Politikari eta diplomazialari gipuzkoarra.
Marcelino Oreja Elosegui Gorte tradizionalistako diputatuaren eta Pureza Aguirre Isasiren semea. Madrilen jaio zen 1935eko otsailaren 13an. Donostiako Jesuitetan egin zituen batxilergoko ikasketak. Zuzenbidean doktoratu zen, aparteko sariarekin, eta Bonneko Unibertsitatean eta Hagako Nazioarteko Zuzenbideko Ikerketa Zentroan zabaldu zituen ikasketak. 1962an, Kanpo Arazoetako Ministerioko Kabinete Teknikoko zuzendaria izan zen. Nazioarteko Zuzenbideko irakasle atxikia Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1971).
1971ko urrian Mugimenduko kontseilari nazional eta Gorteetako prokuradore izendatu zuten. 1974an, Informazio eta Turismoko idazkariorde izendatu zuten. Propagandisten Elkarte Katolikotik zetorren, eta "Tazito" taldeko kide izan zen. 1975 eta 1976 artean Gipuzkoako probintzian jardun zuen ekonomia eta enpresa arloan. 1975ean Kanpo Arazoetarako idazkariorde izendatu zuten, eta handik gutxira Kanpo Arazoetarako ministro Suarezen kabinetean. Merkatu Bateratuarekin elkarrizketak ireki zituen, Mexiko eta SESBekin harremanak berrezarri zituen, eta abar. Senataria izan zen 1977an, eta 1979an UCDko diputatu hautatu zuten Gipuzkoan. 1980tik 1983ra bitartean Euskadiko Gobernuko ordezkari nagusi izendatu zuten, ministro kargua utzi ondoren. 1982ko urriaren 28ko Hauteskunde Orokorretan Arabako diputatu aukeratua (PDP-PDL-UCD-AP), EAEko UCDko presidentea izanik. 1983an APn sartu zen. 1984an, Europako Kontseiluko kide hautatu zuten; 1984ko maiatzaren 9an, Kontseiluko Idazkari Nagusi. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea (1974).