Aldizkariak

Garziarena

Gasteiz, 1992-1994

Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek, Maria Garikanok, Ruper Ordorikak eta Jabier Muguruzak "Emak bakia baita" izeneko klub bat sortu zuten 1992ko urtearen amaieran. Man Ray artista eta zinemagile estatubatuarrari zor zaio klubaren izena, izenburu bereko filme bat zuzendu baitzuen Frantzian 1926an eta Iparraldean zuen etxeari izen bera jarri baitzion. Bestalde, Baigorriko etxe bateko armarrian zizelkatutako hitzak erabili zituzten Garziarenakoek euren orriaren azpizenburutzat: "Gutiarekin dugun bakia aski dugula."

Klubak hiru atal autonomo sustatu nahi izan zituen: Garziarena hilabetekariaren edizioa, literatura unibertsaleko itzulpen lanak urtean behin kaleratzea eta disko produkzioa.

Lau orrialdeko Garziarenaren 1. zenbakia 1992ko azaroaren 11n plazaratu zuten Gasteizen. 1992ko abenduaren 4an, berriz, Iruñeako Pamiela argitaletxearekin elkarlanean, Maria Garikanok itzulitako Prosper Mérimée-ren Carmen nobela eta Ruper Ordorikaren lau kantako minikonpakto bat aurkeztu zituzten.

Garziarena "poloniar" erara egina zegoen, euskaraz zein gazteleraz idatzitako testuekin orria ahalik eta gehien aprobetxatuz eta ilustrazio gutxi tartekatuz. Egunkari tamainako (30x41) bi orritan, hilean behin gutxienez, gertuko errealitatea ukitzen zuen edozein gai jorratzeko aukera ematen zuen. Aldizkari bat baino gehiago, euren gogoetak eta kritikak agertzeko topaleku ireki bat eratu nahi izan zuten, eztabaidarako gune bat. Literatura zekarren, baina ez literatura bakarrik. Izatez, ez zen literatur aldizkari bat. Gogoetari aplikatutako literatura zela zioten. Panfletoaren eta boletinaren arteko testuen erakustoki bezala ulertzen zuten Garziarena. Horregatik Garziarenako testuek tonu, forma eta eduki desohikoak zituzten eta, goitizenaren maskararen atzean, testuak intimoagoak eta libreagoak bilakatzen ziren.

Orrian denek "Garziarena" deituraz sinatzen zuten. Goitizenaz baliatzeak edukia zorroztea ekarriko zuela uste zuten, idaztean askatasun handiagoa lortuz, eta era berean, arazoak batere erreparorik gabe tratatu ahal izateko aukera izanik. Hori zela eta, artikuluen %40aren egileak ezezagunak ziren erredakzioko kideentzat. Erredakzioan hamar bat lagunek hartzen zuten parte eta kolaboratzaileak hogei inguru ziren. Idazle berrientzat leku aproposena izan ez arren, batzuentzat lehenengo plaza bilakatu zen. Jabier Muguruzak, esaterako, Garziarenari esker eman zituen literaturgintzan lehenengo pausuak eta handik gutxira, haur eta helduentzako lanak idazteari ekin zion.

Izengoitien eta orriaren izenburuaren jatorria 1950n Donostiako zezen plazan jokatutako lehendabiziko Aizkolarien Txapelketa Nagusia irabazi zuen Martin Garzia "Garziarena" (1927-2005) aizkolari leitzarraren goitizenetik dator.

Garziarena argitalpenak ez zuen inongo diru laguntzarik eskuratu; klubeko 800 lagunek erositako aleen bidez finantzatu zuten orriaren edizioa.

Era guztietako artikulu laburrak bildu zituen orriak: gogoetak, iritziak, kexuak iradokizunak,.... Dena dela, badaude hainbat sail errepikatzen direnak: "Egia ttikien katalogoa" euskararen egoera tamalgarriei buruzko inbentario antzekoa, "Pertsona miresgarrien katalogoa", hedabideetan agertutako artikulu berezia "Ikusi dugu, entzun dugu, jakin dugu" sailean, "Horrela bizi ginen" tartean garai bateko pasadizoak jasoz, Lur Hiztegi Entziklopediako animalia jakinen definizioak, poemaren bat, mezuak, liburu gomendioak,...

Mikel Valverde, Gorka Aginagalde eta Begoña Nogueirasen marrazkiez baliatuz, animaliaren baten presentzia nabarmendu zuten ale bakoitzean: 1. zenbakian, elefantea, 2.ean hipopotamoa, 3.ean errinozeroa, 4.ean igela, 5.ean dortoka, 6.ean azeria, 7.ean. jirafa, 8.ean kangurua, 9.ean denak batera festa giroan, 10.ean ez dago animaliarik eta azkenean, 11.ean. Hola edo Lecturasen azala bailitzan, Garziarenatar printze, duke, aktoresa eta aberaskumeen azken berriak ageri dira.

1994ko ekainaren 11n, hilabete bakoitzeko 11. egunean 11 ale plazaratu ostean, amaitu zuen Garziarena orriak bere ibilbidea. Ortodoxiatik aldenduz, horrek suposatzen duen guztiarekin, lortu zuen Garziarenak gogoetarako eta eztabaidarako leku bat egituratzea, bertan aurkeztu zituzten gai ezberdinek klubaren markoa zeharkatzerik lortu ez zuten arren.