Kontzeptua

Agote: etnologia eta historia

Aita Santuaren 1515eko bulda izan zen talde horien historiako gertaera funtsezkoa. Bertan, Leon X.ak Baionako, Iruñeko, Jakako, Daxeko, Oskako, Lescarreko eta Oloroneko elizbarrutietan zeuden agoten eskaera hau onartu zuen: elizetako erlijio errito guztietan gainerako eliztar guztiei emandako tratu bera jasotzeko. Horren alde zioten, jatorri heretiko albitarra izan arren, mendeetan zehar Elizaren esana zintzo bete zutela, eta horrek kristau on bihurtzen zituela. Aita Santuak argudio hori ontzat jo zuen, eta elizako funtzioetan berdintasun-tratua eman ziezaietela agindu. Karlos enperadoreak Aita Santuaren bulda berretsi egin zuen, eta horrez geroztik bi egoera juridiko hauek sortu ziren: Gaztelako Koroan sartu berria zen Nafarroan, Iruñeko Gorteetan, Apezpikutzan eta Epaitegian, agoten alde egin zuten. Errege frantziarraren menpeko lurraldeetan Aita santuaren buldak ez zuen eraginik izan, eta legeek bazterkeriaren alde egiten jarraitu zuten. Errealitatean, ordea, ez zen alde handirik egon, izan ere, Pirinioetako alde bietako ibarretan tokiko erakundeek, sekularrek nahiz elizakoek, agoten aurka ezarritakoei eutsi ez ezik, larriagotu ere egin zituzten, eta horren ondorioz, Iruñean hartutako erabakiak ez ziren betearazi, agotek behin eta berriro betetzeko eskatu zuten arren. Nafarroa Ertainean, ordea, ezarpen berriek eragin izan omen zuten, izan ere, Pirinioetako ibarretan ez bezala, ordura arte agotak zeudela jakina zeneko lekuetako dokumentuetan ez da gatazken berri gehiagorik ematen.

Eskulanak egiten zituzten: olagizonak eta errementariak, musikariak, ehungileak eta jostunak, josle, tapakigileak, harginak, saskigileak, eltzegileak, teilaginak, larruginak, ardogileak, sarrasgileak, asko errotariak ziren, eta batez, egurrari lotutako ogibideak, egurketariak, zurginak, etxegileak, ontzigileak, arotzak, upelgileak, besteak beste. Kostaldean portuko lan gogor eta arriskutsuenak egiten zituzten, adibidez, dragatze-lanak eta kaietako konpontze-lanak, eta gainera arrantzaleak, itsasgizon merkatari edo militarrak ziren, inoiz kortsarioak ere. Azken lan horietan jarduteagatik egotzi diete jatorri legenduna, egurrak edo burdinak gaixotasun hori ez zekartelakoan baitzeuden, eta horrek azal lezake zergatik debekatzen zieten agotei Zuberoan errotari izatea XVII. Mendearen hasieran; dena dela, horixe izan zen eurek egin ohi zuten lanetako bat, beraz, argi dago ukituz kutsatzea ez zela jendea euren beldur izateko arrazoia. Produktuak saldu eta erosteko debekuari ere ez zitzaion zorrotz eusten.

Pirinioetako ibarretan, batez ere kapare-eskubide kolektiboa zutenetan Erronkari, Salazar edo Baztan, adibidez- agotek ez zuten auzotasun-eskubiderik, beraz ezin zuten kargu publikorik izan, eta oztopo itzelak zituzten herri-ondasunen probetxurik izateko, hala nola bazkalekuak, garoak, luberritzea, urak, egurra eta zura etab. Horrek ez zien nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizitzen uzten, ia gehienek ez baitzuten ereiteko edo artzain izateko behar beste lur. Auzotasun eskubidea eta horrek zekartzan eskubide guztiak etxeari lotuta zeuden. Bazegoen eskubide hori lortzeko formula bat eta agotek behin eta berriro saiatu ziren: auzokide batekin ezkontzea, horren bidez etxeari zegozkion eskubideen erabilera eskura zezaketen-eta. Frantziako erregearen agindupean zeuden lurraldeetan agotek debekatuta zeukaten agotak ez zirenekin ezkontzea; Nafarroa Garaian horren ondorioa antzekoa izan zen, berriro ere: tokiko erakundeen erantzuna izan zen agotekin ezkontzen ziren emakumeei auzokidetza-eskubiderik ez ematea. Ukatzen zitzaizkien auzokidetza-eskubideen arteko batzuen helburua zen komunitatetik sinbolikoki kanpo geratzea, adibidez, etxearen izena eramatea, edota, Erronkarin, longainari azpildura gorrixka jostea, agotena horia izan behar baitzen, beste auzokideengandik ondo bereiz zitezen, eta agoten emakume erronkariarrei ere azpildura gorrixka jostea edo elizan beste auzokideekin batera jesartzea debekatzen zieten. Pirinioetako alde bietan, agotei emandako tratu bortitza sinbolikoa zen, ez fisikoa, eta gehienetan denen aurrean lotsaraztea zen helburua: irainak (txarrena agot hitza bera zen), oihuak, espantuak, iletik tiratzea, makilakadak, arrastaka kanporatzea, arropak urratzea, belarritik tiratzea, atximurkadak etab. Erail, hezurrak apurtu edo armaz zauritzea oso gutxitan gertatzen ziren, eta liskar horiek gehienetan emakume, ume, morroi edo mutil gazte ezkongabeek egiten zituzten, gutxitan familiaburuek edo kargu publikoek.

