Monastegiak

Iratxeko monasterioa. Ayegui

Andre Mariaren Monasterio eta Unibertsitatea. San Benito ordenaren baitakoa. Lizarratik hiru kilometrora dago, Montejurraren iparraldeko hegalean, lautada baten aldamenean.

X. mendean dagoeneko eraikia zegoen (958ko dokumentua tokiko kartularioan) eta Antso I.a Gartzes, Iruñeko erregearen dohaintza batean ere aipatzen da. Dohaintza hartan konkistatu berri zuen Monjardineko gaztelua laga zuen, Berruezako haraneko zenbait lekurekin batera.

1050ean Gartzia Naxerakoak ospitale bat sortu eta hornitu zuen santiagotar bideko erromesak artatzeko. Ospitale hori Nafarroako lehenengoa izan zen eta Gartzia Naxerakoa erregeak (1035-1054) Iratxeko abadeari egindako dohaintza baten ondotik sortu zen. Dohaintza hartan hariztia izandako larre bat eman zion, Muez eta Irujoren artean kokatua, bertan monasterioaren aurrean paratuko zen erromesen ospitale bat eraiki zedin.

Monasterioak San Veremundoren (1056-1058) gobernuan bizi izan zuen aro oparoena, izan ere, garai hartan hainbat dohaintza eta ondare jaso zituen Iruñeko erregeen eskutik. Iratxera berrogei monasterio txiki eta eliza daude atxikita. Horien artean aipagarri dira Iharteko San Salvador, Deikazteluko San Pedro, Ingurriko Andre Maria, Lizarrako San Joan, Legardako Santa Eulalia eta Mendabiako San Joan.

Behe Erdi Aroa garai latza izan zen monasterioarentzat. Aro modernoan erreforma sartu zen eta 1531n Valladolideko San Benito Kongregazioa batu zen. Kongregazio horren eskutik, 1544an kolegio bat sortu zen, pixkanaka Unibertsitate bilakatu zena, Paulo V.ak (1615) berretsi zuena eta agintaritza zibilak onetsi (1665). Kanonista, idazle aszetiko, bibliko eta historialari multzo batek Iratxe izena mundu osoan zehar barreiatu zuen.

Napoleondar gerraren amaieran, 1813an, Iratxen ospitale bat zegoen ejertzito aliatuetako zauritu ugariak eta Francisco Espoz y Minaren dibisioko gerlariak artatzeko. Monasterioa konfiskatua izan zen 1835eko irailaren 3ko dekretuz. Bigarren karlistadako (1872-1876) ospitale karlista nagusia Iratxen zegoen, monasterioan, 1874an ospitale bilakatu baitzen. 1885az geroztik Eskolapioak ziren Iratxeko egoileak, bertan baitzituzten ikasketa-etxeak. Nafarroako Etnologia Museo bilakatzeko prozesuan dago egun.

AAA

Iratxeko Andre Mariaren monasterioko monumentu-multzoa hiru sekzio bereizitan egituratzen da: XII. mendeko erdi aroko eliza; XVI. mendeko klaustro platereskoa eta XVII. mendeko klaustro berria.

Abadetza-elizaren estiloa berant-erromanikoa eta zistertarra da. XII. mendean hasi zen haren eraikuntza. Lehenik eta behin goiburua eraiki zen abside hirukoitzarekin eta gurutzadurarekin, artean eraikuntza-tipologia erromanikoa mantenduz. XIII. mendera bitartean nabeak eraiki ziren. Nabe horiek egiteko, gurutzaduraren estalkia barne, Ozkabarteko katedralaren ereduari jarraitu zitzaion. Oina hiru nabe txikitan banatutako nabe batek hartzen du, Zangozako Andre Marian erabilitako egituraren pare. Oinean zehar goibururaino luzatzen den gurutzadura bat dago. Ez da nabarmenegia eta hiru abside erdizirkularrez osatzen da; erdiko absidea handiagoa da, erdiko nabearen dimentsio berekoa.

