Bertsolaria eta idazlea, Berrobiko (Gipuzkoa) Tontola baserrian jaio zen 1934ko otsailaren 3an.
Burgosen betetzen zuen soldaduskari buruz "Zeruko Argia" aldizkarian argitaratu zituen bertsoengatik espetxeratu zuten. 1959an gazteen Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen eta 1967an, Tolosan absolutuaren finalean, Gipuzkoako txapeldun izendatu zen. 1965ean, 1967an, 1980an eta 1982an Txapelketa Nagusiko finaletan kantatu zuen, eta 1986an gaixotasun batek Tolosako finalaurrekoan kantatzea eragotzi zion. 1999an Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan ere parte hartu zuen, Amaia Agirre, Aitor Usandizaga eta Jexux Mari Irazurekin "Erniope" izenarekin taldea osatuz, eta Zarauzko taldearen aurka galdu zuten finalera iritsi ziren.
Urte askoan bere jaioterriko, Berrobiko, alkate izan zen eta idazle gisa egindako lana ere azpimarratu behar da. Bai bertsotan eta bai prosan hainbat liburu argitaratu ditu Sendoa argitaletxearen "Auspoa" bildumaren barruan. Denbora pasa (Edit. Auspoa liburutegia, 1982. Auspoa 159); Bizitzaren arian (Edit. Auspoa liburutegia, 1982. Auspoa 160); Bordaberriko gozo mikatzak (Edit. Auspoa liburutegia, 1983. Auspoa 170); Bertsolari-kurpilla (Edit. Auspoa liburutegia, 1984. Auspoa 171); Erri-erri (Edit. Auspoa liburutegia, 1984. Auspoa 177) Beltzak eta zuriak zuriak ardiak (Edit. Auspoa liburutegia, 1985. Auspoa 188). Kazetari-kolaboratzaile gisa lan egin du "El Diario Vasco" egunkari gipuzkoarrean. Kultur eta Turismo Ekintzetxeak (KTE) Donostian antolatutako Bertsolari Egunean omendu zuten, 1984an (XV. Bertsolari Eguna, 1984).
- Xenpelar dokumentazio zentroa
- CD-Rom Bertsoen Mundua. Usurbil, Elhuyar, 1997
- Bertsotan II 1936-1980, Donostia, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, 1988