Desberdintasunengatiko liskar horiek garrantzi handikoak izateraino heldu ziren, eragin zituzten epaiketa luze eta garestiak kontuan hartuta. Agoten benetako egoeraz ideia orokorrak ematea zaila da, ibarrez ibar aldatzen baitzen xehetasunetan, batzuetan baita erakunde marko baten barruan ere: bazterkeria orokorra izan arren, eliza guztiek ez zuten beraientzako ate, ponte edo ur bedeinkaturako harri espezifiko bat; agot batzuk gainerako auzokideekin batera jesartzen ziren eserleku berean, azkenengoan bazen ere, eta beste batzuk bazter batean geratzen ziren, koropeko, kanpandorrepeko edo eskailerapeko zulo batean. Ehorzketetan baztertzen bazituzten ere, hobia hilerri barruko txoko bat izan zitekeen, bedeinkatua nahiz bedeinkatu gabea; hilerri inguruko txoko batean ere, edota hilerritik kanpo, baseliza edo monasterio batean. Arropetako bereizgarria ere ez zuten leku guztietan eraman behar.

Egoera hau herri baten barruan ere alda zitekeen, eta garaiaren arabera, permisibitate edo zorroztasun handiagoz nahiz gutxiagoz jokatzen zuten. Esate baterako, Izabako agot bat korotik eskailerara bota zuten -"zegokion lekura"-, hamar bat urtez bere auzokideekin batera leku berean egon ondoren; Arizkunen, auzokideek Bozateko agotei igitaiak gorde zizkieten ohi zuten lekuan garorik ez mozteko, herri-lurrak omen zirelakoan; edo arbolak botatzen zituzten, ez landatu berri, hazita zeudela baizik. Bazterkeriari dagokionez, epaiketek kontraesan handiak uzten dituzte agerian: agotek ziurtatzen zuten gainerako auzokideek bezala, zergak ordaindu eta hainbanaketetan parte hartzen zutela, edo muga babestera joaten zirela, eta herri-ondasunak baliatzen zituztela; auzokideek, ordea, horrela ez zela, edo neurri batean baino ez zela egiaztatzen zuten. Legeak, ordenantzak eta epaiak ere ezin dira orokortu, ez baitziren homogeneoak, eta aldatu egiten ziren udalerriz udalerri. Gainera ez omen ziren zorroztasunez ezartzen, agoten aldeko zein kontrako izanda ere. Badirudi zorroztasuna edo arduragabekeria gorabeheren araberakoak zirela, ez beti agot fenomenoari lotutako jokaera. XVI. mendean eta XVII.aren lehenengo erdian liskar asko egon ziren Pirinioen hegoaldeko ibarretan (kapare-eskubidearen eta odol garbitasunaren handinahikeria, sorginkeriagatik egindako epaiketak, mugan zegoen protestanteen "kutsatze" arriskua etab.) eta epaiketa ugari egin ziren arrazoi erabat sinbolikoengatik, liskarrok komunitatean bakoitzak zuen maila zalantzatan jartzen baitzuten.

