Donostia, 1984-1990
Donostiako La Voz de Euskadi (1983-85) egunkariak 16 orrialdeko euskarazko gehigarri bat ateratzeko zeukan egitasmoak huts egin zuenean, Koldo Etxabek eta Felipe Juaristik Porrot aldizkaria argitaratzea erabaki zuten. Gehigarriaren porrot horretatik datorkio izenburua aldizkariari.
Inork lantzen ez zituen gaiak plazaratzea izan zen euren asmo nagusia 1984an aldizkaria martxan jartzerakoan. Mundu guztiari inoiz burutik pasatu zitzaizkionak, baina onarpen sozial handiegirik ez zuten gaiak jorratzeko apustua egin zuten, asmo probokatzaile batekin. Plazaratu zituzten lau zenbakietan hautatutako gai monografikoei erreparatzea besterik ez dago: "suizidioa", "pereza", "haur gozo horiek" eta "kontra". Edozein modutan, Porrot aldizkariaren xedea ez zen literatur aldizkaria izatea, koadrilako aldizkaria baizik, kezkatzen zituzten gaiei buruz aritzeko aitzakia, bestelako asmo berezirik gabe.
Urtekaria izateko bokazioarekin sortu zen baina bi urtetik behin kaleratu zituzten. Sorkuntza lanek presentzia izan arren, entseguek eta iritzi artikuluek tarte nabarmena izan zuten aldizkarian, euskaraz nagusiki, gaztelerari aterik itxi gabe. Argitaratutako lau zenbakiak formatuz ezberdinak izan ziren, lehena eta azkena salbu. Barne itxurari dagokionez, lehen hirurak fotokonposatuak, eta azkena idazmakina elektrikoz egina.
Suizidioa gaitzat hartuta, 1984ko azaroan kaleratu zuten 1. zenbakia. 60 orrialde (21x30) zituen aldizkariak eta 350 pezetatan saldu zuten. Koldo Etxabe eta Felipe Juaristi arduratu ziren aldizkariaren edizioaz eta banaketaz. Egile nagusiak eurak izan baziren ere, kolaboratzaile askok hartu zuten parte, besteak beste, Javier Sádabak, Mikel Azurmendik, Joxemartin Apalategik, Eloy Santosek, Esteban Antxustegik edota Gabriel Albiacek. Marrazkiei dagokionez, Natxo Silván eta Pako Nogales nabarmendu beharko genituzke; azken hau Felipe Juaristirekin Azkoitiko Txortan (1984-85) aldizkarian aritu zen urte hartan bertan. Fotokonposizioa ere Azkoitiko beste lagun batek egin zien. Porroten finantzazioa diru laguntzen bidez izan zen; diru horrekin kolaboratzaile eta marrazkilariei ordaintzeko lain izaten zuten.
Sarreran edo "Zaharrera Gisa" atalean ziotenez, suizidioaz idazten zuten beste batzuk maitasunez idazten zuten bezala; eta horixe bera euskaraz egingo zutela azpimarratu nahi izan zuten.
Lehenengo zenbakia ateratzeko prozesuan murgilduta, maiztasun handiagoarekin eskuratu zitezkeen literatur lanekin beste aldizkari bat eratu zezaketela pentsatu zuten kolaboratzaileekin egindako bilera batean. Pentsa eta egin, biurtekari monografikoaz gain, bihilabetekari literario eta kritiko bat argitaratzeko prest agertu ziren. 1985eko otsailean hasi ziren batzarrak egiten eta uztailean kalean zen aldizkaria. Horrelaxe sortu zen Porrotetik Literatur Gazeta (1985-89).
