Bertsolaria. 1976 -
Maialen Lujanbio Zugazti 1976ko azaroaren hogeita seian jaio zen. Hernaniarra Euskal Herriko Txapela jantzi duen lehen emakumea da (2009). Hainbat berritasun ekarri dizkio bertsolaritzari: doinu berriak sortu izanaz gainera, bertsotan istorioak sortzeko eta deskribapen zinematografikoak egiteko ahalmen bizia duela esaten da, bertsotara xehetasunak ekartzekoa, alegia. Gaur egun sorkuntzari emana bizi da batez ere, eta bertsolaritza du jardun nagusia.
Bertsotan Urumea ikastolan hasi zen; bertsolari belaunaldi berriko kideetako bat da, alegia, bertsoa eskola-ikastoletan (hezkuntza arautuan) lantzen eta sustatzen hasi zen garaikoa. Lehen bertso saioa, esaterako, Hondarribian egin zuen, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Esan daiteke bertsotan hasiarekin bat nabarmendu zela Maialen Lujanbio: eskolarteko txapelketetan emaitza onak izan zituen. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan finalista izan zen 1988an, txikien mailan. 1990ean, taldeka jokatutako txapelketan, Hernaniko taldean parte hartu zuen, bada, talde hori izan zen txapelduna. 1991tik aurrera handien mailan jokatu zuen. 1991n txapeldun izan zen, 1992an txapeldunorde, 1993an finalista, eta 1994an, berriz, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelduna. Eskualdeko eskolarteko txapelketak Euskal Herrikorako sailkatzeko bidea eman zioten hainbat aldiz: 1990eko Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan txapeldunorde izan zen txikien mailan. 1991koan, handien mailara igarota jadanik, finalista izan zen, bai eta 1992koan ere. 1994an, betiere handien mailan, txapeldunorde izan zen. Bertso idatzien atalean ere jaso zuen sariren bat, esaterako, 1991ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketan 1. saria izan zuen 15-18 urte artekoen mailan.
Ikastolan Jose Mari Gabiriaren bitartez bertso mundura hurbilduta, handik Hernaniko Bertso eskolarako pausua egin zuen. Nolabait, Hernaniko bertso eskolako lehen labealdiko bertsolarietako bat da, Jon Eizmendi, Pablo Jose Aristorena, Jose Luis Urdangarin, Iñaki Zelaia, Unai Agirre, Gorka Tolosa eta Aitor Mendiluzerekin batera. Bertan kantuan aritzeaz gainera, hango ardurak ere izan ditu Maialen Lujanbiok bertsotan daraman denboran zehar.
Gazteentzat antolaturiko bestelako sariketetan ere aritu izan zen parte-hartzaile, bai eta han hemen sariak lortu ere; esaterako, Lizardi sarian, Osinalde sarian eta Xenpelar sarian kantatu zuen 1991-1993ko tartean.
Sariketez eta eskolarteko txapelketez kanpoko lehen plaza, martxoaren 8aren aitzakian egin zuen, Hondarribiko kofradian (1992-03-08). Orduz geroztik Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat plaza bisitatu izan ditu kantuan.
Eskola eta institutuko garaia Hernanin utzita, Arte Ederrak ikastera abiatu zen Bizkaia aldera. Maialen Lujanbio Arte Ederretan lizentziaduna da; Bilbon bizi izan zen ikasketak egin bitartean eta, berak aitortu izan duenez, han bizi izana garrantzitsua izan da bere ibilbidean: herritik hirirako aldaketak ikuspegia aldatu zion bizimoduaren hainbat alorretan.
Ikasketak bukatuta han-hemen, munduan barrena bidaiatzen ibili zen 2000 eta 2001 bitartean "Pangea" izeneko proiektuaren eskutik. Kontinente bakoitzaren lurrazaleko punturik baxuena ezagutzera abiatu ziren zenbait euskaldun: bidaiaren zati batzuetan ala besteetan, hamabi lagun ibili ziren: Marijo Arrieta, Amaia Askasibar, Juli Azkue, Valentín Dorronsoro, Migel Mari Elosegi, Susana Elosegi, Ander Izagirre, Eneko Imaz, Josu Iztueta, Maialen Lujanbio, Aitziber Olano eta Joxemi Saizar. Besteak beste Estatu Batuetan, Australian, Argentinan, Errusian eta Jordanian izan ziren.