Elizaren barnealdea dobela sendoko arku zorrotz handien bidez altxatzen da. Arku horiek gurutze formako pilaren gainean sostengatzen dira. Pilare horiei atxikirik zutabe-erdiak daude. Erdiko nabea handiagoa denez, zutabe erraldoiak paratzen dira, ojiba-arkuteriaz osatutako bilbadura guztia egituratuz. Alboetako nabeetako kapitelak eta erdiko nabekoak landaretza-motiboz, motibo geometrikoz eta zistertar erako bolaz apainduta daude. Gurutzadurako mentsulan antzeko apaindura dago, landaretza eta giza buruak agertzen dituena. Garai batean zinborio erromaniko-bizantino bat egon zen, Zamora, Toro eta Salamancan ageri zirenen parekoa, Perigord estiloko erroa zuena. Zinborioaren azpiko tronpetan lau buru agertzen ziren, lau ebanjelistak irudikatuz. XVI. mendean ganga batek hartu zuen zinborioaren lekua. Absideetan erdi-puntuko hainbat arku daude. Erdiko absidera garaipen-arku zorrotz bikoitza zeharkatuz sartzen da. Arku bikoitz hori bi kapitel historiatuz hornitutako zutabeetan sostengatzen da. Ezkerrekoan gai klasikoa ageri da: zaldunen arteko borroka. Eskuinekoan Ekialdeko Magoen historia irudikatzen da, zaldi gainean, Ama Birjina eta Haurrarekin. Erdiko absidea hiru gorputzetan banatzen da takodun inposta-lerro batez eta diamante-puntazko beste inposta-lerro batez. Lehen zatia trinkoa da eta ez du dekoraziorik. Bertatik altxatzen da erdiko gorputza, erdi-puntuko arkuz betetako galeria baten inguruan egituratzen dena; erdikoa eta aldeetakoak irekiak dira, gainerako laurak berriz itsuak dira. Erdi-puntuko arku horiek landare eta historiatu apainduraz hornitutako kapitel ederretan sostengatzen dira, zutabe dotoreetan zehar luzatzen direnak. Dekorazio geometrikoa duen inposta-lerro batek ebakita altxatzen da erdiko absidearen goiko gorputza. Abside horretan idi-begien lerro bat agertzen da, erdi-puntuko arkupe itsuz hornitua. Alboetako absidetan erdi-puntuko leiho txaranbelduak daude, zeintzuen arkiboltak landare eta historiatu apainduraz hornitutako kapiteldun zutabetxotan sostengatzen diren. Erdiko nabearen eta alboetako nabeen gainetik gurutze-gangak altxatzen dira, ojiba-arkuetan sostengatzen direnak. Gurutzaduran laranja-erdiko ganga bat dago, XVI. mendean paratu zena, estilo erromanikoko zinborio zaharraren lekua hartuz. Garai berean absidearen zonaldea estali zen, esfera-laurdeneko hiru ganga-zatirekin.

Monasterioko elizaren barnealdeari dagokionez, kapitelen dekorazioa azpimarratu behar da, forma aldetik arranditsua eta apaindura aberatsekoa. Absideen zonaldeko kapitel erromanikoetan apaindura-aniztasun konplexuagoa ageri da. Horietan bizitza erreal eta sakratuko eszena historiatuak ikus daitezke, animalia eta alegien irudikapenekin batera. Absideetako baoetatik zehar eta Ebanjelioaren zonaldean kokatutako zistertar erako arrosa-leihotik kanpoko argia oso motel sartzen da, modu horretan, aipatu eszenen handitasuna nabarmenduz. Elizako gainerako motibo ikonografikoei dagokienez, gurutzadurako tronpen azpialdean kokatutako ganga-giltzarriak nabarmendu behar dira, Kristoren eta lau Ebanjelisten bizitza historiatuz apaindutakoak. Dekorazio horiek modelatu erromanikoa erakusten dute. Ebanjelistak gorputz-jarrera anatomiko zurrunean daude eta buruaren tokian dagozkion ikurrak dituzte. Barnealdeko motibo ikonografiko horietan Zangotzako Andre Mariako eta Lizarrako San Migueleko portaden forma aldetiko eragina antzematen da. XVII. mendean elizari kapera barroko bat atxiki zitzaion gurutzaduraren zonaldean, gurutze latindar oina duena. Horren aurretik, XVI. mendean, klaustroaren eraikuntzan zehar, arku beheratuko korua eta oin karratuko sakristia erantsi ziren barne-egituran.

Kanpotik beha Iratxe harlanduzko bloke horizontal sendoa da. Multzoaren lerroa Ebanjelioko zonaldean dagoen XVI. mendeko dorreak hausten du. Kanpotiko elementuen artean XIII. mendeko abside hirukoitza nabarmendu behar da. Erdiko absidea zazpi horma-ataletan banaturik dago, oin angeluzuzeneko sei kontrahormekin elkarlotzen direnak. Erdiko absidearen barne-egitura errepikatu egiten da, goialdean bost idi-begiz, eta erdi-puntuko hiru leihoz tarteko gorputzean. Erlaitzaren azpian hiru gingileko arkupe txiki lerro bat dago, animalien motiboz apaindutako mentsuletatik abiatzen dena. Arku txiki horien gainetik harburu lerro bat dago, mamuen, animalien eta gizakien buruz apainduta. Gainerako dekorazioa landaretza-motiboz hornitutako kapitel erromanikoen bidez garatzen da. Alboetako absideak atxikitako zutabe-erdiz egituratzen dira kanpoaldetik. Haietako kapiteletan apaindura historiatuak agertzen dira berriro. Kanpo-egitura horretan fatxada nagusiko ataria eta multzoaren iparraldera lekututako San Pedroko portada nabarmentzen dira.

