Aldizkariak

Ttu Ttuá

Bilbo, 1984-1985

Ttu-Ttuá aldizkaria ekimen pertsonal baten ondorio bezala jaio zen, Joanes Urkixok eta Laura Mintegik nahi izan zutelako alegia. Urtetan elkar ikusi gabe, egun batean Joanesek eta Laurak hitzaldi batean egin zuten topo. Nerabezaroan Gurutze Gorrian elkarrekin aritu zirenetik ezagutzen zuten elkar. Batak bestea entzule bezala zetorrela uste zuen, eta azkenean biak hizlari. Hitzaldiaren ostean berriketari ekin zioten eta aldizkari bat sortzearen ideia lantzen hasi ziren. Pentsatu eta egin. 1984ko udaberrian plazaratu zuten 28 orrialdeko lehenengo alea, 0. zenbakia.

Argitaratutako 500 aleen azalak banan-banan eskuz tenpera pinturaz margotu zituzten estraza paper gainean. Balkoian arropa zabaltzeko soketan eta etxe guztian zehar zintzilikatu zituzten sika zitezen. Ez daude beraz 0. zenbakiaren bi ale berdin. Hurrengo zenbakitik aurrera kartulina erabili zuten azalerako eta offset zuria barruko orrialdeetarako. Formatuari dagokionez, lehenengo hiru aleek 21x29'5 neurria erabili zuten eta gainontzeko zenbakietan 17'5x25era errenditu ziren. Argia arduratu zen fotokonposaketaz. Bigarren aletik aurrera tirada bikoiztu egin zuten.

Laura Mintegik, Joanes Urkixok eta Migeltxo Monfort maketatzaileak "ttu-ttuá, ttu-ttuá" kantatzen ei zuten bilerak amaitutakoan eta azkenean lelo hori aldizkariaren izenburua bihurtu zen.

Narrazio lanen presentzia nabarmena izan zen, nahiz eta zenbait poema tartekatu zituzten, bereziki 0.5-0.6. ale bikoitzean. Itzulpenei garrantzia eman zien eta Amborse Bierce, X.L. Méndez Ferrín, Benjamin Franklin, Paul Eluard, Edgar Allan Poe, William Faulkner, Erreinaldo Arenas, Pedro Gomez Valderrama, Boris Vian, Oliver Godsmith, Rudyard Kiplin, John Updike eta A.R. Reixaren lanak itzuli zituzten.

Idazle bizkaitarrak izan ziren nagusi estreinako alean, hala nola, Joanes Urkixo, Xabier Kintana, Jesus A. Etxezarraga, Antton Azkargorta, Joseba Etxeberria, Jose Ramon Etxeberria, I. Zubiria, Ignacio Perez Iglesias, Karlos Santisteban, Juan Luis Goikoetxea, Eukene Martin eta Laura Mintegi.

Helburua ez zen izan euren lanak argitaratzeko aldizkari bat sortzea, bazuten biek horretarako batean eta bestean aukerarik. Laura Mintegik dagoeneko argitaratuta zeukan narrazio liburu bat (Ilusioaren ordaina (Erein, 1983)) eta Joanes Urkixok, bere aldetik, antzezlan bat (Eta beharbada ispilu beltz bat (BAK, 1981)) eta narrazio liburu bat (Elur gainean (Erein, 1984)). Laura Susako kolaboratzailea zen eta Joanes Pottetik zetorren. Pott desagertuta zegoenez, idazle berrientzat literaturgintzarako plataforma ireki bat Bilbon sortu nahi izan zuten. Probaleku horren bidez, idazle eta literaturzale ezezagunak azalarazten lagundu nahi izan zuten.

Aldizkari horretan idazten zutenen aldetik, lurralde bateko aldizkaria izan zela esan genezake, Bizkaikoa alegia, baina ez zieten inoiz beste eskualdeetako idazleei mugarik jarri. Hala eta guztiz ere, Bilborekin identifikatua egon zedin nahi zuten, Euskal Herri osoan zabaldu zuten arren.

Aldizkarian parte hartu zuten ohiko kolaboratzaileez gain (Laura Mintegi, Joanes Urkixo, Imanol Goeinaga, Iñaki Bernaola, I. Zubiria eta Antton Azkargorta), idazle andana batek izan zuen bertan idazteko aukera. Horien artean aipatzekoa dira, besteak beste, Itziar Lopetegi, J.A. Duandikoetxea, Miguel Angel Elkoroberezibar, Cesar Blanco, Santi Urrutia, Juan Luis Goikoetxea, Juan Perez, Tere Irastortza, Jon Alzibeaskoetxea, Bittor Uraga, Xabier Zorroza, Iñigo Barandiaran, Amaia Iturbide, Omar Nabarro, Gaizka Zabarte, Joserra Gartzia, Itxaro Borda, Jon Ander Bengoetxea, Txema Ibarrategi, Iñaki Goitioltza, Roman Utrex, Maite Urkia eta Kanko Ispizua.

Sei zenbaki atera zituzten urtebetean (1984ko udaberritik 1985eko udazkenera), baina bi arazorengatik ez zuen aldizkariak aurrera jarraitu: alde batetik, ez zuten talderik osatu, hasieratik amaierara arte bi eragileak bakarrik aritu baitziren; eta bestetik, beren artean koordinazio-falta zegoen, ideia bateragaitzak zituztenez. Elkarrekin lan egiterik ez zutenez, 2. aletik aurrera aldizkaria txandaka egitea erabaki zuten 3.etik aurrera, ondorioz, ez zuten editorialik egin eta hori izan zen amaieraren hasiera. Azken alea "Finito!!" batekin amaitu zen.