Literary Figures

Juaristi Linacero, Jon

Bilbo, 1951.

Poeta, eleberrigile, saiakeragile, itzultzaile eta irakaslea. Bilbon jaio zen, Zazpikaleetan, eta berak aitortu bezala familia handiko partaidea da:

"Bilbon jaio nintzen 1951ko martxoaren 6an, familia handi baten baitan -lehengusu asko ginen- eta ideologikoki denetarik zegoen bertan: nazionalistak, ETAkideak, karlistak nafar adarrean. Denak batzen zituzten bizitzaren ikuspegi tradizionalak, zentzu erlijiosoan, eta erdi mailakoen baloreek. Bi edo hiru urterekin ikasi nuen irakurtzen."

El Mundo, 2006ko maiatzaren 5ean.

Lehenengo ikastegi erlijioso batean ikasi zuen eta ondoren Opus Deik ireki zuen lehenbiziko eskolan: Gazteluetan. 16 urterekin ETAn sartu zen (bertan egon zen 1974ra arte) eta ondoren Alderdi komunistan, Euskadiko Ezkerra eta, azkenik, PSOE-PSEn. Gaur egun, berak hala aitortuta, politikan jarrera kontserbatzailea du (adibidez Fundación para la Defensa de la Nación Española delakoaren Ohorezko Patronatoan dago), eta ETAren kontrako mugimenduetan parte hartzen du (Foro de Ermua, Basta Ya,...).

Txikitan, eta gero nerabezaroan aitonak eragina izan zuen Juaristirengan. Euskaraz egitera animatu eta euskal gaietan oso jantzia zegoen liburutegi aparta eskaini baitzion. Aitona-amonarekin egon zen bizitzen 13 urte zituenetik aitarekin izaniko eztabaidak zirela eta. Filologia erromanikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, garai hartan argitaratu zuen euskarazko bere lan bakarra: Euskararen ideologiak. Etorkiak (1976) eta 1977an Pott Bandan aritu zen Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla, Josemari Iturralde eta Ruper Ordorikarekin batera. Juaristik Gabriel Arestiren eragina nabarmena izan zuen eta poetaren obra aztertu zuen eta gaztelerara itzuli. Euskal literaturaren ikertzaile gisa, 1987an, Literatura vasca lana plazaratu zuen.

Zenbait eskola eta institututan aritu ondoren Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen eskolak ematen; ondoren Filologia espainiarreko katedra atera zuen. Egoera politikoak bultzatuta, ETAren helburuetako bat zen, Euskal Herritik alde egin eta 1997an New York Universityko Rey Juan Carlos I katedra bete zuen eta irakasle ikertzailea izan da Mexicoko Unibertsitatean (Colegio de Mexico), Valentziako unibertsitatean ere aritu da Cañada Blanch Fundazioaren Pentsamendu Garaikidea katedran eta 2005etik Alcala de Henares unibertsitateko irakaslea da.

Sei hizkuntza dakizki eta gehiagotan irakur dezake.

"Badakit euskara, ingelesa, frantsesa, portugesa eta galegoa. Hala hola moldatzen da katalanez eta une honetan oso aurreratua dut serbokroata, egungo nire emaztearen eta nire seme txikiaren hizkuntza." (El Mundon komentatua).

Jon Juaristiren ibilbide politiko eta akademikoaren ondoan, eta honekin lotua, bere ibilbide literarioa dugu. 1980ko hamarkada hasieran poema liburu batzuk argitaratu zituen Pamiela etxe nafarrarekin. Egunerokotasuneko kontuez ari da maitasunaz, desmaitasunaz hobe esanda: Diario de un poeta recién cansado (1986) eta Suma de varia intención (1987) ditugu garai horretan, bai eta Arte de marear (1989). Ondoren, nahiz eta genero ezberdinak landu, beti izan du tarte bat poesiarako, eta bere produkzio poetikoa etengabea izan da: Los paisajes domésticos (1992), Mediodía (1993), Agradecidas señas (1995), Tiempo desapacible (1996), Poesía reunida (1986-1999) (2001), Prosas en verso (2002), Viento sobre las lóbregas colinas (2008) eta Renta antigua (2012).

Bere hasierako lanetan, poesiarekin batera, saiakerak izan zuen garrantzi handia. Euskal mito nazionalen iturria aztertu zuen bere doktorego tesian, geroago El linaje de Aitor. La invención de la tradición vasca (1984) izenburupean argitaratu zena. Lehenagotik La leyenda de Jaun Zuria (1980) zuen argitaratua eta apur-apurka liburu horiekin eman zien hasiera bere sorkuntza literario eta pentsamolde aldetik arrakasta handiena eman dion generoari. La tradición romántica. Leyendas vascas del siglo XIX (1986). Vestigios de Babel. Para una arqueología de lso nacionalismos (1992), El chimbo expiatorio. La invención de la tradición bilbaína.1876-1939 (1994), El bucle melancólico. Historias de nacionalistas vascos (1997), Sacra némesis. Nuevas historias de nacionalistas vascos (1999), Sermo humilis (1999), El bosque originario (2000), La tribu atribulada (2002), El reino del ocaso (2004), Voces para una enciclopedia interrumpida (2008) eta A cambio del olvido (2011). Hauen guztien artean nabarmentzekoa da El bucle melancólico. Historias de nacionalistas vascos lana. Miguel Angel Blanco zinegotzia, ETAk bahitu eta erahiltzean sorturiko amorrua eta haserraldiak bultzatu zuen liburua idaztera: "En un arrebato de indignación y de mala leche que duró casi dos meses". Bere familiaren historiatik abiatuta euskal nazionalismoaren historia idatzi zuen, Sabino Aranaren ideietatik gako mitologiko eta psikopatologietaraino. Hamalau edo hamabost orduz idazten zuen egunero behin eta berriro idazten, kritika zehazten, oinarritzen. Liburuak, lehendik ere Espasa saiakera saria zuenak, 1998ko Espainiako Sari nazionala lortu zuen saiakera alorrean.

Bi urte beranduago argitaratutako Sacra Némesis. Nuevas historias de nacionalistas vascos lanean gaia gehiago sakondu zuen Lizarrako akordioraino ekarriz nazionalisten historia.

2006an, berriz, Cambio de destino, memoriak idatzi zuen. Saiakera, pentsamendua, nobela eta poesiatik edan duen idazleak. Izan ere aurretik aipaturiko genero guztiez gain, La caza salvaje nobelarekin Azorin saria eskuratu zuen 2007an. Oraingoan ere, nobela bat izanda ere, euskal apaiz jeltzale bat dugu protagonista, eskrupulorik gabekoa da eta gezurra eta traizioan murgilduta aurkezten da abenturetako nobela honetako protagonista.

2011n, berriz, A cambio del olvido lanarekin XXIII Premio Comillas irabazi du Juaristik. Hemen ere nobela eta historia eskutik emanda ageri zaizkigu, hiru familiaren bizitzen bidez 1872 eta 1942 bitarteko historia ezagutzeko parada izango baitugu lanean.

2011ko urtarrilean Patxi Lopez lehendakariak Euskararen Aholku Batzordera deitu zuen abertzale alderdi guztien kritikak jasoz Juaristik aurretik komunikabideetako ohiko zutabeetan euskararen kontrako iritziak plazaratu izan dituelako.

2014 urtean Euskadi Literatura Saria irabazten du, gaztelaniazko saiakera arloan Espaciosa y triste. Ensayos sobre España lanagatik.