San Pedroko portada XII. mendearen amaierakoa da. Apur bat zorroztua da eta sekzio geometrikoko bost arkibolta bidez forma txaranbeldua hartzen du. Arkibolta horiek bozelez bereizitako zutabetxotan sostengatzen dira. Kapitela itzelak dira. Horietan errepertorio ikonografiko berant-erromanikoa ageri da, eszena historiatuak erakusten dituena. Eszena sakratuak, animalia fantastikoak, makilak, mamuak, harpiak eta San Martinen loaldia irudikatzen dira. Elizara XIII. mendeko portada batetik sartzen da. Portada berant-erromanikoa da eta fatxada nagusian kokaturik dago. Arku zorrotza dauka, bost arkibolta lauekin forma txaranbeldua hartzen duena. Arkibolta horiek pilastretan sostengatzen dira. Horrez gain, alde bakoitzean zistertar erako landaretza-motiboz apaindutako kapiteldun lau zutabe daude. Portada nagusitik gertu dorrea altxatzen da. XVII. mendean eraiki zen. Estilo herreriar soila du eta oin karratuko goitik beherako hiru gorputzen osatzen da. Escorialeko Monasterioko dorreen ereduari jarraitzen dio. Orejetaz inguratutako leiho dinteldunetan eta gorputzak bereizteko inposta-lerroetan soilik ageri dira apaindurazko motiboak. Gorputz garaienean erdi-puntuko baoak ageri dira pilastren artean eta kanpandorre gisa baliatzen da.

Klaustroa. Klaustroaren eraikuntzan, besteak beste, Martin de Oyarzabal, Juan de Aguirre eta Martin de Landerrain harginak aritu ziren lanean XVI. mendearen lehen erdialdean. Estilo platereskoa du eta monasterioaren hegoaldean kokatzen da, parrokiarekin Epistolaren hegaletik komunikatzen delarik Oin angeluzuzenekoa da. Bertan lehen gorputzak sei eta bost bao zorrotzeko arku-multzoak ageri ditu, hurrenez hurren. Arkuak oktogono formako oina duten pilareetan eta sekzio prismatikoko kontrahormetan sostengatzen dira. Lehen gorputzaren gainetik erdi-puntuko arkupedun galeria bat altxatzen da, fuste lauko zutabetxoetan bermaturik. Bigarren gorputzaren aurrealdea medailoiekin eta ildokaturiko metopadun erlaitz txiki batekin apaintzen da. Klaustroaren barnealde guztia trazu izardun eta lerronahasiko ganga gotikoz estaltzen da. Ganga horiek apaindutako mentsuletan sostengatzen dira.

Klaustroko dekorazioaren aberastasuna hormartetako egituretan agertzen diren motiboetan dago. Dekorazio-estilo ezberdinak antzematen dira. Horrek klaustroa bi garai bereizietan eraiki zela adierazten du. XVI .mendearen lehen erdialdekoak dira irudien espresibotasuna eta dramatismoa, mende amaierako estilo klasiko erromanismoarekin talka egiten dutenak. Hormartetako pilareetan dauden kapitelak azpimarragarriak dira. Horietan eszena fantastikoak, groteskoak, zaldizkoak nahiz basilikoak ageri dira eta, baita Kristoren bizitzaren gaineko eszena bikainak ere. Halaber, pilareetako mentsuletan agertzen diren dekorazio-motiboak ere oso aberatsak dira. Dekorazio hori haurren, kerubinen, emakumezkoen aurpegien, atlanteen, animalia fantastikoen, eszena beldurgarrien eta gorputz hegaldunen irudi zailekin osatzen da. Klaustroko izar-gangak ere antzeko eszenekin apaintzen dira, hartako giltzarrian paratuta. Erdiko giltzarrian pertsonaia garrantzitsuenak irudikatzen dira eta albokoetan hierarkia-maila apalagoan dauden irudiak.

