Politicians and Public Officials

Aizpurua Egaña, Itziar

Itziar Aizpurua Herri Batasunaren kide historiakoa da. 1943an Deban jaioa, gaztetatik ETAn parte hartu zuen eta han ezagutu ziren bera eta senarra izan zuen Jokin Gorostidi. Euskal politikagintzan egindako lanaren ostean zenbait aldiz kartzelan egon zen eta hiru alditan legebiltzarkide eta beste bitan espainiar parlamentaria izan zen. Hain zuzen, 1989ko Alcala Hotelean izandako HBko parlamentarien aurkako atentatua bertatik bertara bizi izan zuen.

Itziar Aizpurua Egaña Deban (Gipuzkoan) jaio zen 1943an, eta kostaldeko giroan hasi eta hezi zen, bi ahizpa eta anaia baten ondoan. Gaztetan, musika ikasketak burutu zituen eta piano irakasle izateaz gain, gurasoek Deban zuten gasolindegian eta garajean aritu zen lanean. 1960. hamarkadaren hasieran sartu zen ETAren "fronte kulturalean", "ikastolak, euskal kultura, gizarte eskolak..." bultzatuz, nahiz eta "azpiegitura lanak" ere egin behar izan zituen: "propaganda zabaldu, jendea etxe batetik bestera mugitu, armak gorde..."1.

1968ko otsailaren 15ean Jokin Gorostidi HBko mahai nazionaleko kide ezaguna eta orduan ETAko kidea zenarekin ezkondu zen, nahiz eta Aizpuruak aitortu, Jokinen bizitzari buruz gauza askorik jakin ez. Bere liburuan kontatzen duen bezala, Gorostidik izugarrizko eragina izan zuen Aizpuruaren bizitzan. Hurrengo urtean, 1969ko martxoaren 8an atxilotu zuten Aizpurua lehendabiziko aldiz, Debako gurasoen etxean Gorostidirekin batera zegoela. Donostiako Gobernu Zibilera eraman zuten eta han jasandako torturak honela deskribatzen ditu aipatu bere liburuan: "belarrondokoak ematetik buruko kolpeetara pasatu ziren, eta gero hormaren kontra bota ninduten"2. Bortxaketa mehatxuak ere jaso zituen Aizpuruak. Handik, Gorostidirekin batera Martutenera eraman zuten, eta gero, Iruñeko kartzelara. Ez zuen Gorostidi Burgosko prozesura arte berriro ikusi eta aske geratu arte, eskutitz bidezko harremana mantendu zuten, hori baitzen "harremanari eutsi ahal izateko" era bakarra3.

Burgoseko prozesuan Aizpuruarentzat fiskaltzak 15 urteko kartzela zigorra eskatu zuen. 1970ean Burgoseko presondegira eraman zuten eta handik, 1971n, Alcala de Henaresko presondegira garraiatu.

1973an gose greba luzean parte hartu zuen Aizpuruak, Alcala de Henaresko gainontzeko preso politikoekin batera. Gose greba haren ondorioz, 36 kilo izatera iritsi zen eta ospitalera eraman behar izan zuten. 1974an, Alcala de Henaresko presondegiko suteak bertan harrapatu zuen Aizpurua, baina onik atera zen gertakari lazgarritik. Handik egun gutxira, Cartagenara eraman zuten, Gorostidi zegoen lekura. Era honetan deskribatzen du Aizpuruak Cartagenan betetako egonaldia: "Horrela hasi zen gure bizitzaren zati ederrenetako bat. Gezurra badirudi ere, une zailetan elkar ezagutzeak bikote modura sendotzea ekarri zigun. (...) herriaren alde bizitza emateko elkarren beharra genuelako gogoeta hura indarra hartuz joan zen"4. 1975eko otsailean, berriro Alcala de Henaresko presondegira itzularazi zuten eta uztailean, bigarren gose grebari ekin zion, Garmendia eta Otaegiren epaiketaren aurka euskal presoek egin zuten gose grebari atxikiz.

1976ko abuztuan geratu zen Aizpurua libre, Gobernu zentralak emandako "sasi-amnistiari" esker5.

