Kontzeptua

Lekeitioko Antzar Eguna

Jaietan animaliak korritzea oso ohitura zaharra izan da. Animaliekin egiten diren jokoak izendatzeko gaztelaniaz 'correr' hitza erabiltzen dela azpimarratzea interesgarria da, nahiz eta hainbat kasutan animaliek korrika ez egin, zezenek korrika egiten duten bezala behintzat ez. Antzarrak korritzen direla esaterakoan horrela gertatzen da, izan ere soka batetik zintzilik daude, baina korritzen dutenak haien azpitik zaldi baten gainean edo, Lekeitioko marinel-hiribilduan bezala, ur gainetik txalupa batean ibiltzen direnak dira. Burua bakarrik kanpoan utzita lurperatzen dituzten oilar korrituak ere finko daude eta ez dira mugitzen. Jarrian gizaseme batek begiak estalita dituela, zentzuzko epe batean, horien lepoa mozten saiatzen da.

Oraindik ere, Bizkaiko hainbat herritan ohitura hori mantentzen da: Markinan antzarrak zaldi baten gainean korritzen dira, Ermuan eta Gernikan tradizioaren muina oilarrak dira, eta Lekeition jokalariak txalupan doaz unamatik eskegitako antzarrak harrapatzera. Aipatutako lehen herrietan joko hauetarako egokitzat jo ditzakegun garaian egiten dira, hots Inauterietan. Markinako akta batek eskegitako animalien jokoari buruzko honako deskribapena egiten du: udalak antzarren gastua ordaindu eta

"enparantzan eskegiko ditu jendeak zaldiekin arrapaladan agertuz animalien lepoak mozteko eta hori egitea lortzen duenari antzarra emango zaio".1

(Itzulpena gazteleratik moldatua).



Egun animaliak korritzerakoan ez dituzte hiltzen. Lurperatzen dituzten oilarren kasuan, orain ezpatarekin beren burua ukitu baino ez diete egiten, edo lurrean dagoen burua egurrezkoa da. Antzarrak, berriz, unamatik eskegi aurretik hilda daude.

Gaur egun, Lekeition antzar jokoa portuan egiten dute, baina beste batzuetan plazan egin izan da, Inauteri garaian. XIX. mende hasieran udalak egindako ordainketa batzuetan antzarrak ekarri, eskegi eta mokaduak eman zizkietela jasota dago,

"zaldiz antzarrak korritzera ateratako lagunei".2

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Joko hau Aratuste garaian praktikatzen zela erakusten duten datuak ez dira asko. Herriko jaietan portuan txalupen gainean egiten zutela dioten erreferentziak zaharragoak eta ugariagoak dira.

Historikoki beste leku batzuetan antzarrak ur gainean ere korritzen zituztela aipatzen da. Manuel de Larramendik esate baterako, Gipuzkoako Pasaia herrian egiten zutela dio, bertako herritarrak trebetasun handiz jokatzen zutela azpimarratuz3. Era berean, Europako beste herri batzuetan ere mota horretako jokoak egin izan dituzte.4 XVIII. mende bukaerako datu batek Bilbon itsasadarrean animalia horiekin egindako festari buruz hitz egiten digu. Dena dela, informazio gehien eskaintzen digun lekua Lekeitio dugu. Gaur egun hiribildu hartan festa hori ospatzen jarraitzen dute, Antzar eguna esaten dioten egunean alegia. San Antolinen omenezko herriko jaietan, irailean, antzarrak korritzeko tradizioa mantentzen da.

Kasu horretan ez dituzte zaldi baten gainean korritzen, portuko uretan baizik, eta parte hartzaileek animaliarekin duten kontaktua handiagoa da. Izan ere, txalupako 'zaldizkoak' animaliari heltzerakoan bere zela utzi egiten du. Antzarra eskegita dagoen unama sostengatzen dutenen lanaren ondorioz portuko uretan bortizki murgildu arren, animaliaren lepoari eusten ahalegintzen da5. Zaldiaren gainean praktikatzen den jokoan, gizasemea gelditzen ez den zaldiaren gainean mantentzen da, eta sokatik finko eskegitako antzarrarekin duen kontaktua oso txikia da.