Klaustroko dekorazioaren aberastasunarekin jarraituz, erdi-puntuko arkupeetan kokatutako medailoiak aipatu behar dira. Horien gainean estilismo, naturalismo eta espresibotasun dotorea ageri duten pertsonaien bustoak daude, izaera mitologikoa dutenak. Klaustroaren barrenean Ate Dotorea dago, monasterioko parrokiarekin komunikatzen dena. XVI. mendearen erdialdekoa da eta estilo errenazentistakoa. Erdi-puntuko arku handi batek eta arras apaindutako bi arkiboltek osatzen dute atea. Arkibolta horiek pilastra bikoitzetan sostengatzen dira. Atariaren bi aldeetara bi medailoi oso espresibo daude, San Pedro eta San Pablo irudikatuz. Kerubinez apaindutako friso baten gainean atiko dinteldun bat altxatzen da, zutabetxo artean. Atikoaren alboetan bi aingeru paratzen dira. Multzoaren buruan Kristo Erregea. Atikoaren erdiko horma-hobian Andre Maria Birjinaren Zeruratzea irudikatzen duen eskultura-multzo bat kokatzen da. Bertan haren tailua dago, sei aingeruz inguratuta. Eskultura-multzo osoan forma klasizista ageri da, gorputz-jarrera anatomiko eta tolestu bikainez.

Monasterioko kapitulu-gela eta klaustroaren gaineko gela ere XVI. mendearen amaierakoak dira. Haien eraikuntzan Amador de Segura eta Juan de Sarobe maisuek parte hartu zuten. Klaustroaren gaineko gelak arkitektura-tipologia manierista erakusten du, forma klasikoak erabiltzen dituena eta motibo geometrikoz hornitutako dekorazioa. Klaustroaren gaineko gelako galeriak erdi-puntuko arkuz egituratzen dira, ordena dorikoko zutabe ildaskatuetan sostengatzen direnak. Kapitulu-gelak oin karratu arras handia du. Hormetako batean erdi-puntuko bi arkudun leiho bat dago, zeinaren erdiko zutabea ordena dorikokoa den. Kapitulu-gelaren gainetik izar-ganga bat dago, nerbio lerronahasiak dituena.

Erdi aroko barrutiaren eta barruti errenazentistaren atzealdeko zonaldean kokatutako Klaustro Berria da Iratxeko egituraren azken zatia. Trazu horizontal soileko eraikina da, XVII. mendekoa. Haren handitasunak monasterioaren egitura zaharra itzaleratu egiten du eta Iratxeko Unibertsitatearen sorrerak ekarri zuen haren eraikuntza. Klaustro berriak oin angeluzuzena du, hiru gorputzetan banatutako fatxadaz hornitua. Adreiluzko erdi-puntuko arku bikoitzak goitik behera eratortzen dira. Arku horietan dinteldun baoak eta erdi-puntukoak ageri dira.

Kanpotik beha, XVII. mendean egindako handitze hori trazu horizontaleko eraikin soil modura agertzen da, eraikuntza-tipologia herreriarra duena. Harlanduzko hiru gorputzetan banatutako fatxada bat du. Gorputzak inposta-lerro sinple batez bereizten dira elkarren artean. Hiru gorputz horietan simetrikoki leiho dinteldunak ageri dira, garaiko sare-egitura mantentzen dutenak. XVII. mendearen amaiera aldera fatxada nagusiko erdialdeko zatia egokitu egin zen; azpiko gorputzean pilastrak paratu ziren sarrera-atari dintelduan; erdiko gorputza balkoi batekin eta XVII. mendeko lau armarri barrokorekin apaindu zen. Azkenik, fatxadaren goialdean XVIII. mendeko armarri barroko handi bat paratu zen, goiko balkoiari atxikita.

FGN 2002

Monasterioari dagokion dokumentazio-sorta Nafarroako Artxibategi Nagusian dago. Dokumentu administratiboak dira eta Jose Maria de Lacarra historialari bikainak irakurri eta transkribatu zituen, Angel Martin Duqueren lankidetzarekin. Modu horretan, Iratxeko Bilduma Diplomatikoa osatu zuten, 958-1397 bitarteko epealdi kronologikoa hartzen duena, nahiz eta 1222. bitartekoak soilik argitaratu diren. Argitaratutako 327 dokumentu horietatik, 86 jatorrizkoak dira eta gainerakoak kopiak. Dokumentuak nafar-erromantze hizkuntzan idatzita daude. 1977an Carmen Saraleguik hizkuntza horren gaineko ikerketa burutu zuen (Nafarroako euskalkia Iratxeko monasterioko dokumentuetan (958-1397), Nafarroako Diputazioa, 1977, 328 or.).

AAA