EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Azkoitia, 1957.
Felipe Juaristik nostalgiaz gogoratzen du Azkoitian igarotako haurtzaro zoriontsua. Inoiz aitortu izan duen bezala, liburuek literaturako bidea ireki zioten; eta Antonio Machadorekin herriko liburutegian hasitako ibilbideari aitak etxean zeuzkan hagiografiak eta Txirrita eta Basarriren bertsoak lotu zitzaizkion. Kazetaritza eta Soziologia ikasketak Madrilgo Unibertsitate Konplutensean egin ondoren, azkoitiarra Euskal Herrira itzuli zen, eta Literatur Kazeta eta Porrot aldizkariak sortu zituen. Garai hartan editore lana ere egin zuen Baroja eta Berminghan argitaletxeetan; gaur egun, iritzi artikuluak idazten jarraitzeaz gain, Euskadi Irratiko zuzendaria da 2010az geroztik. Idazle oparoa dugu Felipe Juaristi, askotariko generoak lantzen dituena. Juaristiren obrak erakusten duenez, poeta ez ezik helduentzako, haurrentzako eta gazteentzako prosa-idazlea ere bada.
Dagokigun egilearen lehendabiziko bi liburuetan, Denbora, Nostalgia (1985) eta Hiriaren Melankolia (1987), autoreak poesia idazteko abilezia eta beharra erakutsi zituen. Poetak errealitateari beste begirada bat eskaintzen dio, poema liburu biak nostalgiaren eta melankoliaren inguruan eraikiz. Jon Kortazarrek idazlearen lan poetikoaz hitz egiten du Luma eta Lurra liburuan, eta Juaristiren olertiak subjektibitatera jotzen dutela dio:
"Krisialdia gertatu ondorengo poeta da, beraz autonomiaren alde egin lezake, arazo larririk gabe; poesia sozial eta estetikoaren arteko kinka geratu ondoren urrunetik ikusi lezake jokoa, eta bide bat naturaltasunez aukeratu. Ondorioz, munduari buruzko ikuspegia ironikoa izan daiteke, baina xamurtasunez osatua; nihilista, baina paradisu txikien sinesmenak iraun egiten du; poetak bere izaeraren mehatxu den heriotza eta denboraren igaroa sentiduko ditu, adina oroimenerako tokia geratuko zaio oraindik bizirik." (Kortazar 1997, 138).
Kritika Saria lortu zuten bi liburu horiek sentikortasunaren poetikan kokatzen dira, hirugarren poema-bilduma, ostera, denbora linealaren haustura erakusten duten hogeita hamar poemak osatzen dute. Laino artean zelatari (1993), gogoetaren poetikaren pean dago eraikita. Lehenago La Primitiva Casa Baroja argitaletxeak Espia de la niebla liburuxka eman zuen ezagutzera, eta hori izan zen Laino artean zelatari poema liburuaren aurrekaria. Bestetik, 1992. urtean Metrópolis izenburupean hiru egilearen hiru poema argitaratu ziren Antonio Jiménez Millán-ek Malagan egindako poesia-bilduman. Laino artean zelatari liburuan "aipamen metafisikoak, nortasunari buruzko galderak, espazioak eta denborak izadiko irudiekin kontrajartzen ditu idazleak" (Kortazar 1997: 147). Juan Kruz Igerabidek, "laino artean zelatari" egotea paradoxa hutsa izan zelakoan, pilaketa-lan gisa definitu zuen poetaren begirada, "sentipenak, ideiak, grinak... denak biltzen ditu begiak, eta kanpo mundua eta barne mundua arrapaladan jartzen dira harremanetan, orekarik gabe" (1995).
Felipe Juaristiren obrarekin jarraituz, 1997an Galderen geografia argitaratu zen, hurrengo urtean Euskadi Saria irabazi zuena eta gaztelaniaz ere irakurri daitekeena: Geografía de las preguntas (1999). Hari buruzkoak dira hitzok: "Bizia eta heriotza, maitasuna eta ahanztura, galdera eta erantzuna, poesia eta infinitua, euria eta tristura edo Auschwitz" (Aldekoa 2008: 354). Urte bat geroago Teoría del Optimismo plazaratu zuen Juaristik, eta, 2004an, Begi-Ikarak; azken horrek berriro ere Kritika Saria merezi izan zuen. Esan bezala, Juaristi poeta gisa da batez ere ezaguna, baina poesia ez da idazleak landu duen genero bakarra; aitzitik, 1988. urtean, Baroja argitaletxean lehendabiziko nobela argitaratzen zuen Juaristik: Intzentsua lurrean bezala, non poetaren aztarna agerian geratu baitzen. Bi urte geroago, Kritikari Sariaren irabazlea izan zen Arinago duk haizea, Absalon argitaratutakoa, 1992an gaztelaniatua eta poetaren hitzetan bolada txarra pasatzen ari zela-eta haren ondorioz sortua; 2003an Airezko Emakumeak dugu, eta 2007an orain arteko azken eleberria argitara eman zuen idazleak: Ez da gaua begietara etortzen. Kortazarren ustez, hiru hari biltzen dituen liburua da aurrekoa: metafisikoa, lirikoa eta psikologikoa (2008).
Juaristik narrazioak ere landu ditu, hala nola, Bordelera (1996) eta Inazio Muniberen abenturak (2001). Ezin ahaztu haurrentzako eta gazteentzako egindako lanen zerrenda luzea: Tristuraren Teoria (1993), Ilargi-lapurra (1993), Sagitario (1995), Eguzkiren Etxea (1998), Laura eta Itsasoa (1998), Animalien inauteria (1999), Euskadi Sariaren irabazlea izan zen; Aduna eta Aduanak (2000); Izar Euria (2001); Printzesen Eskola (2001); Itzarri nahi ez zuen printzesa (2002); gaztelaniara itzulitako Haydn-en loroa (2003); Basalimoien Usaina (2003); Zezena eta Mutila (2004); Zazpi bider zazpi (2005) eta Etxearen Negarra (2007).
Berezitasun moduan aipagarria da 2002an argitaratu zen Donostia-San Sebastian, Monumental y Turística gida turistikoaan Juaristi kolaboratzaile gisa aritu izana; urte berean, idazleak Rosalia Saria jaso zuen Galiziako PEN Club-aren eskutik. Bestalde, idatzitako antologiek idazlearen emankortasuna nabarmentzen dute: Antología de la Poesía Vasca (1993), Poesía Vasca. (Euskal poesiaren antologia) (1995); ¿Qué puede la poesía? (2002), Horizontes poéticos (2002) eta Six basque poets (2007). Halaber, auto-itzulpenak egiteaz gain, beste autore batzuen itzulpen garrantzitsuak ere egin izan ditu: Guy de Maupassant. Contes de la becasse- Oilagorraren Ipuinak (1984); Jorge G. Aranguren. Fuego lento- Gar mantsoa (1989); Jon Mirande. Ilhun-Argiak- Claroscuros (1992); Oscar Wilde. Lord Arthur Savilleren krimena (1992); Filosofo Presokrarikoak (2004), Javier Agirrerekin batera itzulita; Vassili Grossman. Amari Gutuna (2005); Pio Baroja. Ipuinak (2007) eta Blaise Pascal. Pensées-Gogoetak (2008).