Donostia, 1975-1976
1975eko urtarrilean, Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak ordura artekoarekin haustura eta abangoardia ekarriko zituen Panpina ustela literatur fanzinea plazaratu zuten Donostian.
36 orrialdeko (18,5x28) aldizkariaren azalari eta barruko testu zein gainontzeko marrazki eta argazkiei garai ilun eta itogarri haien ezkortasuna zerien eta, era berean, kulturaren desertuaren hustasunarekin amaitzeko desio bizia, asko baitzegoen egiteko eta sortzeko. Literatura mespretxatuta zegoen garaian, fanzineak underground literaturaren hasiera suposatu zuen Euskal Herrian. Edonola ere, edizio zaindua izan zen, inprenta-lan bikainaren emaitza; inongo diru-laguntzarik gabe, marjinala bai, baina ez nola-halakoa.
Lehenengo orrialdean Atxaga eta Izagirreren eskelak ageri dira aurkibide modura, aldizkarian bakoitzak eginiko idazlanak euren testamentua bailiran. Etapa baten heriotza adieraz zezakeen honek, literatura bizitzeko era berri bati ongietorria emanez, bai estiloz eta baita kontzepzioz ere. Azken aurreko orrian "Ez dezagula konposturarik gal, halere" manifestua idatzi zuten elkarrekin, euskal literaturako lehen manifestu modernoa bezala ezagutzen dena, eta bertan argi eta garbi adierazten da belaunaldi berri honen kontzepzioa: literatura ekintza autonomoa izatea nahi zuten, eta agerikoa, gainera. Erabat egiten zioten uko literatura isilari eta isilarazitakoari. Garaiko giro itogarriaren isla zen.
Bai gizarte, politika eta erlijioarekiko dogma guztien aurka agertu ziren beti. Kontutan izan behar da, belaunaldi berri hau laikoa zela, seminariotik pasa gabekoa. Ateoak ziren eta korronte sozial-kristauekin puskatu zuten, baita sozial-errealistekin edota existentzialistekin ere.
Batuaren lehen belaunaldia izan ziren. Euren euskalkia ez zen euskara hura zerabilten gazte haiek, euskara batua, euskalkien lilura eta erabilgarritasuna alde batera utzi gabe. Euskara ez zen arazo bat, ez zuten aztergaitzat edota debaterako hartzen, erremintatzat baizik. Bertsolariak ere ez zituzten ahazten, eta bertsolaritzaren garrantziaz jabetzen ziren. Beren ustez, literatura herriaren boza zen, gizartean gertatzen ziren aldaketen lagungarri eta dinamika propioa zuena, literatura militantearen ideiaren kontrakoa. Literaturak jardun autonomoa izan behar zuela sinisten zuten.
Orduko poesia panpina usteltzat zuten (hortik fanzinearen izenburua), eta edertzeko ahalegina egin zuten, didaktismotik ihesi. Literatura monotematikoaren kontra zeuden eta esperimentazioaren alde; ezarrita zeuden literatura sozial eta konprometituaren zutabeen oinarriak betierekoak ez zirela frogatu nahi izan zuten. Euren ustetan, literaturak ez luke gizartea bera aldatuko; zerbait aldatzekotan, sentsibilitatea aldatuko luke. Garaiko eskemak apurtu zituzten eta jabetzen ziren horretaz; eurena, euskal literaturari astinaldi bortitzak ematea zela zioten.
Ustelaren kontzeptua neurri handi batean irudigileena izan zen, idazleena baino gehiago. Aldizkariko maketa eta grabatuak Pasaiako Jose Alberdirenak ziren eta argazkiak Hondarribiko Jose Manuel Susperregirenak. Estetika bat proposatzen zen aldizkarian; plastikaren eta testuaren artean batasun handi bat lortu zuten.
Euren poltsikotik ordaindutako Panpina Ustelak oso zabalkunde txikia izan zuen eta banaketa ia ezinezkoa izan zen, poliziak bahitu egin baitzuen bi akusaziopean: bata, irainak Elizaren kontra eta bestea, propaganda ilegala egitea. Prentsak ez zuen fanzinearen berri eman eta oso gutxik azaldu zuten interesa. Horietako bat Ramon Saizarbitoria izan zen, berehala hurbildu baitzitzaien.
1976an plazaratu zuten bigarren alea, Zorion Ustela. Edizioaren arduradunak Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria izan ziren. Partaideen artean Bernardo Atxaga eta Xabier Olarra ere baditugu. Atxaga urruntzen hasi zen dagoeneko, eta ez geografikoki soilik. Irudigileak ere aldatu ziren. Ale hartatik aurrera, Juanba Berasategirenak izan ziren irudia eta maketa, gero Oh! Euzkadiko (1978-83) ale batzutan egingo zuen bezala. Oraingo honetan aldizkariaren helbidea Pasaira pasatu zen. Formatua antzerakoa (18,5x27,5) izan zen eta orrialdeak murriztu ziren, hogeita hamabira pasatuz.
Bigarren ale honetan nabarmen murriztu ziren poema eta narrazioak. Zazpi narraziotik hirura pasatu ziren, sei poematatik poema bakarrera eta bigarren honetan ez zegoen antzerki lanik. Iritzi artikulu, saio edo kritika lanak izan ziren protagonista. Eta urte bereko 3. aleak eta azkenak, Mermelada Ustelak, ildo beretik segitu zuen, bigarren eta hirugarren aleko partaide berrien eraginez. Ale honetan, Joxan Elosegi, Iñaki Badiola eta Joxean Muñoz batuko dira taldera. Euskal kulturaren barnean kontrakultura egiten saiatu ziren. Ez zen laugarren alerik atera. Ikuspegi ezberdinak zeuden, ideologia ezberdinak, eta politikaren presentzia gero eta nabarmenagoa zen. Horrek eragin zuen banaketa, heterodoxiaren ortodoxiak aginduta. Bernardo Atxaga Bilbora joan zen eta, beste batzuekin batera, Pott banda eta aldizkaria (1978-80) sortu zituen. Donostian, berriz, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak Oh! Euzkadi (1978-83).
Aldizkaria amaitu zen, baina Ustela izenak segida izan zuen Koldo Izagirrek eta Joxemari Olaizolak, Hordagoren azpiegiturarekin, Ustela Saila argitaletxea 1977ko martxoan sortu zutenean. 14 idazleren 19 liburu argitaratu zituzten 1983ko abendura bitartean. Idazle berri askorentzat aukera paregabea izan zen.