Tradizioaren jatorria aspaldi kokatu behar badugu ere, Lekeitioko artxiboetan aurkitutako lehendabiziko informazioa 1631koa da, abuztuko Ama Birjinaren omenezko jaietan antzarrak erosi zituztela adieraziz . Hurrengo urteetan ordainketak errepikatzen dira, eta batzuetan antzarrak Lumoko (Gernika) elizatetik edo Markinako hiribildu hurbiletik ekartzen zituzten. Garai hartan Ama Birjinaren eta San Rokeren omenezko herriko jaiak abuztuko 15ean eta 16an ospatzen ziren. Animaliak korritzen zituzten marinelentzako freskagarriak ere ez ziren falta, jokoa ur gainean egiten zela erakutsiz.

Orain arte animaliak herriko jaiak ospatzeko korritzen zituztela ikusi dugu, baina 1722an beste arrazoi bat aurkitzen dugu. Apezpikuaren etorrera ospatzeko egiten ziren, udalak egindako ordainketa batean argi eta garbi jasota dagoen bezala:

"Gotzaina hiribilduan egondako denboran lau antzar korritu zituzten".6

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Urte horretako beste ordainketa batzuetan korritzea egindako moduari buruzko zehaztapenak aurkitzen ditugu. Gauzak horrela, animaliak korritzeko hiru txalupa egon zirela eta gizon batzuk itsasontzi batean hurrengoa egin zutela dio:

"korritzea egiteko unamak prestatu eta bota".

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Ziurtagiri horiei esker badakigu garai hartan jokoa gaur egun bezala egiten zela.

1740. urtearen inguruan egindako hiribilduaren deskribapen labur baten arabera, mende horren hasieran aurrerantzean herribilduko patroia nor izango zen zozkatu zuten. Bi aukera zeuden, San Roke eta San Antolin, eta azkenean zoriak bigarrena izatea erabaki zuen7. 1704ean, parrokian santuaren imajinarik ez zegoenez, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz alkateak Valladoliden egindako San Antolinen eskultura bat oparitu zion herriari elizan jartzeko8. Horri dagokionez, hurrengo urteko festen gastuak zehazterakoan lehendabizi San Roke idatzi zutela adierazgarria da. Gero San Roke ezabatu eta San Antolin jarri zuten. Ordura arte gastuak San Roke eguneko jaietakoak zirela kontuan izan behar da. Orduz geroztik eta gaur egun arte, jokoa San Antolin Lekeitioko patroiaren omenezko jaietan, irailaren 2an, egiten da.

XVII. eta XIX. mendeetan zehar antzar egunetan gastatutakoari buruzko udal txostenak aztertuz, animaliak non eta nola korritzen zituzten zehaztu ahal dugu. Antzarrak erosteko ordainketak, zutoina nasan eta antzarrak jartzen zituzten gizonei ordaindutakoa, itsasaldean soka mantentzen zituzten gizonei ordaindutakoa, animaliak korritzerakoan hautsitako mastaren kostua, antzarrak korritu zituzten txalupei ordaindutakoa eta txalupetako tripulatzaileei emandako mokaduen gastuak jasotzen ziren, besteak beste. Urteren batean txalupan musikariak eramateko ordaintzen da. Gaur egun arte horrela jarraitu du.

San Antolin jaietako programaren barruan "Antzar eguna" zein egunetan ospatuko den zehazten da. Orokorrean irailaren 5ean izaten da, beti ere egun hori larunbata edo igandea ez bada. Kasu horretan, herria kolapsatuko zukeen jendetza ekiditeko, beste lanegun batean egiten dute. Aurretik urteko beste egunetan Lea ibaiaren ertzetan egoten diren txalupak prestatzen dituzte, baita antzarrak jartzen diren unamaren muturretako bat hartzen duen itsasontzia ere. Beste kaian zutoin metaliko finko bat dago. Horren goiko aldetik aipatutako unama pasatzen da eta horren mutur bati eusten, tiratzaile talde bat dago. Lagun talde horrek tira egiten duenean, antzarrari lepotik eusten dion "korritzailea" uretik atera eta gora eta behera ibiltzea lortzen du.



