Olerkariak

Otxoteko Vaquero, Pello

Euskarazko idazlea, Irunen (Gipuzkoa) jaio zen 1970eko otsailaren 5ean.

Biologi Zientzietan lizentziatu da eta bigarren hezkuntzako irakasle gisa lan egiten du. Gaztetxoa zela, bertso idatzien Xenpelar saria irabazi zuen 1984an. Hurrengo urtean, Bidasoako bertso idatzien lehen sariketa. Gero olerkiak idazten hasi zen, eta 1987tik 1992ra Irungo "Plazara" aldizkarian hainbat argitaratu zituen.

1997an bigarren geratu zen Pasaiako Udalak antolatzen duen Pasaia Hiria poesia lehiaketan. Hurrengo urtean Lasarte-Oriako Udalaren saria irabazi zuen, poesia modalitatean ere.

Bere lehen liburua Haraindiko begiraden bila (Bermingham, 1999) izan zen. Jon Kortazar kritikariak honako hau idatzi zuen poema-liburu honi buruz Euskal poesiaren kritika (Olerti Etxea, 2001) lanean: "Itxura erabat sinbolista duen liburua da, eta izenburuan bertan daude sinbolismoaren metafora garrantzitsuenak".

Gero, Itzalaren ñabarduretan (Hiria, 2001) liburua argitaratu zuen. Aurkezpenean azaldu zuenez, liburua "barne bidaia bat da, introspekzio bat eta kanpo munduan erdi ezkutuan dauden gauza, ekintza eta sentimenduetan arakatzea". Asko erabiltzen du itzalaren sinboloa, esanahi asko emanez. Hutsunea ere maiz agertzen da, hutsunea, "itzalaren egonlekua dena".