Ia bi urte pasatu ziren 2. zenbakia (1986ko abuztua) atera zutenerako, eta oraingoan ere oso arrunta ez zen mintzagaia aukeratu zuten: pereza. Koldo Etxabe eta Felipe Juaristi buru, Literatur Gazetako erredakzio taldeko kideak izan zituzten alboan: Mikel Azurmendi, Mikel Lasa, Patxi Apalategi eta Esteban Antxustegi. Horiez gain, beste kolaboratzaile batzuk ere parte hartu zuten ale honetan; horien artean zeuden Pako Aristi, Xabier Olarra, Patziku Perurena, Eloy Santos, Martxelo Otamendi eta Javier Rodriguez del Barrio. Marrazkilariei dagokionez, 1. zenbakiko Natxo Silván eta Pako Nogalesi A. Martinez gehitu zitzaien. Maketaren ardura, beti bezala, Koldo Etxabek zeukan.
Aldizkariak Donostiako La Primitiva Casa Baroja argitaletxearen babesa izan zuen 2. eta 3. zenbakietan eta eurak arduratu ziren aldizkariaren edizioaz. Banaketa, berriz, Zabaltzenek egin zuen. Orrialde kopurua 24ra murriztu zuten, formatuaren tamaina handituz (26x36) eta 400 pezetatan salduz.
Jakitun ziren gai horrek ez zuena prentsa onik, baina editorialean azaldu zutenez, perezaz idatzi zuten norberak hezurren artean ezkutatuta duen bere beste munstroa, bere egoa, agerian uzteko. Lan asko kostatu zitzaien alea egituratu eta osatzea eta Sisiforen zigorra merezi zutela aitortu zuten, perezaz idazten hastea barka zitekeelako baina bukatzea inondik inora ez, horrela perezosoen oinarrizko izaera urratzen baitzuten.
Urtebetera, "Haur gozo horiek" izenburupean, 3. zenbakia (1987ko iraila) plazaratu zuten. Maketatzailea, editorea eta marrazkilariak 2. zenbakiko berdinak izan ziren, A. Martinez izan ezik. Orrialdeak gehitu zituzten (60) eta formatuaren neurria murriztu (17x23,5). Kolaboratzaileak honakoak izan ziren: Esteban Antxustegi, Joxemi Correa, Juan Kruz Igerabide, Mikel Azurmendi, Jesus Peñagarikano, Robert de Nigro, Patxi Apalategi, Javier Mina, Mikel Lasa, Patxi Perurena eta G. Arroyo.
"Zer gertatuko litzateke mundu honetan haurrak nagusi izango balira, boterea beraien esku xumeetan balego, armak eta guztien jabe izango balira?" galderarekin abiatu zuten editoriala. Erantzun gordina eskaini zuten Koldo Etxabe eta Felipe Juaristi editorialgileek: haurrak nagusi izango balira, sarraskia eta hilketa aginduko luketela zioten.
Ia hiru urte ondoren, 1990ko otsailean, kostata izan bazen ere, plazaratu zuten laugarrena eta editorialean agindu zuten moduan, azkena. Aspertuta, nekatuta eta pott eginda zeudela argitu zuten editorialean. 1. zenbakiaren formatura bueltatu ziren (21x30) eta oraingoan Primitiva Casa Barojaren babesik gabe kaleratu zuten aldizkaria. Idazmakina elektrikoz idatzitako orrialdeak 84ra iritsi ziren. Marrazkilarien betiko bikoteri Patxi Epelde gehitu zitzaion eta azaleko argazkia Karlis Medranok egin zuen. Azken ale honetan kolaboratzaileak izan ziren Esteban Antxustegi, G. Arroyo, Mikel Azurmendi, Patxi Apalategi, Patziku Perurena, Joxerra Gartzia, Luis Ispizua, Javier Mina, Mikel Lasa, Inazio Mujika, Xabier Olarra, Juan Kruz Igerabide, Joxean Sagastizabal, Joseba Sarrionandia eta Jesus Peñagarikano.
Etsita amaitu zuten Porroteko eragileek, sasoi hartan literaturaren garrantzia gehiegi puztuta zegoela iritzita. Borondate hutsez literaturaren aldeko apustua egiten zutenak gutxiengo bat zirela pentsatzen zuten eta ez zeukaten horrela segitzerik. Eta "kontra" eginez, gai horixe landu baitzuten azken alean, hasierako lagunek eurek amaiera eman zioten sei urte lehenago hasitako ibilbideari.