Bere burua preziatzen duen gazte orok antzarrak hartzera ateratako txaluparen batean lekua aurkitu behar du. Egun txalupa horietan jende asko joaten da, festan parte hartu nahi duten pertsonen kopurua garrantzitsua baita. Jaia eguerdiko hamabietan hasten da, txalupak aterako diren ordena zozketatuz. Ordu horretatik aurrera eta antzarren korritzea hasi arte, normalean hirurak edo laurak aldera, itsasaldiaren arabera, herritar guztiak kaleetatik ibiltzen dira giro paregabeaz gozatzen. Pixkanaka, ordua hurbiltzen doan heinean, beharrezko elementu guztiak jartzen joaten dira. Aldi berean, antzarrak eskegita joango diren unamatik tira egingo duten gizonak dagokien lekuan jartzen dira. Txalupak ere, jokoan parte hartzeko egokitu zaien ordenean, heltzen hasten dira.

Kaietara ikusleak hurbiltzen hasi eta ezarritako orduan jokoa hasten da. Gutxira, jokaleku guztia, portua zein kaiak, jendez betetzen da, koadrila bakoitzak antzarrak harrapatzeko aukeratutako pertsonek haien animoak jasoz. Animalien lepoei helduta, korridoreek gora egiten dute berehala uretan bortizki murgilduz. Jendeak parte-hartzaile bakoitza gora eta behera zenbat aldiz egiteko gai den kontatzen du. Jasoaldi gehien egiten duenak txalo-zaparradarik handiena jasotzen du, garaikurrik lortu ez arren. Izan ere, garaikurra animaliaren buruarekin gelditzen denari ematen diote. Hau gertatzerakoan poztasun oihuak entzuten dira, batez ere korridorearen txalupako kideenak. Horietako askok, antzarraren buruarekin geratuz jokoaren garaikurrik handiera lortu dutela ospatzeko, uretara jauzi egiten dute. Azkenean, gazteria osoak portuko uretara salto egiten amaitzen du. Egun horretako jai giroa inon aurki dezakegun bikainenetakoa da. Gaur egun jokoa aldez aurretik hildako antzarrekin praktikatzen dela gaineratu behar dugu.

Animaliak korritzearen ikuskizunari portutik ateratzen den nasapuntakoak jarraitzen dio. Udal agiritegian duela urte askotik zapiari eta nasapuntako zihatuaren puntan jarritako sariei buruzko ordainketak aurki ditzakegu.

Joko honetan tradizioa eta, egungo gizartean ohikoak diren festekin alderatuz, originaltasuna uztartzen dira. Adiskidetasun atsegina lantzeko eguna da, herritar guztien partaidetza dagoelarik. Ikuskizunaren muina antzarrak dira, dagoeneko arbasoek praktikatutako jokoa, eta herritar gehienen aburuz antolatzen jarraitu behar da, tradizioa ez eteteko.

1MARKINA-XEMEINGO UDAL-AGIRITEGIA. Anteiglesia de Xemein. Libro de Actas. 1881eko irailaren 25eko akta.

2LEKEITIOKO UDAL-AGIRITEGIA. Cuadernillo de documentos. Sarrerak eta gastuak. 2. ordainagiria.

3LARRAMENDI, Manuel de. Corografía de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa. Buenos Aires, 1950, 236. or. /LARRAMENDI, Manuel de. Corografía de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa. Buenos Aires, 1950, p. 236.

4BILBOKO UDAL-AGIRITEGIA. Libro Cofradía del Santísimo Sacramento. San Antón. Kontuak (1654-1749). Sig. Zaharra 159/001/001. 1696ko kontuak.

5LEKEITIOKO ANDRA MARI PARROKIA. Libro de Fábrica (1627-1678). Sig. 30-1. B.E.H.A.-Derio. 19. or..

6LEKEITIOKO UDAL-AGIRITEGIA. Kontu-liburua (1721-1751). 1722ko kontuak, 47. zk..

7DESCRIPCIÓN SUMARIA DE LA VILLA DE LEQUEITIO. Estudios Vizcaínos 2. zk. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea., 269. or..

8LEKEITIOKO UDAL-AGIRITEGIA. Kontu-liburua (1684-1744). 161. or.