Durango, 1984-93 / 2002-...
Durangoko Ibaizabal (1979-81) eta Mikeldi (1983-84) aldizkarien lekukoa hartuz, Durango eta Iurretako gazte talde biren batuketak sortu zuen Txistu y Tamboliñ literatur aldizkaria. Durangoko Goienkaleko Alpino tabernan larunbatetan egindako bileren ostean, 1984ko maiatzean plazaratu zuten, "Y otras cosas de las Vascongadas" leloarekin, Txistu y Tamboliñ en 1. zenbakia, modu horretan euskararen eta literaturaren aldetik Durangaldean zegoen hutsunea betez.
Ale bakoitzean asmo probokatzaile batekin egindako lelo ezberdin bana erabili zuten eta, bi aletan izan ezik, beti gazteleraz. Gaztelerazko izenburu horrekin maite ez zuten folklorearen kontra lerratzen zirela adierazi nahi izan zuten. Azaleko hitzak gazteleraz eta barruko mamia euskaraz plazaratzearekin, sasoiko joera salatu nahi izan zuten, liburu eta aldizkarietako izenburuak euskaraz eta barrukoa, aldiz, gazteleraz kaleratzearena alegia. Hala ere, erdarazko testuei ez zien aterik itxi eta jatorriz euskaraz idatzitako hainbat poema gaztelerara itzuli zituzten, egileek hala nahi izan zutelako. Bizkaierak, bestalde, presentzia nabarmena izan zuen 2. zenbakitik (1984ko azaroa) aurrera.
Goitizenarekin sinatu ohi zuten. Batzuk batekin baino gehiagoarekin, testuen izaeraren arabera. Aldizkariaren epealdi guztietan benetako izen-deiturak ezkutatu egin zituzten. Erabili zituzten ohiko goitizenen artean, besteak beste, Bernardo Kapanaga, Didier de L'Axie, Fermin Eguren, Kapez Kap, IBM, Lodinowsky, Ludovicus G. Agrorum, Luigi edota Teresa Igeregi egongo lirateke. Kurri, bere aldetik, maketazioaz, inprentaz eta kudeaketaz arduratu zen.
Laugarren zenbakirako CLG hirukotea gehitu zitzaien, "Círculo Lingüístico Ginebrino" ezagunari parodia eginez, euren goitizenen inizialez baliatuz. Batek hirukotea utzi egin zuen eta gainontzeko biek garai eta formatu guztietan (papera, aldizkari digitala eta bloga) erredakzioan jarraitu dute.
600 aleko tirada izan zuen berrogei orrialdeko 1. zenbakiak eta 100 pezetatan saldu zuten. Banaketa Durangoko Goienkaleko eta inguruko herrietako tabernetan egin zuten nagusiki.
Aldizkariek ez zuten zenbakirik azaleratzen. Modu horretan, garrantzitsuena barruan zegoela eta aleen beraien ezegonkortasuna aldarrikatu nahi izan zuten; ezin zuten ziurtatu hurrengo alerik egongo zenik, zailtasun ekonomikoak zirela eta. Euren erronka hurrengo alea ziurtatzea zen.
Ia lauki formako itxurarekin (21x22,5) eta zaindutako edizioarekin, marrazki ederrez atonduta eta koloretako poster bat opari, aurkeztu zuten 1. zenbakia. Durangoko pintore ezagun batek eginiko Leonardo Da Vinciren Mona Lisaren adaptazioa banatu zuten, koadro orijinalean agertzen ez den zakil eta guzti. Etenaldi baten ostean, 2002ko uztailean aldizkari digital moduan bueltatu zirenean, azalerako irudi bera erabili zuten, baina oraingoan Txistu y Tamboliñ... y este coño es mío izenburuarekin.
Marrazkiak asko zaindu zituzten. Inguruko marrazkilariek aukera izan zuten aldizkarian parte hartzeko. Aldizkariko marrazki orijinal asko Teresa Igeregirenak ziren, palindromoak atsegin zituen taldekidearenak, bere goitizenaren deiturak agerian uzten duen moduan edota 7. zenbakian (1993ko azaroa. "... y cría cuervos y tendrás muchos") idatzi zuen narrazioaren izenburuak salatzen duenez: "Nik enara neraman amaren aranekiN".
Gutunek beraien txokoa zuten aldizkarian eta ale guztietan plazaratu zituzten. 1. zenbakiko gutunen artean, Joseba Sarrionandiak Herrera de la Manchako kartzelatik 1983ko abenduaren 21ean Txistu y Tamboliñeko lagunei igorritakoa nabarmendu genezake. Gainontzeko guztiak eurek asmatutakoak izan ziren. Probokazioa eta umorea ziren osagai nagusiak.
Poemak eta narrazioak ziren nagusi aldizkarian, nahiz eta elkarrizketentzat eta albiste bitxientzat tarterik bazegoen. Erabilitako gaiei dagokionez, umorea eta sexua konstante bat izan ziren. Itzulpenari garrantzi handia eman zioten eta autore askoren pasarteak eta poemak euskaratu zituzten.
2. zenbakia (1984ko azaroa) urtebetera plazaratu zuten, "Y va, le mata, y vuelve" leloarekin. 1986ra arte urtean ale bat kaleratu zuten.
