal izan nituen Seberoren gaineko datu ugari.

1931an Gernikako alkate izendatu zuten Sebero. Hiri horren alde eta, orohar, Euskal Herriaren alde ordurarte eginiko lan eskergak erakarri zituen botoak, alkate aukeratua izateko. Bera ez zen gizon politikoa, baina alkatetzan egon zen bost urteetan oroitzapen ederra utzi zuen herkideengan.

1936ko irailaren 29an exiliorako bidea hartu behar izan zuen. Aurrenik, Argentinara joan zen, emaztearen senitarteengana, baina handik Pauera aldatu zen, frantziar hirian hogeita bi urtez bizitzeko. Bertan linguistika eta filosofiako esparruetan egin zituen bere lanik sonatuenak.

1958an exiliotik itzuli ziren Sebero eta Gregoria. Ordurako Sebero agure bat zen, osasun makalekoa. Hala ere, Gregoria hil zen lehenago, 1961ean, eta Seberoren izpiritua zeharo erori zen, bakartasun eta oinazean. Ez zen zuzpertu. Bi urte beranduago, 1963ko abuztuaren 27an hil zen eta hilkutxan ikurriña jarri zioten, Gernikako Arbola dagoen tokiko lur eskukadarekin batera. Hileta elizkizunetan Gernikako Musika Bandak jo zuen, Seberoren Banda, Gernikara Arrasatetik aldatzeko arrazoi nagusia eta gure gizonaren izakirik kuttunetakoa. Hurrengo artikulu baterako utzi dut Sebero Altube musiko, enpresa gizon, linguista, filosofo eta idazlearen obrak aurkeztea. Gutxitan eman du Euskal Herriak, arrasatear honen gisako giza-ale arloaskotarikorik. Altube, euren buruak etengabe lantzen dituzten pertsona horietako bat izan zen.

Seberok, bere anaia Benigno eta Cristobal Bediarekin -hiruak arrasatearrak- Euskal Herriko dultzaina talderik ospetsuenetakoa osatu zuen. Bere heziketa musikalak Arrasateko Musika Banda zuzentzera eraman zuen 1899an. Bi urte beranduago, dena den, "Cor Jesu" zeritzan bandarako martxa batekin Gernikako Musika Bandaren zuzendaritza irabazi zuen. Eta ordudanik, Arrasatetik Gernikara aldatu zuen bere egoitza.

Gernikan Abesbatza sortu zuen eta baita Musika Akademia ere. Bere zaletasunak eraginda, laster hasi zen artikuluak argitaratzen, batez ere Bilboko Revista Musical eta Donostiako Euskalerriaren alde. Bitxia bada ere, euskararen azterketa lanetan sartzen denean, gure hizkuntza morfologia, joskera eta tonoarengatik ikertu beharko litzatekeela dio Seberok, ate berri bat irekiz euskal linguistikako zereginetarako.

Hizkuntzaren gaineko arloan lan egiten, berriz, mende hasieran hasi zela esan genezake. Berak aitortzen du linguistikak tiratzen zuela eta europar hainbat hizkuntzalari ospetsuren obrak irakurri zituela. Hovelacque, Dauzat, Gregoire, Meillet eta beste hainbaten teoriak ezagutu zituen, bereak egituratzen hasi orduko. Teoria apurtzaileak, askotan, Altubek euskararen kasura aplikatu nahi izan zituenak.

1909koak dira Azkuerekin dituen lehenengo harremanak, batez ere hiztegi gaiak zirela eta. 1918an Oñatin zegoen, Eusko Ikaskuntzak bere lehen Kongresua eratu zuenean. Handik sortu zen Euskaltzaindia eratzeko ideia eta urtebete bat beranduago lehen euskaltzainak. 1920ko ekainaren 22an, Txomin Agirreren heriotzak utzitako hutsunea betetzeko Sebero Altube izendatu zuten euskaltzain. Ordurako euskarari buruzko bere lanak ezagunak ziren. Geroxeago aipatuko ditut, arlo honetan Seberok eginiko lanik sonatuenak.

Baina aipamen berezia merezi du Erderismos izenekoak. 1929an Euskera aldizkarian argitaratutako lan honek liburu gisa atera zuen urtebete beranduago. Ordurarte euskal hizkuntzalaritzan inondik egindako ekarpenik eztabaidatuenetakoa gertatu zen obra hori. Azkuek ez zuen ontzat hartu eta urte batzuk beranduago Koldo Mitxelenak ere kritika zorrotza egin zion, Altubek "dena eta nahi lukeena" nahasten zuela salatuz.

