Arratia, 1996-1998
Izengoitien atzean ezkutatutako zazpi lagunek 1996ko udazkenean kaleratu zuten gertutasuna eta errebeldia zerion Zantzoa fanzinearen 1. zenbakia, 24 orrialdeko orri-sorta fotokopiatua. Shaktale (Aritz Zubiate), Okendo (Nagore Amondarain), Stanley (Igor Estankona), B.A.B.A. (Kepa Betzuen), Iragorri (Iker Yurrebaso), Artipa! (Borja Estankona) eta poemak idazteaz gain maketaz arduratzen zen Mak (Matxalen Legarreta) izan ziren eragile nagusiak. Hala ere, gertu izan zituzten hainbat kolaboratzaile, hala nola Arkaitz Estiballes, Iñigo Olabarri eta Gaizka Amondarain.
Zantzoa aldizkariaren sorrera instintiboa izan zen, behar literario bati erantzuna emanez: folio bat hartu, erditik tolestatu (15x21), maketatu, fotokopiak atera, lagunei banatu eta tabernetan, hainbat dendetan eta Arratiako gaztetxeetan salgai jarri.
Taldekideak modu ezberdinetan hurbildu ziren literaturaren mundura: batzuei, Urruzuno lehiaketako bidaian sartu zitzaien literaturaren harra eta beste batzuei, bertsolaritzan aritu ostean hitz neurtuarekiko eta poesiarekiko zaletasuna piztu zitzaien. Baina aipatutako behar literario horren jatorria Arteako Arratia ikastolan eta Arratiako institutuan bilatu beharko genuke. Aldizkariko kide guztiak ikasgela haietatik pasa ziren. Arratia ikastolako Karmele Angoitia andereñorik gabe ezin ulertu gazte haien literaturarekiko eta bertsolarizako zaletasuna eta beste hainbeste Arratiako institutuko Juantxu Rekalde euskarako irakaslearen eraginik gabe. Azken ikastetxe honetako Arrana (1991-...) aldizkarian plazaratu zituzten askok euren lehenengo idazlanak.
Karl Marxen eta Fridrich Engelsen 1848ko Manifestu Komunistaren hasierako hitzekin jolastuz, literaturaren mamuak Arratia zeharkatu zuela ohartarazi zien Zantzolariek irakurleei 1. zenbakiaren hasieran, literatur mugimendu berri baten etorrera lau haizeetara zabalduz. Oihu bat bota nahi izan zuten, ordura arteko dinamikarekin apurtuz; Arranatik eta tutoretzapeko argitalpenetatik irten eta espresabide propioa izateko beharra sentitu zuten. Horregatik aukeratu zuten oihua, irrintzia edo bozgoragailua adierazi nahi duen berba bizkaitarra fanzinearen izenbururako: Zantzoa.
Inongo dirulaguntzarik gabe, 1. zenbakiaren 250 fotokopia atera zituzten eta, ahoz ahokoari esker, denak agortu egin ziren. Gero beste 500 ale gehiago atera behar izan zituzten, bereziki eskaini zituzten errezitaldietarako.
Borja Estankonak marraztu zuen azaleko logoa, persona bat zantzoka. Fanzineko irudi bat edo beste Borjak eginikoak dira, baina normalean handik eta hemendik hartutako irudiak erabili zituzten.
Letra tipo ugari erabiliz (idazlan bakoitzeko bat), irudiak ondo aukeratuz, itxurari arreta berezia eskainiz,... prestatu zuten argitalpena, detaile txikienari ere erreparatuz. Bazuten kontzientzi hori, ale bakoitzeko idazlanen eta edizioaren kalitatea bermatu beharra zegoen.
Aleek ez zuten editorialik. Poema batek irekitzen zuen aldizkaria (normalean Stanleyrenak) eta hark markatzen zuen zenbaki haren izpiritua, lehenengo puntua ematen. Poesia zen protagonista fanzinean, nahiz eta narrazioek tarterik bazuten, bereziki Iragorrirenak.
Lerro artean irakurriz gero, beti zegoen bilaketa estetiko bat Zantzoan. Poema eta narrazioei Zantzolarien gustuko irakurgaien eta egileen itzala antzematen zitzaien. Joseba Sarrionandiaren eragina nabaria zen eta Ruper Ordorikaren kanten oihartzuna, begibistakoa. Eta zer esanik ez Bernardo Atxagaren Etiopiarena. Momentuko ardura politiko eta sozialen isla ere bazen Zantzoa. Ideologia eta politika literaturarekin uztartzen ahalegindu ziren, baina beti bilaketa estetiko batean oinarrituta.
Idazle askoren lanen aipu eta itzulpenak plazaratu zituzten, hala nola Federico García Lorca, Fernando Pessoa, Bertold Brecht, Gianni Rodari, Salvador Espriu, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga, Gabriel Aresti, eta euren kuttunenarenak, Joseba Sarrionandiarenak.
Ildo beretik, 1997ko udaberrian 2. zenbakia atera zuten. Urte hartan bertan beste bi ale atera zituzten, udazkenean eta neguan, eta urtebeteko etenaldia egin zuten. 1998ko neguan plazaratu zuten azkena izango zena, 5.a alegia.
Ale berezia izan zen. Orrialde kopurua handitzeaz gain (36), euskaraz eta katalanez argitaratu zuten. Hilabete batzuk lehenago izan zuten Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat gaztetxetan errezital batzuk emateko aukera eta haiek prestatzeko Leioako unibertsitatean ikasten ari zen Germá Martiren laguntza izan zuten. Azkenean ez zen bidaia gauzatu baina harremanari eutsi egin zioten. Bi herrien arteko lotura mantentze aldera, elebitan argitaratu zuten eta, modu horretan, Katalunian ere banatu ahal izan zuten.
Ale horren ondoren, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Batzuk ikasketekin segitu zuten, beste batzuk liburuak argitaratzeari edota komunikabideetan artikuluak idazteari ekin zioten, besteren bat abestiak konposatzen,... Taldekideen gustu literarioak finkatzeko, gustu estetikoak aurkitzeko eta erreferentziak zehazteko oso baliagarria izan zen Zantzoa. Era berean, eskaini zituzten errezitaldiekin literaturari beste dimentsio bat eman ahal izan zioten. Bilaketarako eta esperimentzaiorako plataforma osatu zuten. Piñu-bola bat bezala izan zen taldea eta hasi bezala amaitu zuten, denak elkarrekin.