Bestelako esperientzien artean, bertsoari utzi gabe, sarien palmaresa handitzen joan da urtetik urtera Maialen Lujanbiorenean, eta, lehenago esan bezala, Euskal Herriko Txapeldun izatera iritsi da. 1995eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetan kantatu zuen. 2003an txapeldun izan zen. Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketan Hernani-Txisplau taldeko kide izan zen lehen kanporaketan. Txapelketa Nagusiaz denaz bezainbatean, finalista izan zen 1997an, txapeldunorde 2001ean, finalista 2005ean. Barakaldoko BECen izandako 2009ko Euskal Herriko azken txapelketako final handian bera izan da txapelduna. Lau aldiz jarraian txapeldun izandako Andoni Egañari hartu zion erreleboa. Berak jantzitako txapela belaunaldi bati jantzitako txapela dela esan izan du sarritan ordutik aurrera Maialen Lujanbiok.
Arestian aipatu dugu sorkuntzari emana bizi den bertsolaria dela Maialen Lujanbio. Bada, letragile, kartelgile, bertsolaritzaren esparruko eragile, prentsa-kolaboratzaile... ibiltzen da oro har. Honela kontatzen du bertsolariak bere langintza-ibilbidea zein den:
"Uste dut lanbide bat zer den ez dudala jakin izan sekula. Eta are gutxiago, karrera egin nuenean ez nuen egin lanbide bati begira. Uste dut inprobisatuz bezala noala. Pixkanaka-pixkanaka korronteak, ez kasualitatez, zeren nolabait bideratu egiten duzu, baina eraman nau gehiago letretara plastikaren mundura baino. Ni bertsoen munduan gaztetatik nengoen, eta gero eta gehiago sartu naiz, eta orain nire bizitzako zeregin nagusia da, arreta edo pentsagai nagusia da. Eta pixkanaka joan naiz letren mundura sartzen, batez ere bertsogintzara. Eta horiek denak bertsoaren periferiako lantzat jotzen ditut: gidoiak, zutabeak... Arte Ederretan sekula ez dut lanbidearen ideia izan buruan. Arte ederrak gehiago ziren nire ikuspuntuak zabaltzeko modu bat, beste esparru batzuk ezagutzeko modu bat."
(Berria, 2004)
Hernaniarraren bertsoak zein letrak aurki daitezke, esaterako, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Anje Duhalde, Mikel Errazkin, Mikel Markez zein Oskorriren diskoetan eta bildumetan. Kanturakoak ez diren testuak ere sortzen ditu Maialen Lujanbiok, dela gidoigintzaren alorrean, Ilargiaren sekretua DVDan adibidez (Hik Hasi 2005) zein bestelako ekimenetan.
Prentsako ohiko kolaboratzailea da Maialen Lujanbio. 2003an, esaterako, urtebeteko epean Iritzi saileko Jira eta Bira atalean zutabea idazten zuen egunero Berria egunkarian.
Bertsoari loturik betiere, Bertsozale elkarteko eragiletzan parte-hartze aktiboa du oso Maialen Lujanbiok, eta bertsolaritzaren kaletartzeari buruzko gogoetetan, bertsotarako gaiei buruzko hausnarketetan, emakumezkoen bertsolaritzari buruzko ikerketan eta beste hainbat azterketetan egin izan du bere ekarpena. Maialen Lujanbioren hausnarketa-gai horietako baten emaitza da, esaterako, Euskalgintza sindikalgintzan txertatu (II) / Maialen Lujanbio... [et al.] argitalpena, 2005ean Bilbon Manu Robles-Arangiz Institutuak argitaratutako dokumentua.
Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko aditu titulua lortzeko graduondoko ikastaroa egin zuen 2007-2008 ikasturtean Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Ikastaro hartarako egin beharreko azken proiektuaren emaitza da "Hau koaderno bat zen : hau koaderno haren berrinterpretazioa da", 158 orrialdeko koadernoa, ikastaroetako eskola horietan egindako oharrak biltzen dituena. 2010ean argitaratu zuten HUZEIk eta Lankuk lankidetzan.
Han-hemen bat-batean ibiltzeaz gainera, azken aldian "Ornitorrinkus" izeneko saio esperimentaletan ari da. Ornitorrinkus musika garaikideak, elektronika eta bertsoak elkar hartuta osaturiko hotsen eta ahotsen emanaldia da, performance-aren, kontzertuaren eta happening-aren artean kokatzen dena. Maialen Lujanbio ahotsaz eta hitzez arduratzen da. Taldeko gainerako kideak Judith Montero (saxofoiak), Xabier Erkizia (elektronika, zaratak eta bestelako soinuak), Ibai Gogortza (argiztapen teknikaria) eta Iñigo Telletxea (soinu teknikaria) dira. Haien emanaldietako zenbait testu, ariketa, musika, kantu, doinu eta soinu biltzen dira autoeditatutako Ornitorrinkus (2001) disko-liburuan. Horixe da Ornitorrinkus egitasmoak argitaratutako lehen lan luzea.