Egia da Altuberen lan horrek ez duela euskal joskera bere osotasunean neurtzen eta alde horretatik egin dakiokeen kritika zuzena dela. Baina Seberoren asmoa ez zen euskalki guztien gaineko ikerketa egitea. Gehien bat, garaiko euskal idazleengan antzematen zituen hutsik nabarmenenak ekiditeko arauak finkatu nahi zituen. Askok, Seberok beste garbizalekeria bat ezarri nahi izan zuela egozten diote, lexikoari dagokionaz gain. Joskera irreala sortu nahi izan zuela diote. Baliteke, izan ere askotan zurrun samar agertzen baita, baina ez da egia txikiagoa gure hizkuntzari buruz egin daitezkeen hainbat galderari erantzun egokia eskaintzen zaiela Altuberen teoriatik.

Alea ere, badira -noski- arrasatearraren lana goraipatzen dutenak. Aita Villasante, Aita Onaindia eta Iokin Zaitegi dira, besteak beste, Altuberen lana behin baino gehiagotan defendatu dutenak. Altubek, azken finean, euskara bizi eta egunerokoa maite baitzuen, argi eta garbi:

"Atara aixetara geure izkera maitiau, erabilli beti ta beti, edonun ta edonorekin, emon orretaraxe bizija ta indarra... Beste asmokeri ta barrikerizko bideok, alperriko ta kaltegarri baño eztira...".

Altuberen hizkuntzalaria oraingoz alde batera utzita, gogora dezagun izan zela Altube filosofo bat, zeharo kezkatuta gizartearen arazoekin. Berak dioenez, Gernikako bonbaztapenaren ondoren sortu zen berarengan giza oinazearen zergatia ezagutzeko grina. Horren ondorioz eta europar filosoforik aipagarrienen lanak irakurri ondoren, La fonction de la douleur deritzan liburua kaleratu zuen Pauen.

Sortzezko literaturan, berriz, Altuberen jaioterriaren kontrako bonbaztapenean oinarritzen du bere obrarik ezagunena: Laztantxu eta Betargi. Oso euskara txukun -agian zailxe samarra den arren- erabiltzen du, gertakari lazgarriaren deskribapen historiko fikziozkoa egiteko.

Sebero Altuberen lana begi kritikoz aztertu dela esan dut goian. Eta kritika ez da beti oso aldekoa gertatu, batez ere zorroztasunik eza egotzi zaiolarik, joskeraren gaineko teoriak euskara osora aplikatu nahi izan dituenean. Agian horrela da. Gaur egun ontzat emango ez liratekeen teoriak egituratu zituen. Baina horretan, behintzat, meritua eman behar zaiola iruditzen zait, ausarta izan baitzen, euskal linguistikaren zutabeak hutsaren hurrena zirenean. Seberok bide bat ireki zion euskal linguistikari. Ez da gutxi, berak zioen bezala, euskara joskera, morfologia eta tonoaren aldetik ikertu behar dela eskatzea. Eskatu eta, noski, horri ekin, arrasatearrak egin zuen legez.

Aita Villasantek, nire Sebero Altube liburuan zioen:

"Gizon gehienetan bezala, Altuberengan ere egon daitezke mugak. Baina Altube jaunaren pertsona eta lana, bere balio eta muga guztiekin, hor geldituko zaigu beti tente, ispilu eta mugarri antzo. Denontzat ikaspide".

  • 1911. Euskerazko itzak (Euskal Esnalea, I-58/60)
  • 1919. De sintáxis euskerica (Euskal Esnalea, IX)
  • 1920. Euskeraren joskera dela ta (Euskal Esnalea, X, XI, XII)
    Erderatiko itzak; itz barrijak eta antxinako itzak (Euskera II)
    Izkuntz jakintzia eta euskeriaren bizitzia (Euskera 1921)
  • 1922. Euskel itz barrijak, eurok eraltzeko erderak zetara lagundu bear deuskuen (Eusko Ikaskuntza III Kongresua)
  • 1923. De fonética vasca (RIEV XV)
  • 1925. Modismos euskericos (Euskera VI)
  • 1929. Erderismos (Euskera; eta liburu gisa, Gaubeka Irarkola)
  • 1932. El acento en la prosa y en el verso (liburu gisa, Gaubeka Irarkola)
  • 1933. La vida del euskera. Divulgación a los principios de la lingüística general aplicables a su defensa. (EuskeraXV; liburu gisa, Gaubeka Irarkola; Azkueren Morfologiaz batera, La Gran Enciclopedia Vasca)
  • 1934. Observaciones al tratado de morfología vasca de Don Resurrección María de Azkue (Euskera, XV; liburu gisa Gaubeka Irarkola; eta La Gran Enciclopedia Vasca)
  • 1936. Más sobre la vida del euskera (Euskera, XVII; liburu gisa Gaubeka Irarkolak)
  • 1948. Fonética y etimología esukéricas (Eusko Jakintza I,II, III, IV)
  • 1949. La unificación del euskera literario (Eusko Jakintza, III)
  • 1950. Erderakadarik txarrenal (Euzko Gogoa, I,II,III)
  • 1956. Literatur- euskara: sobre sintaxis vasca (Euskera I)
  • 1960. Euskerari buruz (Euskera V)

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Sebero Altuberi buruz.