Ipar-isurialdean ez zegoen Leon X.aren eta Karlos enperadorearen instituzio-laguntzarik eta epaiketak nahiz protestak auzokideek eragin zituzten, legeak eta epaiak zorrotzago bete zitzatela eskatzen baitzituzten: ortozik ibiltzen ziren, ez zuten soinean bereizgarririk eramaten, plaza eta merkatuetan saldu eta erosi egiten zuten, jendartean etab. Agot batzuei nobleen pribilegio batzuk hartzeko salaketa ere egin zieten, hala nola, kapa, ezproiak, arma zuri eta su-armak eramatea, txakurrekin irtetea ehizan edo usategiak egitea. Hainbat ekinaldi egin ondoren, 1683an agotei lege-berdintasuna eman zien Luis XIV.ak errege-ogasunean diru-ekarpen bat egitearen truke, eta geroztik, epaiak eta goi-mailako instantziak (Baionako apezpikua, adibidez) agoten aldekoak izan ziren gehienetan. Baina auzokideek eta toki erakundeek betearazteko oztopo guztiak jartzen zituzten, adibidez, Biarritzen, urtetan eta urtetan epaiketak eta errekurtsoak egin ondoren, herri matxinada batek -emakumeek eginda baina toki agintariek bultzatuta- oztopatu egin zituen, agotak toki sakratuan ehorztearen edo elizan leku berbera erabiltzearen aldeko sententziak. Gaskoian eta Bretainian ere antzeko gertaerak izan ziren arrazoi horrengatik berberagatik. Sinbolikoak ziren eskubidean errealitatean ezin lortzeak ez zituen agotak atzera botatzen eta 1765ean Baigorriko agotek elizan tratu berdintasuna izateko aldarrikapena egiten jarraitzen zuten.

Gizarte-bazterkeria etengabea eta erakundeek euren epaiak eta irizpenak betearazteko borondate eskasa ez datoz bat baztertuek mendetan zehar erakutsi zuten kontzientziazio, irmotasun eta antolatzeko gaitasunarekin. Elizbarruti ezberdinetako agotak euren ordezkariak Aulki Santuraino edo enperadorearen gorteraino bidaltzeko gai ziren, eta, esan gabe doa, Iruñean eta Bordelen euren errekurtsoei urtetan eta urtetan eusteko. Horrexegatik ondorioztatu da euren arteko asko aberatsak zirela, edo behintzat euren auzokoen aurrean gutxiago ziren konplexurik ez izateko hainbatekoak.

Agotak egondako denbora eta lekua ez ziren homogeneoak izan, herri batzuetatik desagertu eta beste batzuetan lekutu egin ziren mendeetan zehar. Iruñearen iparraldean agot gune gutxi egon ziren eta XVll. mendean ere ez zegoen euren aztarna handirik, Bidasoa eskualdean izan ezik, batez ere Baztanen, bertako herri askotan aipatzen baitira. Bozate auzoan XVI. mendean agot asko zegoen, eta ondorengo mendeetan hirurehun eta bostehun biztanle artean ibili zen. Baigorri eskualde behenafartarretan ere nahikotxo egon ziren, eta XVIII. mendean biztanleen %10 izateraino heldu omen zitezkeen, baina hainbat parrokiatan ezberdin banatuta. Batzuetan ez dago euren arrastorik, beste batzuetan tartekakoa aipamenik agertzen dira edo etxe gutxi batzuk baino ez dira aipatzen, eta auzo batzuetan, Izpurako La Magdalenan edo Anhauzeko Zubitoan, adibidez, ehun bat baino gehiago zeuden.

Paronnaudek Nafarroa Beherean egindako ikerketa genealogikoek erakusten dute agotek bere auzokoak bezala bizi zirela. Euren familia eredua Euskal Herri Atlantikoan zegoen bera da, etxearen inguruan antolatzen zen eta bertatik hartzen zuten izena. Eliza batean jesarlekurik edo hobirik bazuten, etxearekin batera saldu edo herentzian hartzen zituzten. Berandu ezkontzen ziren, hiru belaunaldi bizi ziren elkarrekin, eta herentziaren eskualdaketa hil aurretik egiten zitzaien senar-emazte gazteei; ezkontzak eta hiletak tokiko ohituren arabera egiten ziren, parrokiari eskaintza eta opariak egiten zizkioten testamentu legatuetan etab. Legeak behartutako edo ohiturak bultzatutako endogamia konpentsatzeko, agot komunitateen arteko exogamia ere bazegoen; horrela, agotak inguruko edo beste eskualdeetako herrietara ezkontzen ziren eta batzuetan Biarno eta Landetaraino heldu ere.