Arabako nortasun politikoa, 1943ko abuztuaren 6an Soraluzen (Gipuzkoa) jaioa.
Ingeniari Tekniko Industrialaren ikasketak egin zituen Donostiako Eskolan, eta Goi Mailako Ingeniari Industrialarenak Bilboko Eskolan. Ondoren, Zuzenbideko lizentziatura egin zuen UNEDen.
Pasaiako Itsasketa eta Arrantza Lanbide Heziketako Eskolan, Donostiako eta Tolosako Peritu Industrialen Eskoletan eta Donostiako Ingeniaritza Teknikoan eta Goi Mailako Ingeniaritzan aritu da irakasle. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Unibertsitate-Eskolako Katedraduna. 1976-1982 aldian Gasteizko Industria Ingeniaritza Teknikoko Eskolako Zuzendaria izan zen.
EAJ-PNVren legebiltzarkide hautatua izan zen 1980-84 eta 1984-86 legealdietan, eta hizlari izan zen lege garrantzitsuetan, hala nola Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean, HABE sortzeko Legean, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren Legean eta Euskadiko Gazteriaren Kontseilua Sortzeko Legean.
1983-87 eta 1987-1991 urteetan Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiorde izan zen, eta 1987-1991 urteetan Ogasuneko Foru Diputatu.
1991-1995 aldian Arabako Diputatu Nagusia izan zen.
Halaber, Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakaria izan da, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide numerarioa.
2004ko irailean utzi zuen EAJ.