1985eko azaroan atera zuten 3.a ("Y Manolo hazte la cena solo") eta hurrengo urtean, 1986ko azaroan 4.a, alerik ezagunenetarikoa ( "Y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido"). Azken ale honek gehigarri berezi bat zekarren, "Txistu y Tamboliñ... y hankaputa, la bizca y la teta prometida". Jose Basterretxea "Oskillasori" (1911-1996) eginiko elkarrizketa ere aipagarria da. Ale honen ostean, hiru urteko etenaldia izan zuen aldizkariak. Alde batetik, lana eta ikasketak zirela eta taldekideak nahiko sakabanaturik zebiltzan eta, bestetik, aldizkariak komunikabideetan oihartzun handiegirik lortu ez zuenez, ez zeuden oso kontentu. Ilun ikusten zuten aldizkariaren etorkizuna, errelebua ez zegoen ziurtatuta; hala ere, 1989ko abenduan "Y vosotros los Vascos, ¿qué queréis?" alearekin bueltatu ziren, oraingoan ere goitizenen atzean mozorrotuta. Ildo beretik segitu zuen aldizkariak, bere umoreari eta tonu satirikoari uko egin gabe goi mailako literatura eskainiz.
Hurrengo alea kalean ikusteko beste hiru urte itxaron behar izan zuten Txistu y Tamboliñen irakurleek. 1992ko azaroan "Y aquí se mata a quien haga falta" deitutako alea plazaratu zuten azkena izan zitekeela editorialean aitortuz, bide batez batekoak eta bestekoak gupidarik gabe kritikatuz. Baina urtebetera, 1993ko azaroan hausterretatik jaio zen beste ale bat, "Y cría cuervos y tendrás muchos", Zuberoako Mendikotako Uztaro Elkartearen eskutik hain zuzen ere, eurek maketatu eta bertako artistek apainduta. Taldeko kide batzuk bazuten harremana Uztaro elkarteko lagunekin, tartean sasoi batean Potten kolaboratu zuen Gonzalo Etxeberria bilbotarrarekin. Haren bidez lortu zuten Iparraldekoen babesa eta laguntza alea ateratzeko. Ale bitxia izan zen, ez zeukan aurrekoekin zerikusirik.
Ohikoa ez zen modu batean aurkeztu nahi izan zuten aldizkaria, antzerki baten bidez Durangoko tren geltokiko bagoi batean. Ordubeteko saioan, antzezpen lanak eta testu irakurketak tartekatu zituzten. Prentsaurreko berezia eskaini nahi izan zuten eta, bide batez, aldizkarian ageri zen "Hogei Txistukada Gorrak Ernatzeko" manifestu literarioa aurkeztu zuten.
Beste proiektu edo ibilbide baterako abiapuntua izan zitekeena bere horretan geratu zen eta paperezko azken zenbakia izan zen. Handik ia hamar urtera aldizkari digitala sareratuko zuten teknologia berriei esker.
Inprentara joan beharrik izan gabe, ohiko banaketa saihestuz, maketazioan lan gutxiagorekin eta bereziki kostu gutxiagorekin, aldizkari digitalera egin zuten salto. Hasierako dozenako lagun taldea dozena erdira murriztu zen eta taldeko kide batek hartu zuen weba prestatzeko ardura. Sormen aldetik emankor aritu baziren ere, urtean kasik bi ale ateraz, oraingoan garai bateko batzar sonatuak murriztu egin ziren. 2002tik 2006ra iraun zuen formatu hark.
2002ko uztailean sareratu zuten "Y este coño es mío" eta bost hilabetera, urte hartako abenduan, euskarazko leloa zeraman "Eta dietan jarrai". Ale honetan, Euskal Bonba Atomikoa (EBA) egiteko behar ziren osagaiak aurkeztu zituzten, euskal izaerarekin bat zetozen neuroiak, potroiak eta erektroiak alegia. Erredakzioan izaten zituzten bileretan partaide izan nahi zuen horrek kontutan hartu beharrekoak zerrendatu zituzten eta baita batzar baten parodia erreproduzitu ere.
2003ko urte hasieran kaleratu zuten "Y no me derrames el espelma" eta urte bereko ekainean, "& do you want to revolqueibol with me?". Azken ale honen editorialean euren izaera argi eta garbi utzi zuten; txikitasunean ausartak zirela zioten, euren idatziak bezalakoxeak, ikusezinak, memorian betiko gordetzen direnak. Fikzio hutsa izatetik gertu zeudela sentitzen zuten.
Hurrengo urteko otsailean atera zuten "Y políticamente en tu recto" alean literatur belaunaldiei buruzko iritzia eman zuten euren editorialean, sasoi hartan komunikabideetan agertutakoak txotxolokeria galantak zirela iritzita.
Bi urteren buruan, 2006ko maiatzean, beste ekinaldi bat egin zuten eta azken ale digitala kaleratu zuten "Y lo malo de ser pobre es que ocupa todo el tiempo" izenburuarekin. Juan Tartasek 1672an idatzitako Arima penitentearen ocupacioneko bigarren kapitukuko "Certan datzan baraua" ataletik jasotako esaldi batekin hasi zuten despedidako alea eta esaldi horrekin berarekin abiatu zuten 2007an Txistukarien hirugarren epealdiko abentura, blogarena alegia.
2006an deskubritu zituzten blogak eta plataforma berri horretan saiatzea erabaki zuten. Sortu ahala editatzeko aukera ematen zien; ez zuten testu guztiak lortu arte itxaron beharrik. 2007ko ekainaren 05ean agertu zen Txistu y Tamboliñekoen blogaren lehenengo sarrera, "Irune" izenburuduna.
Bat-batekotasuna atsegin zuten eta tresna horrek irakurleekiko interakzioa posible egiten zuen, baina era berean taldekideen arteko komunikazioa murriztea ekarri zuen, lan egiteko modu berri horrekin gero eta bilera gutxiago egiten baitzituzten. Elkartzeari utzi zioten eta gutxi batzuk arduratu ziren blogaz. Bloga prestatu zuenak Bernardo Kapanagari pasatu zion lekukoa eta azken urteotan berak darama, hainbat kolaboratzailerekin batera, blogaren ardura.