Aldizkariak

Stultifera Navis

Gasteiz, 1982-1983

1980/81. ikasturtean, Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultatean literatur tailer bat abian jartzeko ideia eta beharra piztu zitzaien Carlos Blanco Aguinaga literatur kritikako irakaslearen ikasleei. Ariketa modura, klase-orduetatik kanpo eta modu paraleloan eginiko bilkurak antolatu zituzten. Hamabost bat laguneko literaturtegi hartan irakurritako liburuak aztertzen zituzten eta eurek eginiko ipuin eta poemak irakurtzen. Tertuliak ere egiten zituzten. Bilerak fakultatean bertan egiten ziren eta ikasleez gain hainbat irakaslek ere parte hartzen zuten, batez ere goian aipatutako Carlos Blancok eta Jon Juaristik.

Ikasturte horretan zehar tailerrean eginiko idazlanak bildu eta argitalpen bat egitea proposatu zuen Jose Antonio Blanco ikasleak. Ez zuten hurrengo ikasturtera arte ideia burutuko. Stultifera Navisen 1. zenbakia 1982ko urtarrilean kaleratu zuten literaturtegian sortutako aukeraketa batekin.

Oso medio urriz egina zegoen aldizkaria: eskuz grapatutako folio fotokopiatuak (21,4x31,4) eta aurkezpenean zioten bezala, azkena izateko arriskuz. Ez zuten inolako diru-laguntzarik jaso 650 aleko tirada egiteko. 75 pezeten truke, unibertsitatean bertan banatu zen gehien bat idazmakinaz idatzitako 40 orrialdeko orri-sorta hura. Diseinua, maketazioa eta azala Jose Antonio Blanco sustatzaileak egin zituen.

Eroen herrialdera itsasbidaia irudikatzen duen 1549ko grabatua erabili zuten errebistaren azalerako. Hortik datorkio izenburua aldizkariari: ergelkeria eta erokeria mota desberdinak kritikatuz eta garaiko bizioak salatuz, 1494an, Basilean (Suitza) Sebastian Brant teologo eta legegizonak alemanez idatzitako Das Narrenschiff obraren latineranzko itzulpena da Stultifera Navis (Eroen Itsasontzia).

Aldizkaria elebiduna zen eta poemak eta narrazioak ziren nagusi. Komikiak ere bai tarteka, adibidetarako Jose Antonio Blancoren hitzekin Jon Juaristik marraztutako "Tamara" komikia. Kolaboratzaileen artean Filologia desberdinetako eta Historiako ikasle zein irakasleak zeuden: Itziar Laka, Iñaki López de Aberasturi, Jon Juaristi, Carlos Blanco, Eli Tolaretxipi, Jose A. Blanco eta Xabier Etxaniz Erle.

2. zenbakia urtebetera kaleratu zuten, 1983ko martxoan. Lehenengo zenbakiaren formatu erdia erabili zuten (15'5 x 21'5), hamasei orrialde gehituz. Aurreko kolaboratzaileei Blanca Urgell, Koldo Biguri, Joseba Lakarra eta María Busto gehitu zitzaizkien. Narrazioak, poemak, liburuen iruzkinak eta Txillardegiri egindako elkarrizketa ageri dira, oraingoan ere elebitan.

Ez zuten aldizkaria egin euren lanak argitaratu ahal izateko, bazuten horretarako bestelako aukerarik, literaturtegiko lanen bilduma zen. Eta sortu zen toki berean, unibertsitatean, amaitu zuen bere ibilbidea 2. zenbakiaren batera.

Aldizkariaren eragile nagusienek bide desberdinak hartu zituzten: José Antonio Blancok Salida a los recreos. Bestiario dependiente de la Facul fanzine klandestinoarekin segitu zuen eta beste literaturazale batzuekin, tartean Stultifera Naviseko Itziar Lakarekin, Fílulas de Cariaconcia kaleratu zuen 1985ean; Xabier Etxanizek, bere aldetik, Manu Lopez, Jon Iñaki Lasa, Julen Arriolabengoa eta Tere Irastortzarekin batera Kandela taldea eta aldizkaria sortu zuen 1983an bertan.