Kartzelatik irten eta berehala, bi jarduni heldu zion Aizpuruak: "Amnistiaren alde lan egiten" batetik, eta "Jokinekin bizi izatera" bestetik. Amnistiaren alde egiteko gestorek antolatutako hitzaldietan, Aizpuruak Gipuzkoako herri ezberdinak bisitatu zituen bere esperientziaren eta ordura arte bai kartzelan eta bai atxilotu aurretik bizitakoaren inguruko kontaketak eskainiz. Urte hartan (maiatzean), Gorostidi Belgikara erbesteratu zuen espainiar Gobernuak, Burgoseko prozesutik kartzelan geratzen ziren preso politikoak espetxetik ateratzeko asmatu zuten erbesteratu izaera juridiko berria erabiliz, eta han bat egin zuen Aizpuruak bere senarrarekin. Uztailean zeharkatu zuten muga eta azaroan Gorostidi aske geratu zen.

Biak aske zirelarik Tolosara joan ziren bizitzera, nahiz eta Deban, Aizpuruaren gurasoen etxean denbora asko igaro zuten. 1977ko azaroan, Aizpuruaren gurasoek Deban zuten Labatai jatetxean zeudela, "BVE"k euren aurka egindako atentatua jasan zuten, eta 1979ko otsailean, antzeko eraso baten biktima izan zen berriro. Hirugarren erasoa, urte hartako maiatzean bizi zuten, azken hura "Triple-A" komandoaren eskutik.

1978an, Altsasuko mahaiak HB sortu ostean, bai Aizpurua eta baita Gorostidi ere koalizioaren lerroetara batu ziren. Aizpurua Mahai Nazionaleko kidea izan zen 1997 arte, kide guztiak atxilotu zituzten arte. Koalizioaren barnean, hainbat lan ezberdinetan aritu zen Aizpurua eta 1980ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aukeratua izan zen, lehendabiziko aldiz.

Legebiltzarreko lehen bi legealditan (1980 eta 1984) parte hartu ostean, 1986an eta 1989an HBk Madrilen lortu zituen parlamentarien artean sartu zen Aizpurua. 1989ko azaroaren 20an, legealdiari hasiera eman aurreko egunean, Madrilgo Alcala hotelean bilduta zeudela, Josu Muguruza hil eta Iñaki Esnaola larri zauritu zuten atentatua jasan zuen Aizpuruak ere, baina onik atera zen atentatutik.

Horrek ez zuen Aizpurua eta HBren arteko harremana hautsi ez eta Aizpuruaren politikagintzarako gogoak oztopatu, eta koalizioaren inguruan lanean jarraitu zuen. 1994an, Euskal legebiltzarrerako egindako hauteskundeetan legebiltzarkide kargua lortu zuen berriro, 1998a arte. 1997an, oraindik diputatu zela, Madrilgo Epaitegi Gorenak Herri Batasunako mahaikide guztiak kartzelaratzeko emandako aginduaren ondorioz berriro atxilotu zuten otsailean. Lehendabizi, Donostiara eraman zuten eta handik Madrilgo Caravanchel presondegira. Apirilean askatu zuten baina urte hartako urrian hasiera eman zitzaion epaiketan 7 urtetako kartzela zigorra eta 500.000 pezetako isuna ezarri zioten Aizpuruari. Abenduan atxilotu zuten eta urte bat eta zazpi hilabete egin zituen Martuteneko kartzelan.

Handik aurrera ere, Aizpuruak ezker abertzaleari lotuta jarraitu zuen politikagintzan eta 2009an, legez kanpo utzitako D3M alderditik Gipuzkoako zerrendetan hirugarren postuan aurkezteko aukeratua izan zen.

2006ko abenduan kaleratu zen Itziar Aizpuruak Jokin Gorostidi senar eta "kideari" eskaini zion liburua, "Jokin Gorostidi. Autobiografia" deiturikoa.

Egun, Deban bizi da Aizpurua.

1Itziar Aizpuruari egindako elkarrizketa, 2012ko azaroaren 13an, Deban.

2AIZPURUA, Itziar. Jokin Gorostidi. Autobiografia. Tafalla: Txalaparta, 2007, 64.or.

3AIZPURUA: aip.auk, 142.or.

4AIZPURUA: aip.auk, 176-177.orr.

5AIZPURUA: aip.auk, 203.or.